INFO

Jairik gabeko Bilboko Aste Nagusiaren egun handian, euskal presoak erdigunean

Aste Nagusiko egunik handiena izan behar zuen honetan bizi dugun egoera berezia argi islatu da Bilboko kaleetan: pandemiak eragindako jai giroaren falta, alde batetik, eta herritarren aktibazioa salbuespen legedia baten aurka, bestetik, izan ere manifestazio batek zeharkatu baitu hiriko bihotza.

Este navegador no soporta el elemento video.


Carlton hotelaren aurretik atera da, txalo artean, 19.30ean Sarek deituriko eta Bilboko konpartsek babestutako manifestazioa. Hiru lerrotan banaturik, Kale Nagusia zeharkatu eta, lerroak betetzen eta luzatzen joan diren heinean, Plaza Barriraino jo du manifestazioak.

Jai egun ez diren jaietan bete-betean murgildurik gaudenean, eta Euskal Herriko beste hirietan egin den legez, Bilboko Aste Nagusiko egunik handiena izan behar zuen honetan Sarek deituriko manifestazioak herritarren babes zabala jaso du. Adin guztietakoak, politika eta gizarteko aurpegi ezagunak, eta manifestarietako batzuen lepoan jaietako zapiaren ukitu ‘nostalgikoa’ ikusi dugu. 

Erreibindikazioaren lorratza sakon dago errotuta gurean, eta horri heldu dio, hain zuzen ere, Paulo Guridik Bilboko Konpartsen izenean ekitaldiaren bukaeran egin duen hizketaldian, «aktibazioaren» beharrez mintzatu baita.

«Konpartsetako kideok buru-belarri aritu gara egun hauek ekimen eta kolorez betetzen, bilbotarrok eta baita inguruko guztiek ere egun berezi hauek gozatu ahal izateko –aipatu du–. Eta gaur ere, urtero moduan, hemen egon ezin duten horiek eskubideak ekarri nahi izan ditugu erdigunera. Euskal preso. iheslari eta deportatuen egoera, oraindik ere, aurtengo Aste Nagusia moduan, ezohikoa izaten jarraitzen baitu, salbuespen legediaren ondorioz. Konpartsetako kideak egoera honekin amaitzeko ordua dela uste dugu. Horretarako, herritarron aktibazioa behar-beharrezko da, gutako bakoitzaren konpromisoa eta elkartasuna egoera aldatzeko bultzada baita».

Bego Atxak, Sareren izenean, urruntze politikaren amaitzeko urrats esanguratsuak eman diren arrez, «oraindik ere salbuespen legedia aplikatzen jarraitzen» dela aipatu du. «Behin eta berriz esan dugu ez dugula pribilegiorik nahi edo eskatzen euskal presoentzat, baina bai gainerako presoei aplikatzen araudia berbera planteatzen dugu». Hau lortzerako bidean, bi ardatz aipatu ditu: «Presoen Euskal Herriratzea eta salbuespen legediari amaiera emateko helburuarekin, graduen progresoan. Izan ere, ardatz horiek gabe uste dugulako benetako etxeratze prozezua ematea ezinezkoa delako».

Azken garaiotan euskal presoen ongi etorrien inguruan Covitetik sortutako polemikaren inguruan galdetu zaio. «Ulertzen dugu biktima guztien mina eta, aldi berean, presoen senideen eta lagunen presoei egin nahi dieten ongi etorri edo harrera horiek ulertzen ditugu ere etxetik kanpo daramatzatelako urte luzeak. Zentsu horretan uste dugu beharrekoa dela oreka bat bilatzea, baina ezin dugu gehiagorik esan harrera horiek guk ez ditugulako antolatzen. Ardatza oreka izan dadila»

Jaia eta erreibindikazio lotuta, ekitaldia musikarekin bukatu da Plaza Barrian. Doctor Deseo taldeko Francisek bi kanta egin ditu –horietako bat euskaraz– eta Arkaitz Estiballesek, bertsoak: «Mina sortu daiteke eta jasan ere bai, eta batzuek gure mina ez dute ikusi nahi», kantatu du. «Minaz hitz egitea hitzetik hortzera ez gaitu eramango ezer konpontzera, gauza argia behar da ez pausuak atzera, ibilian ibilia betiko atzera lehenengo Euskal Herrira eta laster etxera».