Suizidioei buruzko tabua astindu du Aitziber Garmendia aktorearen lekukotasunak
Duela hamalau urte Aitziber Garmendiaren bikotekideak bere buruaz beste egin zuen. Aktoreak bere lekukotasuna eta doluaren bizipena azaldu ditu sare sozialetan «gauza hauetaz hitz egiten hasteko» eta «egoera honetan daudenei laguntzeko».
Eustat Euskal Estatistikaren Erakundeak argitaratutako datuen arabera, 184 pertsonak egin zuten beren buruaz beste 2020an EAEn. Horrek esan nahi du ia 48 orduro pertsona batek bere bizitzarekin amaitzea erabaki zuela. Hortaz, Osakidetzak plazaratutakoaren arabera, suizidioa da heriotza ez naturaleko lehen kausa indarkeriazko heriotzako beste kausen gainetik. Jende gehiago hiltzen da bere buruaz beste eginda trafiko-istripuetan baino.
Pertsona bat lan istripu batean edota coronavirusak jota hiltzen denean, albistegiak irekitzen dira horren berri emanez. Aldiz, norbaitek bere buruaz beste egiten badu, ez da arazo sozial bat bezala interpretatzen eta ez zaio interes informatiborik esleitzen. Hala ere, datuak eskuetan izanik, argi dago suizidioenak ez direla kasu isolatuak eta guztion artean heldu beharreko arazo bat dela.
Twitter eta instagramen ostegunean argitaratutako mezuan, Aitziber Garmendi aktoreak jakinarazi du bikotekidearen heriotzaren ostean uste zuela ez zuela sekula «suizidio hitza ahoskatzeko adorerik izango». Mezuaren hurrengo lerroetan, «garrasi mutu bat» eta «errua» besterik ez zela azaltzen du aktoreak. «ERRUA» idatzi du zehazki, hizki handiz.
Duela 14 urte nire bikotekideak bere buruaz beste egin zuen. Garrasi mutua, ERRUA, besterik ez nintzen. Hau publiko egiteak pertsona bakar bati laguntzen badio, merezi du. Bada lasai kontatzeko garaia, bada neure burua barkatzen hasteko garaia. #abuztuak11 #suizidioa #gaizka❤ pic.twitter.com/ODptPdViBJ
— Aitziber Garmendia (@AitziGarmendia) August 11, 2021
Adierazpen lazgarri hauen ostean, Garmendiak gauza hauei buruz hitz egiten hasteko unea dela azaldu du: «Bada garaia egoera honetan daudenei laguntzeko. Bada garaia sare sozialetan gure hauskortasuna erakusteko». Bai eta lortu ere, mezuak oihartzun handia izan baitu. Eta jasotako erantzun gehienetan, bere saminarekin bat egiteaz gain, gai honi aurre egitearen beharra nabarmendu da.
Errudun sentsazioaren inguruan, Garmendiak ondorioztatu du, hamalau urteren ostean, badela garaia bere burua barkatzen hasteko. Hala ere, agerian utzi du suizidio baten dolua mingarria eta luzea dela: «Gaizka, hamalau urte, eta oraindik ez dut telefonotik zure izena eta zenbakia ezabatzeko ausardiarik bildu».
Samin guztiaren erdian, itxaropenezko mezu batekin bukatu ditu bere adierazpenak Garmendiak: «Hautsi egin nintzen, baina pusketa txikiez osatutako beste NI bat sortu dut».
Aktoreak pandoraren kutxa ireki ostean erreakzioak segidan iritsi dira. Ehunka maitasun eta elkartasun mezu jaso ditu aktoreak eta erabiltzaile askok eskerrak eman dizkiote bere testigantza partekatzeagatik. Gainera, aktoreari Euskal Telebistako ‘Barre Librea’ programan egindako ekarpena eskertu diote behin eta berriz.
Egoera antzekoan nago ni. Duela 10 hilabete nere bikoteak bide berdina hartu zuen. Ordutik erruak barnetik jaten nau. Ezin bururik altxa!!
— koldo (@koldolekitto) August 12, 2021
Zeinen mezu gogorra eta, aldi berean, zeinen ederra. Errealitate honen inguruan egon den tabua ez dakit zenbateraino izan den mesedegarria. Badirudi pixkanaka ausartzen ari garela gaiari heltzen, eta zurea bezalako lekukotzek asko balio dute. Besarkada estu bat eta aurrera, beti!
— Imanol Lasa Zeberio (@ImanolLasa) August 12, 2021
Badira zenbait gai, suizidioa bat, tabu izaten jarraitzen dutenak. Inguruan bat pairatu dutenentzat, ezin burutik aldendu errua eta zerbait egin ahal izan ote zuteneko sentsazioa. Osasun mentala zaintzeko bideak, hori bai, denak itxita Osakidetza. Ba al da hor ...
— AsierMaiaAnabitarte (@AsierMaia) August 12, 2021
Ufff. Ez dakit zenbat aldiz barre egin dudan zurekin telebistan. Gaur eskerrak eman behar dizkizut barre eginarazteagatik, pentsarazteagatik eta zure isiltasuna hausteagatik. Jende askori lagunduko diezu, ziur. Besarkada handi bat.
— Novatill Total (@NovatilloTotal) August 11, 2021
Suizidioari buruzko mito faltsuak
Ezjakintasunak eta arazo sozial hau tabu bihurtu izanak suizidioari buruzko mito faltsu ugari sinestaraztera eraman gaitu. Osakidetzak mitoetako asko gezurtatu ditu bere web orrialdean.
Hasteko, suizidioari buruz hitz egiteak ez ditu suizidioak eragiten. Alderantziz, Osakidetzak dioenaren arabera, horren inguruan mintzatzeak ez du «ideiarik ematen» eta «hobeto sentiarazten du eta arriskua murrizten du».
Bigarrenik, Osakidetzak ohartarazten du edozein suizidio mehatxu «benetako arriskua» dela eta «serioan» hartu behar dela dagokion garrantzia emanez. Horregatik, osakidetzak baieztatzen du komeni dela galdetzea. Izan ere, bere buruaz beste egin dutenen %80k, gutxi gorabehera, beren asmoen berri eman zuten suizidioaren aurretik.
Hortaz gain, Osakidetzak ohartarazten du itxurazko arazo larririk ez duen jendeak ere suizidioan pentsa dezakeela. Askotarikoak izan ahal baitira pertsona bat erabaki hori hartzera bultza dezaketen arrazoiak.
Bukatzeko, Osakidetzak dio bere buruaz beste egitea erabaki duen edo depresio larria duen pertsona batek «zalantzak» izan ditzakeela eta horrek suizidioa ekiditeko bideak zabaltzen dituela. Izan ere, pertsona ugarik pentsatu dute beraien buruaz beste egitea bizitzako uneren batean eta «horrek ez du esan nahi burua galdu dutenik». Sintomak, prebentzioa eta doluaren inguruko informazio gehiago Osakidetzako web orrian dago eskuragarri.