INFO
Argazkiak: Iñaki Atxa Aranburu

Iñaki Atxa Aranburu, basabizitzaren lekuko isila


Oihan barruan ikusezin bihurtzea lortzen du Iñaki Atxa Aranburuk. Lotan dagoela hartzaren pausoak hurbiltzen sumatzen ditu. 20 zentimetroko pareta mehe bat baino ez bera eta 600 kilo inguruko animaliatzarraren artean. Adrenalina topera.

Finlandiako Khumo eskualdean daudenen gisako gordelekuek ahalmen hori ematen dute, molestatu gabe animalia basatiek beren egunerokoa modu naturalean nola egiten duten behatu eta dokumentatzekoa. Isilean ematen dituen ordu luzeetan, Iñaki Atxa Aranburuk (Elizondo, 1981) bere barnea aztertzeko astia ere badu. Hor dago naturan, ‘ttak!’, bat-batean txori bat agertzen da. Tarte batera azeri bat ikusten du sagu bila. Gero okilak. Natura basatia hagitz bizia da eta berarekin konektatze horrek dena ematen dio argazkilariari.

Ilusioz esperatutako animalia aitzinean ikustean hagitz urduri jartzen da. «Emozioa da, bihotz taupadak azkartzen dira». Hartz misteriotsuekin bezala, hemengo kataburtxintxa jostalariekin. «Hegazti batzuek inpresionatzen naute, tamainagatik edo desagertzeko puntuan daudelako. Baina ugaztunekin badut konexio berezi bat. Zentzumenak oso garatuak dituzte eta haiengana iristea arras-arras zaila da. Erronka horrek tiratzen nau», adierazi du.

Boladan dagoen ehiza argazkilaritza egiten du pasio duelako, eta bertze helburu bat izaten ahal duela ikusi du: jeneralean nahiko aparte utzia dugun natura jendeari «hurbiltzea, ezagutuz errespetatzeko eta errespetatzetik babestera pasatzeko».

Berako erakusketa. Martxotik maiatzera Beran zabaldutako ‘Basabizitza’ erakusketa bisitatuta ezagutu dugu Atxaren lana, herrikide aunitzek bezala. Animalia basatiak eta haiek bizi diren ingurunearen dozena bat argazki handi, laminak eta bideo bat erakutsi zituen Labiaga Ikastolan, eta harrera bikaina izan zen. «Badaramatzat urte batzuk hemen bizitzen eta jendea bistaz ezagutzen dut. Kaletik gelditu izan naute ‘ze argazki politak!’ erranez. Ohiko galderak ere bai: ‘Hartzek ez dizute beldurrik ematen?’. Herrian laketzeko balio izan dit eta arras kontent nago. Argazki andana bat ere saldu ditut; ez da ohikoa. Pozik nago ikastolako haur guztiak pasatu direlako ere. Eskola publikotik gela batzuk pasatu dira, zahar etxekoek bisitatu dute, eta jendeak. Mugak ireki ziren arte Nafarroatik etorri ziren, eta gero Iparralde, Gipuzkoa eta Bizkaitik ere bai».

Nahiko luke erakusketa mugitu eta irekia dago interesa duenarentzat. Afera da normalki inguruko kultur etxeetan norberak zaindu behar duela erakusketa, eta berak ez du astirik horretarako. «Ikastolakoa gozamena izan zen, beraiek zaindu zutelako».

Iñaki Atxak badu halako maitasun edo fijazio bat hartzekin eta irailean Finlandiara joateko proiektua du. Han, bera eurengana iritsi beharrean haiek iristen dira beregana. Irudiko hartzak Finlandiakoak dira.

 

«Nire hartzak berriz ere». Irailaren bukaeran Finlandiara bidaiatzeko proiektua du, baina covida dela-eta ez da segurua. Animalia zehatzen bila joan ohi da, eta buruan zein duen galdetu diogunean ilusio irri bat atera zaio: «Nire hartzak berriz ere. Badut halako maitasun, fijazio bat; iman bat bezala erakartzen naute. Gaur egun hartz basati bat libre ikusteko leku egokienetako bat Finlandia da. Herrialde horrek txundituta nauka».

Argazki bakoitzaren atzean istorio bat dago. Eta argazkiak nola ateratzen dituen azaltzeko gibelera eginen dugu. «Hasieran Google erabiltzen nuen», aitortu du. «Zerbaiti atera nahi dizkiozulako argazkiak, baina ez dakizulako non. Hartzen bila Espainian, Kantauriar mendikatean hasi nintzen, eta ikusi ikusten nituen, baina kilometro batera. Esperientzia bezala polita bazen ere, argazkiak ez ziren onak, nahiz eta teleobjektiboak eraman. Izan ere, hartza 20-25 metrotan egotea behar dut».

«Eta nola iristen zara haiengana?», jakin nahi izan dugu. «Beraiek iristen dira nigana», bere arrapostua, barre bihurri batekin, misterioa handituz. Finlandia egokia da horretarako. «Bertako Khumo eskualdean, Errusiarekin mugan, parke natural bat dago. Antzina, base militar bat zegoen han muga zaintzeko. Gero hutsik gelditu zen eta biologo bikote bat hartzak ikertzen hasi zen, populazio handia zegoela ohartuta. Kanpamentu bat behar zutela konturatu ziren eta base militarra ikusi zuten. Bungalow erraldoi bat da, zurezko eraikin bat. Erosi egin zuten eta basetik bi kilometrora, hartzak mugitzen ziren eremuan, ezkutaleku txiki bat egin zuten. Hor egoten ziren orduak eta orduak hartzak zelatatzen eta apunteak hartzen. Argazkilari eta dokumentalgile batzuek horren berri izan zuten eta ezkutaleku txiki horretatik grabatzen hasi ziren. Biologoek gero eta eskaera handiagoa zuten eta diru iturri bat topatu zuten. Gordeleku gehiago egin zituzten, oihanean sakabanatuak, baimen guztiekin beti. Baldintzak paratzen dizkizute hartzak ez molestatzeko, eta betetzen badituzu aukera duzu gordeleku horietara joateko».

Bertan ezkutatzen da Atxa eta momenturen batean posible da hartz bat hagitz-hagitz hurbil pasatzea. Ez dakite hor dagoela eta natural portatzen dira, beren bizitza egiten dute lasai-lasai. Basabizitza hori islatzea da argazki eta bideoetan bilatzen duena. «Gaur egungo argazki kamerek arras kalitate oneko bideoak egiteko aukera ematen dute eta behin argazkia dudanean bideoak grabatzen ditut».

Gordelekuan 17-18 ordu ematen ditu, garaiaren arabera. «Mahai honen tamainakoa da ezkutalekua. Kabina baten antzekoa», azaldu digu elkarrizketa egiteko elkartu garen terrazako mahaia seinalatuz. «Bi modutan egiten ahal duzu: animalien bila joaten ahal zara, baina espezie babestua bada ez dizute baimenik emanen. Hartza babestua da eta egin dezakezu, baina distantzia handietan. Beste bidea da halako gordelekuak erabiltzea. Finlandian, 160 euro dira eguna, janaria barne. Kafe batek 8 euro balio dituen herrialdea izateko, egiteko modukoa iruditzen zait».

Kataburtxintxa.

 

Ilunabarrean edo argi hastean. Ondokoak dira Khumoko biologoek jartzen dituzten baldintzak: arratsaldeko lauretan sartzen zara gordelekuan. Ezin duzu solas egin, eta ezin zara inondik inora bertatik atera biharamuneko goizeko zazpiak arte. «Badakite, esperientziagatik, hartzak ilunabarra baino ordu erdi-ordubete lehenago ateratzen direla, orduan bi orduko tartea duzu hartzik ikusi gabe. Seietatik zazpietara hasten da mugimendua. Zortea baduzu argi onarekin pasatuko dira zure aurretik; edo ez. Hortaz, ez gara egun baterako joaten, zazpi egunetarako baizik, aukera gehiago izateko. Gau guztia ematen dute janari bila edo beren zereginetan, eta argitu bezala oihanera erretiratzen dira atseden hartzera. Lehenbiziko argi horiekin ere aukera duzu argazkiren bat ateratzeko».

«Bi egun egon bazara etxolan itxaroten, egun bakoitzean 18 ordu, eta ez baduzu hartzik ikusi, hirugarrenean agertzen denean erabat konpentsatzen du», baieztatu du.

«Arratsaldeko zazpi eta erdietarako ilun-iluna dago eta ezin duzu argirik piztu. Literatxoan sartu behar duzu zakuarekin. Irailean zero azpiko tenperaturak egiten ditu. Goizean putzuak hormatuak zeuden. Iratzargailua isilean jartzen nuen, bibrazioarekin, goizeko bost eta erdiak aldera. Poliki-poliki kamera prestatu eta argitzera itxoiten nuen jarrita. Argi hasteak zoragarriak dira eta disfrute bat da. Zazpi goizez egon nintzen eta ez nuen hartzik ikusi ezta goiz batez ere. Beti ilunabarretan ikusi nituen», kontatu du.

Iñaki Atxa,  Finlandiako oihanean. Bertatik ordu eta erdira dago lehenbiziko herrixka. «Erabat naturan galduta» dago, eta hori maite du elizondoarrak.

 

«Aglomeratuzko etxolak dira. Gure usaina hoditeria batzuetatik ateratzen da, zuhaitz bati lotuta 20 metrora arte. Paisaia lau-laua denez hartzek ez dute usaintzen. Orduan, berez ez dakite hor zaudela… ez baduzu hanburgesa bat jaten». Irri egiten du. 20-25 urtean ez da ezbeharrik izan, baina 600 bat kiloko animaliatzarrak dira, %80an orojaleak, eta haragiari ez diote ezetz erraten. Hortaz, begi bat irekia eta bertzea itxia egiten du lo. Hontzak eta bertze animaliak aditzen ditu. Sekulako soinu pila gauean. Egunez aunitzez gutxiago dago.

Etxe inguruan ere, Bertizen, Artesiagan edo Kinton, gustura egoten da argazkilari nafarra, baina, dioenez, beti dago «zibilizaziotik hurbil». Aldiz, Finlandiako eremu horretan lehenbiziko herrixka ordu eta erdira dago. «Erabat naturan galduta zaude, eta hori da polita. Ez dago gizakiaren inongo aztarnarik eta isiltasuna ikaragarria da».

Esplikatu duenez, lur orotariko auto batean iristen da. Biologoak arduratzen dira guztiaz. Helsinkin lurreratu eta bertatik trenez, autoz edo hegazkinez joan daiteke bertze aireportu txiki batera. Biologoek han jasotzen dute eta eurekin egiten du oinarrizko kanpamenturako bidea. Handik etxoletara oinez joaten da. Astuna egiten zaio bide hori, ekipamendu guztiarekin egin behar delako, baina ilusioz doa.

Elizondoarra 2014an joan zen lehenengoz, ekainean. «24 orduz argi zegoen. Kotoia zegoen, belardi guztiak zuri-zuri. Paisaia hori udazken koloreekin irudikatu nuen eta 2018ko udazkenean itzuli nintzen. Asmatu nuen: zoragarri zegoen, kontrastez betea», oroitu du.

Finlandiako Urubia Laponiarra.

 

Elizondoko erakusketa batek inspiratuta. Txikitatik gustatu zaizkio Iñaki Atxari natura eta animaliak. La2 telebista kateko dokumentalak ikusi izan ditu urteetan eta barruko sentimendu bat piztu izan zaio. «Zer zortea kamerari horiek», zioen, baina ez zekien nola eginen zuten. Duela 10-11 urte argazkilaritzan hasi zen, kasualitatez. 18 urtetatik ari da Xaloa telebistarendako lanean, batez ere kamerari eta editatzaile, eta egun batean Elizondoko argazki erakusketa bat grabatzera joan ziren. Berakoaren antzekoa zen, animalia basatien ingurukoa. Ander Olaizola Goizuetako argazkilaria elkarrizketatu zuten eta bere hitzek begiak ireki zizkioten.

«Goizuetako gazte batek ahal du; Elizondoko batek agian ere bai!», pentsatu zuen. «Lankide batek argazki kamera bat eskaini zidan eta erosi egin nuen. Nire kabuz ikasi nuen puntu bat arte. Ikusi nuen ez nuela aitzinera segitzen eta ikastaro bat egitea erabaki nuen. Ordurako banuen eredu bat, Nafarroako Bakartxo Aniz. Batez ere ugatzaren sekulako argazkiak zituen. Ikastaro bat ematen zuela ikusi nuen, Larraunen, parte hartu nuen eta berari zor diot bertze pauso hori. Pila bat ikasi nuen eta irailean berarekin noa Finlandiara. Lagun handiak gara, natur argazkilaritzak batu gaitu».

Poloniako itsas arranoa.

 

Ehiza argazkilaritzaren booma. Euskal Herrian, orein bati argazkiak atera nahi badizkio, non dauden galdezka hasten da. «Paradoxa dirudi, baina ehiztariek badakite eta gure ingurua ehiztariz betea dago. Oreinak dabiltzan zantzuak ikusten baditut, arratsalde batez joaten naiz, sasi tartean ezkutatzen naiz eta itxaron egiten dut. Atzetik abiatuz gero, gizakiak oso baldarrak gara eta segituan nabarituko lukete. Hemen oreinekin lau urte daramatzat aztarnak dauden lekuetan eta aurten atera ditut lehenbiziko argazkiak. Badakit hor daudela egunero, baina ez da erraza. Beldur handia diote gizakiari. Finlandian, berriz, hagitz lasai daude».

Finlandiakoaren gisako ezkutalekuen boom bat gertatu da. «Zorionez, eskopeten partez argazki kamera aunitz erosten dira. Ehiza argazkilaritza deitzen zaio modalitate honi. Eta mundu osoan daude halako gordelekuak. Kanpotik ikusita ez du ematen, baina Nafarroan hogei lagun inguru egonen gara horrelako argazkiak egiten».

Nafarroan egin du, adibidez, lepahoriaren argazkia. «Gordeleku komertzialak dira. Atzetik biologo bat dago, dena errespetu osoz egiten duena. Berak erakartzen du animalia uraren bidez eta eskura uzten dizu. ‘Monoa’ dudanean ordaindu eta horietara joaten naiz. Horrek ez du erran nahi argazkiekin itzuliko naizenik. Animalia basatiak dira eta agertu ahal dira edo ez. Martarendako bospasei aldiz joan naiz eta azkenean atera dut argazkia». Argazkirik gabe itzultzean pena hartzen du, diruaz aparte ordu batzuk inbertitu ditu, baina «jokoaren parte» dela ulertzen du. «Hori da polita. Bestela Cabarcenora joanen nintzateke. Baina hango animalien begirada ez da berdina. Are gehiago, preso dagoen animalia bati ez dut uste inoiz argazkirik aterako diodanik». Orduan, argazkirik lortzen ez duenetan triste baina gogotsu itzultzen da, «hurrengoan bai», erranez. «Egun horretan sei ordu egon naiz lasai, naturan. Niretako astia izan dut eta hori eramaten dut. Hori bada», azpimarratu du.

Finlandiako otsoa, argazkilariaren gordelekutik hurbil-hurbil lotarako prest. Han pasatuko luke gaua hartzek uxatu ez balute.

 

Otso bat lotarako prestatzen aski hurbil. Otsoen argazkiak egiten Kantauriar mendikatean hasi zen. Bakartxo Anizekin bidaiatu zuen hara eta bederatzi otso ikusi zituzten. «Lasai-lasai zeuden, jan berriak zirela nabari zen, sabela puztuta zuten. Sei-zazpi orduz gozatu genuen beraiez. Bertako gida bat kontratatu genuen eta ibiliz eta ibiliz bailara ezkutu batzuetara iritsi ginen azkenean. Urrun gelditu ginen, molestatu gabe».

Ezustea izan zuen duela hiru urte Finlandian. «Aukera bada otsoak ikusteko, baina ez da erraza. Hartzen lur eremua ez da hain handia baina otsoena arras-arras zabala da. Biologoak erraten zuen otsoak astean behin edo hamar egunez behin pasatzen direla. Eta, kasualitatez, hiru egunez jarraian otso bat ikusi nuen. Gainera, egun batean lotan gelditu zen hurbil-hurbil. Pasatu zen hartz bat etorri zela kumeekin eta uxatu zuela, bestela hor pasako zuen gaua».

Kataluniako oreina orroaldian.

 

Bilakaera. Duela hamarkada bat argazkiak egiten hasi zenetik, lau ekipo erabili ditu Atxak. Aipatu dugunez, bere modalitatean iluntzean eta egunsentian egiten da lan aunitz. «Hegaztiak edozein ordutan atera ditzakezu baina ugaztunekin beti argia eskas, eta argazkiak argia behar du. Mugimenduan dagoen zerbait izozteko are gehiago», azaldu du. «Ekipo zaharrei kostatzen zitzaien eta zarata pila ateratzen zen. Hori hobetzen joan da. Teleobjektibo hobeak ere erosi ditut. Hortaz, hasierako argazki batek eta oraingo batek ez dute zerikusirik kalitatean. Gaurkoek azkarrago enfokatzen dute, subjektua segitzen dute, eta leherketa modua azkarragoa da. Lehenbiziko kamerak hiru argazki egiten zituen segundoko eta, oraingoak, hamalau. Aukera gehiago dituzu etxera argazki on batekin itzultzeko».

Yellowstone bezalako parke nazional batean, animaliak hain ohituak daude jendearen presentziara, beti distantzia bat mantentzen badute ere, oso erraza dela argazkiak egitea. «Ez dizut erranen Cabarcenon egotea dela, egiaz aske baitaude, eta Yellowstonek Nafarroaren tamaina baitu. Baina ‘errazegia’ da», adierazi du elizondoarrak irribarrez. Halere, «argazki arras onekin etortzen ahal zara. Paisaiek bertze mundu bat ematen dute: geiserrak, landa eremu handiak, mendikate erraldoiak… Abuztu hasieran egon nintzen eta jendez lepo zegoen. Itzultzen banaiz, neguan izanen da, inor ez dagoenean. Garestiegi da harat bidaiatzea, ordea».

Euskal Herriko marta edo lepahoria.

 

Lorratza. Iñaki Atxaren lorratza jarraitu nahi duenak Instagram eta Facebook sare sozialetan du aukera. Youtuben ere kanal bat du bideo batzuekin. Bertzeak bertze, hartzei argazkiak nola egiten dizkien azaltzen du.

Bere argazki sorta bat frantziar Estatuko lehiaketa batean saritu zuten. 2018an Mendifilm Festival irabazi zuen Finlandiako oihanean grabatutako bideo labur batekin, ‘Hartz eta otsoekin lotan’, eta ikus-entzunezko horren bertsio luzearekin herriz herri ibili zen. Baztan-Bidasoko oihan hezeen dokumental bat prestatua du orain eta gustura erakutsiko luke hau ere.

«Oinak naturan murgildu, irrifartxo bat zure buruari oparitu, arnastu eta saiatu lurraren taupadak sentitzen», egiten du gonbidapena Inakiatxa.wordpress.com atarian. Badoa berriz ere sagua bere zulora, badaki katua kanpoan itxoiten izanen duela. Adrenalina topera. Lotan dagoela pausoak hurbiltzen sumatuko ditu, oihan barruan ikusezin.