INFO

Sute baten aurrean zer egin? Suhiltzaileek dute hitza, euskaraz ere bai

Europako 'Be Fire Safe at School' proiektuaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileek euskarazko programa didaktiko bat prestatu dute, Bigarren Hezkuntzako ikasleei sute baten aurrean nola erreakzionatu erakusteko.

Este navegador no soporta el elemento video.


Bideoz betetako ikastaro batekin, Bizkaiko suhiltzaileek sute baten aurrean nola erreakzionatu erakusten diete bigarren hezkuntzako ikasleei. Ekimena 'Be Fire Safe at School' programaren barruan kokatzen da eta Europako hainbat suhiltzaile-taldek parte hartzen dute.

Ikastaroa bederatzi ikastarotan banatuta dago: Segurtasuna kudeatzea; Suaren nondik norakoak; Suteen aurako segurtasun-adierazleak; Kasu errealen azterketa; Larrialdi-zerbitzuetara deitzen; Suteen aurkako segurtasuna etxean; Suteen aurkako segurtasuna ikasgeletan; Suteen aurkako segurtasuna zure inguruan eta Larrialdietako planak.

 

Unitate bakoitza gai ezberdinetan banatuta dago eta testuz, grafikoz, argazkiz eta bideoz osatuta daude. Adibidez, bigarren unitatean sutea nola sortzen den eta nola itzaltzen den ikasten da, baita sortzen dituen ondorio biologikoak aztertzen dira ere.

Este navegador no soporta el elemento video.

 

Proiektua hamar bat hizkuntzatan dago eskuragarri: Euskaraz, gazteleraz, danieraz, alemanez, ingelesez, frantsesez, finlandieraz, irlanderaz, lituanieraz eta nederlanderaz. Bi ikastaro ezberdin daude, bata Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa (13 urtetik 18 urtera) eta bestea irakasleei zuzendutakoa. Ikasgelan erabiltzeko pentsatuta dago, zuzenean webgunetik edo aurrez deskargatutako aurkezpen eta bideoen bidez.

Material didaktikoa doan dago www.bfiresafeatschool.eu webgunean eta edozein bilatzailetan BfireSafe@School tekleatuz ere sar daiteke. Edukietara sartzeko eta deskargatzeko, erregistratu egin behar da.

'Be Fire Safe at School' Leitrimeko (Irlanda) suhiltzaile zerbitzuak zuzendutako Europa mailako programa da eta hainbat herrialdetako erakundeek parte hartzen dute. Alde pedagogikoan, Dublingo Trinity College Unibertsitatearen aholkularitza dute.