INFO

Diseinu Unibertsala edo Denontzako Diseinua

Pablo BUSATTO I Creative Commons

Diseinu Unibertsala (DU) paradigma berri samarra da. 1980ko hamarkadan, Ronald Macek (haurtzaroan nozitutako polioagatik bizitza osorako gurpil-aulkian geratu zen arkitektoa) eta haren taldeak proposatu zuten DU kontzeptua. Hasiera batean arkitekturan erabili zen, desgaitasunen bat duten pertsonentzako leku irisgarriak sortzeko asmoz, eta laster zabaldu zen beste eremu askotara.

Produktuak, tresnak, gailuak, ondasunak, prozesuak, zerbitzuak eta sistemak diseinatzean, ahalik eta pertsona gehienek (haien adina, tamaina, gaitasuna edo desgaitasuna edozein izanda) erraz ulertu eta erabiltzeko moduan diseinatzeko filosofian oinarritzen da. Funtsezko baldintza da zerbait irisgarria, erabilgarria, komenigarria eta erabiltzeko atsegina egitea. Diseinu-prozesuan guztien beharrak eta trebetasunak kontuan hartu behar dira. Hots, edozer diseinatzean, berau erabili nahi edo behar duten pertsona guztien beharrak asetzeko diseinatu behar da, ez populazioaren gutxiengo baten mesedetan. Izan ere, populazioaren gehiengoari “gutxiengo” kolektiboaren parte izatea egoki dakioke, adinaren edo gaixotasun baten ondorioz mugikortasun edo ikusmen arazoak izateagatik, edo bestelako egoera desberdinengatik. Horrelako egoeretan teknologia lagun izan dezakegu: audioliburuak; ate automatikoak; tekla, zenbaki eta karaktere handiak telefonoetan...

Hezkuntza mundura ere, Ikaskuntza Diseinu Unibertsala (IDU) iritsi da: ikasleen arteko ezberdintasunak kontuan hartuz, ikasteko modu egokiak eskaini behar zaizkie. Testuinguru hezigarri askotarikoak prestatu behar dira, ikasle guztiek aukera izan dezaten ikasteko, parte hartzeko eta inplikatzeko, bakoitzaren aukerak, mugak, zailtasunak eta lehentasunak kontuan izanik. Horretan ere, teknologiak laguntzen du. Adibidez, hitz-iragarle automatikoak lagungarriak izan daitezke, psikomotrizitate edo arazo neurologikoak direla eta, idazteko arazoak dituzten haurrentzat. Gaur egun kalkuluak egiteko kalkulagailuak erabiltzen ditugu, eta nork ez du erabiltzen hitz-iragarlea telefonoan mezuak idazten ari denean?

AEBetan, desgaitasunen bat dutenen aldeko legediak DUaren bilakaeran lagundu zuen. Munduko beste leku batzuetan, antzeko kontzeptuak garatu dira: Erresuma Batuan, Diseinu Inklusiboa; Europan, berriz, Denontzako Diseinua kontzeptua lehenetsi da.

Diseinurako eta Desgaitasunerako Europar Institutuaren Stockholmeko Adierazpenean (2004) azpimarratzen dute «Europa osoan, pertsonen aniztasuna inoiz baino handiagoa dela, adinean, kulturan eta gaitasunean. Gaur egun, gaixotasunak eta lesioak gainditzen ditugu, eta inoiz ez bezala bizi gara desgaitasunak gure egunerokotasunaren parte direla. Gaurko mundua leku konplexua den arren, guk eraiki dugu, eta, beraz, gure diseinuak inklusio-printzipioetan oinarritzeko aukera eta erantzukizuna dugu. Denontzako Diseinua pertsonen aniztasunerako, jendarte inklusiorako eta berdintasunerako diseinua da. Ikuspegi hori erronka handia da planifikatzaile, diseinatzaile, ekintzaile, administratzaile eta buruzagi politiko guztientzat».

Beharrezkoa da garapen jasangarrirako estrategia proaktiboetan, pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko, pertsona guztiek parte har dezaketen jendarte bat lortzeko, jendarteak pertsona bere aniztasun osoan nola hartu nahi duen hausnarketaren ondorio dena. Aukera-berdintasunaren eta guztion eskubideen errespetuaren balioak lehenesten dira. Teknologia garatzean ere, Denontzako Diseinua ardatz hartu beharko genuke, arrakala sakonagoak ez izateko. •