Sistemaren alboko bideetatik furgonetan, orainaren bolantearen jabe
Bizitza «normala» atzean utzi eta bizitza nomada abiatu zuten duela urtebete Iratxe Goikoetxeak eta Deborah Garciak. Sistemarengandik urrundu ditu etxetzat hartu zuten furgonetak. Leku asko ezagutu dituzte, eta gauza asko ikasi. Nolakoa den emakume eta lesbianak izanda Europan bidaiatzea, kasurako.
Bizitza bi (hiru, “Juanita”-rekin) sei metro karratutara egokitzeko hautua ez luke edonork egingo. Sei metro karratu kozinatu, otorduak egin, lo egin, lan egiteko. Mahai bilakatzen den ohea eta ohe bilakatzen den mahaia, arropa gutxi, espaziora ahalik eta ondoen zedarritzeko, norbere egun on eta txarrekin, horiek ere espazioa okupatzen baitute.
Eta etxeko jardina, etengabe kolorez eta formaz mudatzen dena. Izan daiteke kilometrikoa horizontalki, hondartzaren atzetik itsasoa eta haren atzetik zeruertza erakusten duena; edo kilometrikoki bertikala, Pirinioetako mendi magal batetik tontor puntadunak doi-doi ikustera ematen duena. Egun batzuez Norvegia izan daiteke etxaldeko jardin eta beste batzuez Grezia. Kointziditu dezake zeruak urdin, euritsu edo aurora boreal batek margotua.
Etxea lau gurpilen gainean, etxe bolanteduna, markaduna. Peugeot Boxer 435 furgoneta zehazki, modelo handiena altueraz eta zabaleraz. Urtebete egingo dute laster bertan bizitzen Iratxe Goikoetxea oiartzuarrak (29 urte) eta Deborah Garcia gasteiztarrak (38 urte). Sabiñanigotik (Huesca) kontatu diote euren esperientzia GAUR8ri.
Ohiturak guztiz aldatu eta furgonetan bizitzea hautua izan zen bikotearentzat, baina ez zaie gustatzen hautu hori gehiegi erromantizatzea, ez baitzen euren lehenengo aukera izan. Soilik asteburuetan ikusten zuten elkar, gainontzeko egunak lanean edo ikasten pasatzen zituztelako, eta elkarrekin bizitzera joateko pisu baten bila hasi ziren; Gasteizen, Donostian, nonbait. Baina etxebizitza alokairuaren gehiegizko prezioaren murruaren kontra zanpatu ziren beraien ilusioak, beste askorenak bezala.
Ez zuten euren diru irabazien %70 alokairura bideratu nahi. Ez ezin zutelako, sentitzen zutelako ez zela hori nahi zutena. Pausa egin eta ongi pentsatu zuten: «Benetan hau da nahi duguna?» «Pauso hori emateko gai ginen. Baina gure barnean sentitzen genuen hori ez zela guk nahi genuela, ez zigula zoriontasunik ekarriko», kontatu du Goikoetxeak. «Benetan bizitza bat izateko puntu horretara ailegatu nahi genuen», berretsi du Garciak.
Modu kuriosoan egin zuten furgonetan bizitzeko hautua, gainera. Bazuten zerrenda bat egin nahi zituzten gauzekin osatuta, adibidez, Donostian bizitzea, Gasteizen bizitzea, Euskal Herritik kanpo bizitzea. Furgonetaren ideia ere hor zegoen, baina ez bertan bizitzekoa. Interneten furgonetak begiratzen hasi ziren eta konturatu auto horrek behar zuten guztia izan dezakeela. «Konturatu ginen furgonetan bizitzea posible zela», gogoratu du Iratxek.
Iratxek urte dezente eman zituen aldi berean ikasten eta lanean, interiorismo estudio batean egiten zuen lan Donostian; Deborahk lanaldi erdian GKE batean lan egiten zuen, eta zenbait hedabidetan kolaborazioak egiten zituen; egun ere jarraitzen du horretan. Zinema eta arteari buruzko Patreon bat ere badauka, eta idazlea ere bada: “España es esto y no todo lo contrario” liburu historikoa plazaratu zuen duela gutxi (Temas de Hoy, 2020).
Euren bizitzak erradikalki aldatzea erabaki zuten, beraz. Gurasoen etxeetan eman zituzten urteei esker dirua aurreztea lortu zuten eta aurrezki horiek furgoneta batean inbertitu zituzten. 7.500 euro inguru Peugeot Boxer-arentzat eta 12.000 euro inguru hari bizitzeko beharrezko aldagaiak jartzen, kanperizatzen. Dena egin zuten beraiek, berogailuaren instalazioa salbu.
Diseinatu bai, baina diseinua praktikara eramateko, ordura arte, aukera gutxi izan zituela dio Goikoetxeak eta furgoneta izan zen bere laborategia. Bikoteak kontatu du nola materialak erostera joaten zirenean, zenbaitetan, beharginek harrituta hartzen zituztela, gizonen baten esperoan-edo. Bada, ez: haiek muntatu zuten egitura dena, ohea, mahaia, dutxa bero «beharrezkoa», armairuak, egurrezko zorua, leihoak, instalazio elektrikoa (eguzki plaka eta guzti), etxe batek etxe izateko behar dituen apaindura pertsonalak.
Ihes egin nahi zuten bizitza ordaintzeko bizitza lanean ematera derrigortzen duen dogmatik. Ihes, ahalik eta gehiena, sistematik, «estatuengandik». «Anarkismotik gertuago gaude orain», diote.
Eta iazko abuztuan errepidera atera ziren bi emakumeak, lesbianak, Iratxe Goikoetxea eta Deborah Garcia, bizitza proiektu bat abiatzera. Flâneuse izena jarri zioten.
Emakume alderraiak
Ihesbide horrek eraman zituen etengabe bizitzako hainbat alderdi zalantzan jartzera, pribilegioez eta zaurgarritasunez hausnartzera.
Ohartarazi dute edonork ezin duela furgonetara bizitzera joan, edonork ez daukalako 20.000 euro horretan inbertitzeko: «Guk dirua aurreztu dugu gurasoen etxean bizi izan garelako eta soldataren zati handi bat ez genuelako gastatzen».
Nabarmendu dute, bestalde, badela jendea furgonetan «arazo ekonomikoengatik» bizi dena, eta ez dutela bizimodu hori aukeratu.
Aldi berean, alderdi garrantzitsu asko atzean utzi dituzte, bakoitzaren hormigoizko etxeetan. Familia eta lagunak, adibidez. Eta arropa garbigailua –eskuz garbitzen dituzte arropak– edo Iberdrolarekin loturak.
Eta aukera izan dute soldatapeko lanarekin duten harremana osasuntsuago bihurtzeko. Orain, egiten duten lanaz gozatzeko aukera dute, ez dielako denbora gehiegi xurgatzen. Hilabetean astebetez egiten dute lan, furgonetan –telelana bere zentzu askeenean–, beste hiru asteak libre. Diru sarrera murritzak dituzte, baina gastuak ere bai. Jatekoa, gasolina, furgonetako segurua, autoaren balizko konponketak, mugikorrak eta IAT. Diote ez dutela gehiago behar.
Bestalde, bizitza nomadak bultzatu ditu munduan okupatzen duten tokia zein den pentsatzera, furgonetaren neurrietatik harago.
Konturatu ziren, zentzu horretan, ‘Van Life’ (furgonetan bizitzea) delakoan bikote heterosexualak direla, beste alor guztietan bezala, toki gehiena okupatzen dutenak. Sare sozialetan ikus daitekeenez, esan dute, gutxi dira modu horretara bizi diren eta heterosexualak ez diren bikoteak.
Beraiek, ordea, lesbianak eta emakumeak direla aldarrikatzen dute eta han-hemen okupatu dituzte zenbait partzela txiki, Flâneuse territorioa sortuz: «Gure tokia aldarrikatu nahi dugu, errepidean edo Europan bidaiatzen».
Frantzian gizon intelektual alderraiak izendatzeko erabiltzen zen «flaneur» terminoa eta bikote euskaldunak euren identitatera moldatu du hitza. Flâneuse gisa dira ezagunak sare sozialetan, eta “Flâneuse: Historias de vida nómada” Radio Primavera Sound-eko podcast-ean kontatzen dituzte bizipenak.
Begirada aldaraztea lortzen dute horrekin, zeren, azaldu dutenez, furgoneta kanperizatzeko material bila joatean nola, gainerako bidaiariek sarri harriduraz hartzen dute bi emakume bidaiatzen ikustea –bi emakume eta katu bat, “Juanita” beraiekin bizi baita gasolindegi batean erreskatatu zutenetik–.
Ikasi dute, baita ere, «munduarekin» duten harremana osasuntsu egiten. Bidean topatzen dutenari laguntzen, ahalik eta aztarna ekologiko txikiena uzten; areago, Deborah Garciaren esanetan, «aztarnarik ez uzten». «Desagertzeko bizi», filosofia modura.
Pandemia bidaide
2020ko abuztuaren 29an hasi ziren furgonetan bizitzen eta Europa zeharkatzen hasi ziren. Frantzia, Belgika, Holanda, Alemania, Suedia, Norvegia.
Pandemia izan dute bidaide, baina ez dute oztopo handirik izan zentzu horretan, muga gehienak arazorik gabe zeharkatu dituzte. Baina Finlandiara sartzean esan zieten muga irekita zegoela soilik beste herrialde batera igarotzeko, eta Norvegiara gelditu gabe igaro behar izan zuten. Alemanian, aldiz, izan zuten arazoren bat. «Alemaniara iritsi ginenean dena itxita zegoen, ezin genuen ezer egin, bakarrik furgonetan egon», azaldu dute. Hilabetez mugitu gabe eduki behar izan zuten furgoneta Biarritzen, konfinamendua ezarri zela-eta.
Esperientzia on eta txarrak bizi dituzte bidean. Suedian, adibidez, lapurreta egin zieten. Furgonetako giltzak galdu zituzten beste behin; etxeko giltzak galtzea bezala. Horrelako egoeretan, gainera, ziurtatu dute zaila dela aterabideak aurkitzea zauden herrialdeko hizkuntza ezagutzen ez duzunean.
Baina aurora borealak ezagutu dituzte, baita haiek bezala furgonetan bizi den jendea ere. Flâneuse hauentzat, bizi-hautu honetan gehien baloratzen duten gauzatako bat da «nahi duzuna egiteko tokia eta denbora» daukatela: «Bizi osasunean irabazi dugu».
Goikoetxeak agertu du ikasi dutela «gauza txikiei» garrantzia ematen. «Lehen gauza asko presaka egiten genituen. Orain, adibidez, denbora daukagu. Bi ordu pasatu genitzake kozinatzen. Denbora daukagulako, gustatzen zaigulako eta egiteko aukera daukagulako».
Dena, ona eta txarra, «intentsitatez» bizi dutela aitortu dute. Eta zenbaitetan ez dela erraza oreka lortzea. «Zaila da –dio Garciak–. Ez da hitz egiten buruko osasunari buruz. Baina egia da furgonetak aukera ematen dizu une batez geratu eta pentsatzeko. Pentsatzeko zer modutara zauden zu gizartean. Nola maitatu nahi duzun albokoa. Eta txikitik nola ekin pentsatzeko, kolektiboan».
«Guretzako gauza garrantzitsu bat izan da gero eta gutxiago behar izatea gero eta gehiago bizitzeko», esan du Iratxe Goikoetxeak, eta Garciak jarraitu du: «Kapitalismoarentzako porrota da daukazuna baino gehiagorako desirarik ez izatea. Eta guk hori lortu dugu».
Askok galdetzen diete noiz arte biziko diren horrela, gurpilei bueltaka. Baina etorkizuna, gehienez ere, furgoneta aparkatuko duten hurrengo helmuga da Iratxe eta Deborah-rentzat. «Oraina bizi dugu», nabarmendu dute.
Greziarako bidea hartuko dute orain, orainari bolantean eusten eta etorkizunari furgonetako kristaletik behatzen.