INFO

John Snow, 1854an

John Snowren aurkikuntzak osasun publikoaren garaipena eragin zuen. Aldi berean, ordura arte pentsaezinak ziren inbertsio publikoak bultzatu zituen medikuaren teoriak


Londres, 1854ko abuztu beroa. Hirian hondakin-uren urmaelak eta etxeen tamainako gorotz piloak ugari dira. Friedrich Engels eta Charles Dickensen idazkiek hiri barruko hilerrietan pilatutako gorpuen berri ematen dute, Sohoko kaleez jabetzen den kirats pairaezinarekin harrituta.

Steven Johnson dibulgatzaileak “The Ghost map” liburuan kontantzen duenez, Viktoria erreginaren, “The Lancet” aldizkari ospetsuko editoreen eta, oro har, komunitate zientifikoaren arabera, kirats jasanezina zen ehunka mila heriotzaren kausa, kolera airearen bidez transmititzen zela sinetsita, usain txarren eta ustelduratik askatutako miasma moduan.

Horiekin amaitzeko helburuz, hiriko gobernuak hondakinak eta ur zikinak Tamesisera bota zituen eta, horrela, hiriko biztanleen iturriak kutsadura gune bihurtu. Gaur badakigu sarraskia eragin zuen bakterioa kutsatutako uraren bidez transmititzen dela, baina orduan aukera horrek ezinezkoa zirudien.

John Snow izan zen detektibe lanak egin zituen anestesista. Henry Whitehead Broad Street auzoko parrokiako arduradunak behe-auzoei buruz zuen ezagutza sakonak eta William Farr epidemiologoaren datu bilketek Snowren teoria sostengatzen lagunduko zuten, agerraldia eragin zuen iturria aurkitu arte.

“The Lancet” aldizkariak 1858ko ekainaren 16an Snowren heriotzaren berri eman zuen bere ohar nekrologikoetan, bere teoria bakterianoa aipatu ere egin gabe, eta segur aski, gaur, medikuaren izena “Game of Thrones” telesailarekin lotzen da, eta ez epidemiologiarekin.
Hala ere, bere lanak osasun publikoaren garaipena suposatu zuen, sasizientzia eta amen-omen-en aurka. Aldi berean, ordura arte pentsaezinak ziren inbertsio publikoak bultzatu zituen, Londresko estolderia-sistema esaterako, metropoliak bizigarriak bihurtzen lagunduz.

Osasun-krisiek osasun publikoko sistemak proban jartzen dituzte, eta horiek hobetzera behartzen gaituzte. Johnsonen iritziz, hori gertatu zen 1854an. Gaur, Snowk aurre egin zien  mamu berberak itzuli dira gurera, oraingoan mundu mailan. Ia 170 urte geroago, argi dago historia errepikatuko dela?