INFO

Cinesak ere zinema-aretoen %35eko edukiera «berrazter dezala» eskatu dio Lakuari

Cinesa enpresak zinema-aretoei ezarritako %35eko gehienezko edukiera «berrazter» dezala eskatu dio Lakuari. Izan ere, neurri honek «modu larrian kaltetzen ditu aretoen egoera», hauek «seguruak direla erakutsi dutenean». Cinesak bat egin du Euskadiko Zinema-Aretoen Elkarteak egindako eskaerekin.

Pandemiak gogor jo du zinema sektorea. Irudian, Donibane Lohizuneko Le Select zinema. (Guillaume FAUVEAU)

1998az geroztik dago Cinesa gurean, Max Ocio eta Zubiarten (Bizkaia) eta Urbilen (Gipuzkoa) aretoak dituenetik. Eskaera honekin, bat egin du Euskadiko zinema-aretoen elkarteak (EZAE) egindako eskaerekin. Elkarteak %60ko edukiera berreskuratzeko eskatu baitzuen pasa den astean.

Cinesak 55 langile inguru ditu Euskal Herrian eta areto guztiak zabalik ditu egun. Bere langileen eta ikusleen «segurtasuna beti izan dela lehentasun nagusia» aipatu du oharrean. Esaterako, pandemia hasi zenetik, «neurri bereziak ezarri ditu bere zinema-konplexuetan ingurune erabat seguruak sortzea bermatzeko».

Joan den ostiralean argitaratutako oharrean, EZAEk «ulertezintzat» jo zuen da orain aretoen edukiera % 35arekin mantentzea: «Pandemian zehar ez baita inoiz horrenbesteko murrizketarik egin. Herrietako ‘ez-jaiak’ ezin dira argudio bezala erabili, horiek ez baitute zerikusirik zinema-aretoen jarduerarekin».

Orain arteko edukiera-murrizketa handiena da hau, haien esanetan, eta aretoek ez diote zentzurik ikusten, espazio segurua direla erakutsi baitute. Aldi berean, ulergaitza iruditzen zaiei jarduera ekonomiko gehiena edukiera handiagoarekin garatzea inolako arazorik gabe eta zinema-aretoei murrizketa gogor hauek ezartzea.

2020ko eta 2021eko galera handien zati bat zailtasun handiz berreskuratzen hasi diren arren, murrizketa berriekin zaila ikusten dute jarduerari eustea. Hain edukiera txikiarekin, estreinaldi garrantzitsuenak hartzeko eragozpenak izango dituztela uste dute.

EZAEko kideek neurri horiek lehenbailehen zuzentzeko eskatzen zioten Eusko Jaurlaritzari, aretoek % 60ko edukiera berreskuratu ahal izan dezaten, bizi irautearen alde borrokatzeko gutxienekoa. EZAEk egindako zenbatespen baten arabera, edukiera % 60tik % 35era murrizteak hilean 600.000 euroko galera dakar, batez beste, euskal zinemetan.