Donostia saria Johnny Depp aktoreari emateko erabakia atzera botatzea eskatu du EH Bilduk
EH Bildu Donostia Saria Johnny Depp emateko erabakiaren kontra agertu da aktoreak indarkeriak matxistarengatik hainbat auzi dituelako zabalik, eta saria atzera botatzeko eskatu dio Zinemaldiari.
EH Bildu Donostia Saria Johnny Depp emateko erabakiaren kontra agertu da aktoreak indarkeriak matxistarengatik hainbat auzi dituelako zabalik, eta saria atzera botatzeko eskatu dio Zinemaldiari ohar baten bidez. Eneko Goia alkateari eta Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziari Zinemaldiaren aurrean bitartekari lana egin eta berrazterketa hori susta dezatela eskatu die EH Bilduk.
Gauza bera egin beharko lukete, udal taldearen iritziz, Zinemaldiaren administrazio kontseiluko kide diren gainerako erakundeek ere (Gobernu zentrala, Lakua eta Gipuzkoako Foru Aldundia).
«Izan ere, Johnny Deppek indarkeria matxistarengako hainbat auzi ditu zabalik, eta areago, tratu txarrei sinesgarritasun osoa ematen dien aurkako epai bat ere badu», gogorarazi du EH Bilduz.
Koalizioaren iritziz, Donostia Sariak Deppi emateak indarkeria matxista «erlatibizatzea» eta «bigarren planora baztertzea» dakar, eta Donostiak kontrako norabidea hartu beharko lukeela uste du: «Sentsiblizazioarena eta izurrite honen kontra borrokatzeko konpromiso tinkoarena».
Gogora ekarri du, halaber, zinema munduko emakume elkarteek krika gogorrak egin dituztela. Emakume Zinegileen Elkarteak adierazi zuen Zinemaldiaren erabakia «ezegokia» dela eta Zinemaldiak, berriz, erantzun zien ez dituztela portaerak epaitzen.
Kritika erabat ulergarriak dira, Donostiako EH Bilduren ustez, eta deitoratu egin ditu Zinemaldiak haiei emandako erantzuna: «Egia da zinemaldi batek izan behar duela zinemagintzari ekarpen nabarmena egindakoak aitortzeko helburua, baina ezin du hori egin tratu txar salaketak albo batera utzita. Zinemagintza ez baitago jendeartek aparte. Bestela, oso mezu arriskutsua bidaliko lioke jendarteari: indarkeria matxistaren normalizazioarena».
Horregatik eskatu dio Zinemaldiari lehenbailehen berraztertu dezala Donostia Saria Deppi emateko erabakia, eta administrazioengana ere zuzendu da oharrean: «Zer diote alkateak eta Berdintasuneko zinegotziak tratu txar salaketei sinesgarritasuna ematen dien epai bat aurka duen aktore ba Donostia Saria emateaz? Zer diote Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak? Ontzat jotzen al dute?»
«Ez du balio instituzioak Zinemaldiaren autonomiaren atzean ezkutatzea, ordezkaritza dute-eta bertako administrazio kontseiluan», berretsi du.
Woody Allen-en kasua
Orain bi urte, antzeko egoera bizi izan zen Donostian, orduan Woody Allen zinemagilea polemikaren erdigunean zela, hark ere tratu txarren salaketak zituelako. Eneko Goia alkateak harrera egin zion eta EH Bilduk, berriz, uko egin zion harreran parte hartzeari.
EH Bilduk gaiaren larritasuna agertu du, gogora ekarriz 2020an, 443 emakumeri laguntza eman ziela sail honek martxan duen genero indarkeriaren biktimei arreta eskaintzeko programaren barruan; hau da, 2019an baino %22,38 gehiago.