Lakuak eta aldundiek ez dute, oraingoz, zahar-etxeetako langileentzako protokoloa aldatuko
EAEn ez dituzte ezarriko, oraingoz, asteazkenean Lurralde arteko Osasun Kontseiluak egoitzetako langileentzat adostu zituen gomendio berriak, hala nola, txertoa hartu ez duten langileei astean bi PCR egitea edo lanpostuz aldatu ahal izatea. Neurriok aplikatzeko aukeraz eztabaidatzen jarraituko dute.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek bilera telematikoa egin dute ostegun honetan Lakuako Osasun eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailetako ordezkariekin. Carolina Darias Osasun ministro espainiarrak atzo, asteazkena, adinekoen egoitzetako langileentzako iragarri zituen gomendioak EAEn aplikatuko ote ziren eztabaidatzeko egin dute hitzordua.
Osasun Ministerioak eta erkidegoek atzo aztertu zuten dokumentuak hainbat gomendio biltzen zituen, tartean honakoak: txertaketa-jarraibidea hasi ez duten profesional berririk ez sartzea «behar-beharrezkoa» ez bada, eta txertorik ez hartzea erabaki dutenei edo jarraibidea bete ez dutenei tenperatura-kontrolak eta gutxienez astean bi proba diagnostiko egitea. Txertatu gabekoen lekualdatzea baloratzeko aukera ere jasotzen zuen testuak.
Ostegun honetako bileraren amaieran, Lakuako Osasun Saileko iturriek jakinarazi dute "«raingoz indarrean dagoen protokoloaren arabera jarduten» jarraituko dutela eta gomendio horien inguruan eztabaidatzen jarraituko dutela.
Ez dute zehaztu noiz izango den hurrengo bilera eta «erakundeen arteko koordinazio bilerak ohikoak eta aldizkakoak» direla baino ez dute adierazi. «Protokoloa berriro eguneratuko balitz, ezagutzera emango litzateke», esan dute.
Arabako Aldundiak gaineratu du lanean ari direla maila teknikoan eta aztertzen ari direla ea egungo protokoloa aldatzen den edo ez, baina oraingoz ez dagoela ezer itxita.