INFO

‘Fordlandia’, itxialdian Lucía Lacarrak sortu zuen ikuskizuna estreinatuko da Donostian

‘Fordlandia’, Lucía Lacarrak Donostiako Musika Hamabostaldian aurkeztuko duen lana, berezia da oso. Dantza, musika eta arte bisuala uztartzen dituen proposamen hau ekoizle gisa burutzen duen lehen lana du Zumaiako artistak.

Lucía Lacarra eta Matthew Golding bikotea. (Gorka RUBIO / FOKU)

1995an, Marseillako Ballet Nazionaleko lehenengo dantzaria zela, Roland Petiten ‘Coppélian’  protagonista zela, Donostiako Musika Hamabostaldian estreinakoz aritu zenetik, jaialdiak gertutik   gertutik jarraitu du azken hogeita bost urte hauetan Lucía Lacarrak egindako ibilbide artistikoa.

Dantza Sari Nazionala, Nijinsky eta Benois de la Danse –balleteko Oscar saritzat jotzen dena– sariduna, dantzari zumaiarra bueltan da, eta ez dantzari gisa soilik, aurkeztuko duen ‘Fordlandia’ ikuskizunaren ekoizle ere bada eta. Hitzordua da abuztuaren 17an, asteartearekin, 19.30ean, Victoria Eugenia Antzokian.

Gaur, emanaldiaren bezperan, abuztuaren 16an, 19.30ean, Lucía Lacarrarekin solasaldia izango da Tabakaleran. Iratxe de Arantzibia kazetari eta dantza kritikoak moderatuko duen topaketarako sarrera doakoa da, baina ezinbesteako da aurrez izena ematea. Solasaldia streaming bidez jarraitu ahalko da www.musikahamabostaldia.eu webguneko Zuzenean atalean eta Tabakalera online plataforman.

Zumaia eta Amsterdamen artean

Covid-19ak eragindako itxialdiak sortutako egiazko egoera abiapuntu hartuta, Lucía Lacarrak eta Matthew Goldingek ametsezko ikuskizun bat sortu zuten, eurak bikote gisa, artistikoki zein egunerokoan bizi zuten urruntzeaislatu asmoz. Lucíak Zumaian igaro zuen itxialdia eta, Matthew-k, aldiz, Amsterdamen. Horrela sortu zen ‘Fordlandia’, dantza, musika eta arte bisuala uztartzen dituen ikuskizuna. Dortmunden estreinatu zuten, 2020ko irailean.

Narrazio lineal batetik ihes eginda, ikuskizunak harreman bateko derrigorrezko urruntzeak maitasunez bizitzeko modu ezberdinak lantzen ditu. Izaera neoklasikodun sei dantza piezak osatzen dute hirurogeita hamar minutuko iraupena duen muntaia hau. Horien arteko trantsizio gisa, Altin Kaftira artista bisualak leku ikusgarrietan filmatutako laburmetraiak baliatu dituzte: Zumaiako flyschean, Herbeheretako Bergen Aan Zee herritik gertu dagoen baso batean edo Dortmunden, antzoki huts zirraragarri batean.

Koreografiari dagokionez, sei piezatatik bost sortu berriak dira. Horretarako, Lacarrak eta Goldingek euren proiektuan esku hartzeko gonbidapena luzatu zieten Anna Hop, Yuri Possokhov eta Juanjo Arqués koreografoei. Bere herrikide Chopinen musika oinarri hartuta, Anna Hop poloniarrak hasierako bi piezak sortu zituen, ‘Stillness’ eta ‘Close’, hutsunean eta distantzian sakontzen dutenak.

San Francisco Balleten Lucíaren bikotekide izandako Yuri Possokhov ukrainiarrak pas de deux edo bientzako dantza hunkigarria sortu zuen, elur-ekaitz baten gatik eskon ez daitezkeen soldaduaren eta neska gazte baten arteko istorio tristean oinarritua; Alexander Pushkinen ‘Snow Storm’ ipuinean du sorburua eta proiekzioak eta zuzeneko dantza uztartzen ditu, Georgy Sviridoven musikaren gainean.

Brasil eta Ford enpresa

Juanjo Arqués koreografo murtziarrak egina da ikuskizunari izenburua ematen dion pieza, hots, ‘Fordlandia’. Izen horrek erreferentzia egiten dio joan zen mendeko hogeita hamarreko hamarkadan Henry Fordek Brasilen sortutako hiriari; enpresa-gizonaren helburua zen Ford autoentzako behar adina kautxo ekoiztea, hartara nagusi ziren monopolioak ekidin asmoz.

Baina utopia hark hamar bat urte besterik ez zuen iraun, onddo batek Forden asmoak zapuztu zituen arte. Egun Amazonas erdian galdutako mamu hiria da Fordlandia.

Arquésen bigarren pieza, ‘Pile of Dust’ deritzonak itsasoa dakarkigu gogora, oihalen bidez sortutako uhinekin. Bi koreografia horietan Jóhann Jóhannssonen musika erabili du Arquések.

‘Fordlandia’ ikuskizunari amaiera bikaina ematen dio ‘After The Rain’ bientzako dantzak, 2005. urtean Arvo Pärten musika erabilita Christopher Wheeldon koreografo ingelesak New York City Ballet konpainiarentzat sortua. Bi zatitan banatutako lana bada ere, ohikoa da bientzako dantza soilik interpretatzea; Wheeldonek berak aitortu zuenaren arabera, maitasun gutun bat bailitzan, bi artistentzako poema bat bezala sortu zuen pieza hori garai hartan NYCBko dantzari printzipalak ziren Wendy Whelan eta Jack Sotorentzat.