INFO

Peña II-Rezusta sailkapenaren gorenean kokatu dira Elezkano-Mariezkurrenari irabazi ostean

Peña II-Rezusta bikotea da Masterseko lau norgehiagokak irabazi dituen bakarra eta beraz, sailkapenaren gorenean kokatu dira gipuzkoarra. Elezkanok ondo hasi du norgehiagoka baina bigarren zatian makalaldi bat izan du eta bukaeran markagailua estutu duen arren, azkenean gipuzkoarrak nagusitu dira. 

Jon Ander Peña, aurreko jardunaldian. (Jon URBE / FOKU)

Mastersa iritsi da bere erdigunera eta soilik bikote batek irabazi ditu jokatu dituen lau norgehiagokak. Peña II.ak eta Rezustak ondo landutako garaipena eskuratu dute gaur gauean Diman jokaturiko norgehiagokan (20-22).

Atzetik aurrera joan dira urdinak, momentu batez txarrera egin baina gero berpiztu egin da Elezkano, eta hala tentsio handiko neurketa amaiera eskaini dute bi bikoteek. 

Zaratamokoak omenaldi xumea jaso du neurketa hasi baino lehen, Zabaletarekin irabazi zuen azken Binakako Txapelketari aitortza egin asmoz. Motibatuta hasi du norgehiagoka Danel Elezkano berak baina bigarren zatian kaskarrera egin du. 

Batek kaskarrera eta besteak zertxobait hobera, baina ez larregi. Peñak partida bukaeran onartu duen bezala, ez da izan bere partidarik onena baina Rezusta beti agertu da sendo atzean, babesleku moduan. Eta Elezkano huts egiten hasi denean argi pixka bat ikusten hasi dira urdinak. 

14-18ko markagailua ere egon da –Peñak egin duen tanto gogoangarri bati esker– baina Elezkano bere tenera etorri den sentsazioarekin –Mariezkurrena erregularragoa izan da–, lehian bizirik mantendu dira gorriak. 

Elezkanok egin dituen hiru tantoei esker eta Rezustak huts egindako baten ondotik, hemezortzina berdindu da norgehiagoka. Bigarren zatiaren hasieran, egindakoak eta huts egindako tantoetan berdinduta zegoen Elezkano baina bukaerarako eman dio buelta egoerari.

Orduan, baina, aurrelarien dema estua etorri da eta Peñaren bi tantoei beste batekin erantzun dio Elezkanok. Azken tantoetan gogor aritu dira atzelariak, protagonista bilakaturik, eta huts egindako tanto baten ondotik sekulakoa egin du Zaratamokoak, partida are gehiago estutzeko. 

20-21eko markagailuarekin etenaldia eskatu eta azken tantoan Elezkano tantoa egitetik gertu egon da, baita Rezusta bera ere eta azkenean, partida berdintzeko aukera zeukanean, txapara bidali du pilota Zaratamokoak.