1.200 zaleri utziko zaie aurten Kontxako Bandera bertatik bertara jarraitzen
Orotara 44 ontzik hartuko dute parte: emakumeen artean 20 eta 24 gizonezkoei dagokienez. Sailkapen estropadak irailaren 1ean eta 2an izango, dira, biak 17.30etan eta igande bietako estropadak 10.00etan eta 11.00etan hasiko dira.
Kontxako Banderak iaz ikuslerik gabe jokatu ziren eta ez zen gauza bera izan; aurten ere ez da ohikoa den adina jende izango badian, baina 1.200 zale ingururi –zehazki, gehienez 1.210 laguni; hau da, oandemia aurretik sar zitekeen jendetzaren %20– sartzen utziko zaie. Horixe da 2021eko Kontxako Banderak iazkoarekiko erakutsi duen ezberdintasunik handiena bere aurkezpen egunean. Hori bai, ikusleei irailaren 5eko eta 12ko estropada egunetan bakarrik utziko zaie sartzen, eta ez irailaren 1eko eta 2ko sailkapen estropadetan.
Sarrerak lortzeko bide bakarrak online edota Victoria Eugenia Antzokiko takilak izango dira eta pertsona bakoitzak gehienez sei sarrera erori ahalko ditu. Bestalde, estropada egunetan ez da sarrerarik salduko. Beranduenez, estropada bezperako 20.00etan utziko zaio sarrerak saltzeari. Tribunako sarrerek 8 euro balioko dute ostiral hontatik aurrera daude salgai. Osterantzeko sarrerek bi euro balioko dute eta astelehena hilaren 30etik aurrera egongo dira salgai Victoria Eugenian 11.30etik 13.30era goizez eta 17.00etatik 20.00etara arratsaldez.
Dena den, Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak jende oldeak sahiestu nahian, honakoa gaineratu die zaleei: «Iaz Kontxako Bandera etxetik jarraitu behar zela esan genien zaleei; aurten, sarrerarik lortzerik izango ez duten horiei Donostiara ez etortzeko eskatuko diegu, ezingo baitute lehiaketa inola ere ikusi. Kontxa dela-eta hirian jaia antolatzeko aitzakiarik ez dago».
«Pixkanaka normaltasuna berreskuratzea da gure nahia, baina aurten ere Kontxako bandera jarraitzeko lekurik aproposena etxetik izango da», berretsi du Arzallusek.
Sekula baino talde gehiago
Bestetik, iazko moduan, bi egunetan jokatuko dira sailkapen estropadak, irailaren 1ean eta 2an, biak ere 17.30ean hasita.
Irailaren 1ean izango da emakumeen txanda, inoizko partehartze handienarekin: 20 talde, bi multzotan banaturik ariko direnak, Emakumeen Banderaren XIV. ekitaldira sailkatzeko asmoz.
A Multzoa: Cabo, Perillo, Chapela, Zumaia, Deusto, Arraun Lagunak –Donostiarra automatikoki sailkaturik dago– Hibaika, Hondarribia, Orio –azken bi urteetako txapelduna– eta Tolosaldea.
B Multzoa: Castro, Mugardos, Isuntza, Lapurdi, Lutxana, Nautico de Riveira, Ondarroa, San Juan, Tiran eta Zarautz.
Biharamunean 24 ontzi saiatuko dira Gizonezkoen Kontxako Banderaren CXXVI. ekitaldia jokatu nahian. Hauek ere bi multzotan banatuko dira. A Multzoari begira, KAE-1 ligako irabazle Getariak hartuko du Donostiarraren lekua Eusko Label Ligako gainontzeko traineruen artean.
A Multzoa: Urdaibai, Cabo, Ares, getaria, Hondarribia –azken hiru urteetako irabazlea, 2018koa garaipena airean badu ere– Lekittarra, Ondarroa, Orio, Santurtzi, Tiran, Zarautz eta Zierbena.
B Multzoa: Arkote, Castro, Zumaia, Deusto, Hibaika, Kaiku, Lapurdi, Mutriku, Camargo, San Juan, San Pedro eta Pedreña.
Estropada igandeek, berriz, iazko ordutegia jarraituko dute. Alegia, emakumeen estropada 10.00etan jokatuko dela eta gizonena, berriz, 11.00etatik aurrera.
Sariei dagokienez, aurreko urteetako ohiturari jarraituz, gizo zein emakumeentzat diru sari kopurua berbera izango da. Orotara 85.425 euro banatuko dira saritan kategoria bakoitzean eta garaile bakoitzak 25.000 euro eramango ditu banderaz gain –EKP banderen babesleak emango dizkie talde irabazleetako patroiei–. Horrez gain, Adegi enpresari elkarteak Gipuzkoako ontzi azkarrenari 5.000 euroko saria emango dio.