Manuel Garcia de Andoin «Manolo» eta Jose Mari Lopez de Elorriaga «Coppi»
Garai zailenetan kulturaren bidez beren herriarekin hartu zuten konpromisoari eutsi diote «Manolok» eta «Copik» beren bizitzan zehar. Arabako eta Euskal Herri osoko dantzak eta musika zabaldu, berreskuratu eta sortu egin dituzte. Ondo ezagutu dituzten hiru lagunek hitz egin dute haien ibilbideaz.
Gasteizko Urrezko Zeledonak kultura elkartearen aldizkariak lagun biri eskaini die bere zazpigarren zenbakia, Manuel Garcia de Andoin Manolo eta Jose Mari Lopez de Elorriaga Coppiri, hain zuzen. Aldizkariaren sarreran, Urrezko Zeledonak elkarteko presidente Josemari Velez de Mendizabalek honela laburbildu ditu lagun bion ibilbidea eta izaera lerro bakan batzuetan: «Batez ere euren jaioterriko jai izpirituari heldu zioten gogo biziz, modu aktiboan. ‘Urrezko’ 7. zenbaki honek bi gasteiztar peto, bi folklorezale, bi nortasun jori eta bi gizakume konprometitu gogoratu nahi ditu. (…) Euren gaineko oroitzapena finkatzea da helburua, iragan ez hain urrutiko Arabako kultura eragileak izan baitziren eta haien irudia belaunaldi berriei eraman behar zaiela iruditu zaigu».
Biak izan ziren Urrezko Zeledon, urtero kultura, jendarte, zientzia eta beste alorretan nabarmentzen diren pertsonei edo taldeei ematen zaien saria jaso baitzuten Manolok eta Coppik 1987an eta 1993an, hurrenez hurren. Eta beste Urrezko Zeledon batek, Jose Mari Bastida Txapik, idatzi du bien biografia “Urrezko” aldizkarian; izan ere, ondo ezagutu zituen bera oso gaztea zenetik.
Txapirekin batera, biografiatu biak ezagutu zituzten beste bi lagunek ere hitz egin dute GAUR8rekin: Roberto Martinez del Campo Pol eta Felix Alberto Garcia Pitxi. Txapi, Arabako historia eta kulturaren ezagutzaile aparta, txistularia eta gaita eta tronpeta jotzailea da. Pol, atabalaria, Pitxirekin hasi zen dantzan. Azken honek, iheslari politiko ohiak, harreman estua izan zuen Manolorekin Baionan. Hirurak ere, Oldarki dantza taldekoak izan ziren Manoloren zuzendaritzapean. Txapiren biografiak oinarri, Manoloren eta Coppiren ibilbidea gogoratu eta haien hamaika pasadizo kontatu dituzte; lerrootan, ordea, bakan batzuk baino ezin izan dira jaso.
Manolo
Garcia de Andoin 1920an jaio zen Gasteizko Aiztogile kalean. Hamaika urterekin Zapatari kalean ELAk sortu zuen ikastolara joaten zen, eta garai bertsuan hasi zen dantzaren eta txistuaren munduan, sasoi hartako Gaztetxu taldean.
Berrogeiko hamarraldian Jesus Errasti txistularia ezagutu zuen eta Santa Maria parrokiako zentroan dantza entseguak zuzentzen hasi ziren biak. Euskal dantzari eutsi beharra zegoela uste zuten, eta zenbait urte igarota, Txirinbil dantza taldea sortu zuten, arrakasta handia lortu zuen taldea.
Dantzak, txistuak, kulturak ez ezik, egoera politikoak ere kezkatzen zuen Manolo, eta kezka horrek beste jardun batzuetara eraman zuen. Peli Romarategi, laster 100 urte beteko dituen misiolari eta artista gasteiztarra, berarekin ibili zen jardun klandestinoan. Duela urte bi, 1940ko hamarkadaren erdialdean kartzelara eraman zituen ekintza bat kontatu zion Romarategik GAUR8ri: «Franco Gasteizera etorri zen estatua bat inauguratzera, Senda pasealekuan. Egun hartan, bost lagunek pasealeku osoa ikurrinez eta panfletoz bete genuen». “Erbesteratuei muga zabaldu”, “Preso politikoak askatu” eta horrelako eskaerak agertu zituzten panfletoetan. Berarekin ekintza hartan parte hartu zutenen deiturak aipatu zituen Romarategik: Olano, Kortazar, Saez Lanas, Quintana eta Garcia de Andoin. Errepresioa salatzeko ekintza hura larrutik ordainduko zuten, ordea, Poliziak denak harrapatu, Hedegile kaleko polizia etxean jipoitu eta kartzelatu egin baitzituzten.
Euskara arrotz ez bazuten ere, «benetan, gramatikarekin», kartzelan ikasi zuten, «irakaslerik onenarekin», Romarategik gogoratu zuenez: Andoni Urrestarazu Umandirekin. Espetxetik ateratakoan, haren etxean jarraitu zuten ikasten. Eta han, San Antonio kaleko etxe hartan, sarritan atxilotuko zituzten berriro ere, baita behin baino gehiagotan kartzelatu ere, legez kanpoko bilerak egitea egotzita.
1954an, Txirinbil taldearen arrakasta gorabehera, Manolok ez zuen dantza erakustaldi hutsa egin nahi. Euskal dantza hedatu eta herriak propiotzat hartzea nahi zuen. Helburu horrekin, Oldarki taldea sortu zuen Patxi Martinez de Luna eta Iñaki Viñegra txistularien laguntzaz. Oldarki ere maila handiko taldea izan zen, eta dantza erakustaldiez eta hedapen lanaz gainera, hainbat dantza berreskuratu zituzten, hala nola Aramaioko “Txakolin” eta Arabako Errioxako dantza asko. Beste dantza batzuk, berriz, sortu egin zituzten; esate baterako, “Neska-mutilak azkenian pozik”, Felix Ascassoren partituraren gainean Manolok eta Jesus Errastik egin zuten koreografia.
Ekimen asko bultzatu zituen eragile gasteiztarrak, hala nola Santa Ageda bezperako koruak berreskuratzea, gerra baino lehen ezagutu zuen ohitura gogoan zuela. Baimena lortzea ez zen erraza; gainera, Manolok ezin zuen baimenik eskatu, Errepublika garaian, artean oso gazterik, isun bat ezarri baitzioten Vitoriano pilotalekuko mitin batean irakurri zituen hitz batzuk zirela-eta; halaber, frankismoan ere komisaria eta kartzela ezagutu zituen bere konpromiso abertzalea zela eta. Azkenean, trikimailuren bat tarteko, lortu zuten nolabaiteko baimena.
Baiona Ttipiko «ohorezko alkate»
Garcia de Andoinek Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen 1968an eta hil arte Baionan bizi izan zen, Amnistia Legeaz geroztik Gasteizera eta Hego Euskal Herriko beste leku batzuetara bisitaldiak egiten zituen arren. Felix Alberto Garciak lehenagotik ezagutzen zuen Manolo, eta berak ere 1979an ihes egin zuenez, harreman estua izan zuen harekin Baionan eta, muga zeharkatu ahal izan zuenean Gasteizen ere bai, tarteka.
1967an Oldarki taldea Biarritzera joan zen dantza egitera, baina garai hartan ez zen samurra muga igarotzeko baimena lortzea. Pitxik galdetu zuen zer behar zen baimena eskuratzeko eta Manolok esan zion gutxienez alkatearen sinadura edo zigilua. Arratsalde hartan bertan Pitxi udaletxera sartu zen ezkutuka eta gela bateko mahai batean zigilua topatu zuen, baita eraman ere, jakina. «Baimen» horrekin zeharkatu zuten muga.
Gogoan dute Pitxik eta Polek 1968ko apirilean, eurak Martuteneko kartzelan zeudela, Manolok Ipar Euskal Herrira alde egiteko bezperan, bisitan joan zitzaiela bien amekin. Pitxiren abizena eta Manolorenaren lehen partea berdinak direla baliatuta, haren osaba zela esan eta biak ikusi ahal izan zituen.
Ez zen Pol eta Pitxik kartzela zapaldu zuten lehen aldia izan, ezta azkena ere, 1967an sartu eta behin-behineko askatasunean atera baitziren; 1971n Pitxi atxilotu eta Ocañako espetxera sartu zuten, eta Polek ihesari eman behar izan zion; 1975ean biak sartu zituzten; 79an Pitxik alde egin zuen eta 81ean Pol berriro kartzelatu zuten…
Ez zen gauza arraroa Oldarki taldeko kideren bat, Manolo tartean, atxilotuta, kartzelan edo ihesean egotea. Pol eta Pitxi 1965 aldera sartu ziren Oldarki taldera; Txapi, berriz, 1968an. Honek gogoan du lehen aldiz jendaurrean dantza egin zuenean, Zalduondon, Pitxi eta Polez gainera taldeko beste lau kide espetxean zeudenez, lau dantzarik aurresku bat eta launako bat baino ezin izan zutela dantzatu, jenderik ez zegoelako. Esan bezala, urte hartan ihes egin zuen Manolok Ipar Euskal Herrira, hamaika atxilotze eta kartzelatzeren ostean.
Edonola ere, Manolok ihesean ere Gasteizko dantza taldeekiko harremanari eutsi zion; izan ere, Gasteizko zenbait talde Ipar Euskal Herrira, batez ere Lapurdira, dantza egitera joaten zirenean, Manolo eurekin elkartzen zen.
Hego Euskal Herritik zihoazen errefuxiatuekin ere harreman handia izan zuen, beti eman zien laguntza eta oro har oso maitatua zen hiri hartan «Baiona Ttipiko ohorezko alkatea». Han zenbait kultura elkartetako kide izan zen, eta haietako bat sortu zuen, Zahakin. Elkarte horrekin, Lehoi Erregea Baionako besten sinboloaren sortzaileetako bat izan zen. Berak iradoki zien gazte baionarrei besten hasierarako pertsonaia bat sortzea, Gasteizek Zeledon zuen modu berean.
1987an auto batek harrapatu eta larriki zauritu zen. Orduz gero, gurpil aulkian mugitu beharko zuen. Istripua gertatu eta egun batzuk geroago Urrezko Zeledon saria eman baitzioten, Bordeleko ospitalean jaso behar izan zuen ikurra, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Maritxu Goikoetxea Gasteizko zinegotziek Udalaren izenean eramanda.
Coppi
Manolo baino hamarraldi bi pasatxo geroago jaio zen Jose Mari Lopez de Elorriaga Coppi, 1942an, hain zuzen. Oinarrizko ikasketak egin ondoren, Lanbide Heziketa egiten hasi zenean, ikastetxean Jesus Moraza ezagutu zuen. Lagunak egin ziren eta Morazak musika pixka bat eta txistua jotzen irakatsi zion. Hamabost urterekin hasi zen dantzaren munduan San Pedro parrokiako zentroan eta, aldi berean, mendizaletasuna piztu zitzaion. Baina mendizaletasunak ez zion goitizena eman, beste zaletasun batek baizik: ziklismoak.
Parrokiako zentroa utzi zuenean, Oldarki taldera sartu zen, Garcia de Andoinek sortu zuen hartara, hain zuzen. Dantza taldeak harremana zuen Manuel Iradier Txangolari Elkartearekin, eta Coppi bertako espeleologia taldera sartu zen. Talde hura, 1962tik aurrera, beste espeleologia talde batekin bat eginda, Arabako Espeleologia Taldea izango zen.
1963an, Euskal Herriaren bilakaera kultural eta politikoan erreferentzia izango zen topaketa baten sortzaile izan zen. Gorbeiako Mairuelegorreta leizeko «zezen plaza» esaten dioten aretoan Jesus Guridiren “Amaia” operako ezpata dantzaren doinurako egindako koreografia dantzatu behar zutela bururatu zitzaion, euskal jaiak, euskara, mendizaletasuna bera jarduera ia subertsiboak ziren garaian. Manuel Iradier Txangolari Elkartearen eskutik, Coppiren ideiari eutsi eta 1963ko uztailaren 21ean Mairuelegorretako «zezen plazan» “Amaia” ezpata dantza izan zen protagonista, bertsolariekin, abeslariekin eta musikariekin batera. Hainbat motatako eragozpen ugariri aurre eginda, jaialdia baino askoz gehiago izatera iritsiko zen; sasoiko askatasun nahiak hitzordu saihetsezin izateraino.
Coppik argi zeukan euskal dantzak harrobia behar zuela Araban, eta uste sendo horrek gidatuta, Gaztetxu dantza taldea sortu eta zuzendu zuen Purficacion Goikoetxea emaztea izango zuenaren laguntzaz. Oso talde garrantzitsua izan zen Gaztetxu. Eta, Coppik nahi zuen bezala, benetako harrobia.
1967an, Arabako Dantzarien Biltzarraren sorreran parte hartu zuten Manolok eta berak Gernikan, gainerako herrialdeetako ordezkariekin bilera erdi klandestino batean. Arabatik, Manolo eta Coppirekin Jose Antonio Markinez eta Fernando Diaz Barruso joan ziren. 1970ean, Zarautzen egin zen batzarrean, Coppi Arabako ordezkari izendatu zuten.
60ko hamarraldi hartan kezka handi bat zuen Coppik: desagertzear zeuden euskal musika tresnak. Hartara, alboka jotzen hasi zen bere anaia Iñakik panderoarekin lagunduta. Jo ez ezik, diseinatu ea fabrikatu ere egiten zituen albokak eta dultzainak. Bere anaiarekin jotzen zuen gaita, eta 1972az gero, Gasteizko jaietan Guardiako eta Nafarroako bandak baino ez zirela agertzen ikusita, Iru bat taldea sortu zuen; haren anaiak danborra jotzen zuen eta Tito Aldama Hertzainak taldeko kide izango zenak bigarren ahotsa. Euskal musika tresnak hedatzeak ere arduratzen zuen Coppi, eta berari esker hainbat talde sortu ziren, hala nola Or Konpon gaita banda, aurtengo Urrezko Zeledon Mikel Delika kide izan zuena. Gaita jotzeari utzi zionean, txistua jotzen jarraitu zuen, Txirinbil taldeko txistulari bandan, hainbat dantza talderekin, jaietan…
Antz-azturak
Hainbat omenaldi egin izan dizkiete Coppiri eta Manolori, asko Arabako lehengo eta oraingo dantzariek. 2001ean, Manolo hil zenean Baionan egin zioten omenaldian, Demetrio Iriarte txistulari oñatiarrak duela urte asko konposatu eta Manolori eskaini zion biribilketa entzun zen: “Aupa Manolo!”.
«Antz-azturak», dio Pitxik, Manolo gogoan, eta kontatu du behin Lesakan, Manolo gurpil aulkian zeramala, bideari erreparatu gabe biok herriko dantzariei begira, aulkiak zoru ertzeko koxka batekin estropezu eginda Manolo lurrera jausi zela. Pitxi laguna altxatzera gerturatu zen eta bizkarrean uzkurdura nabaritu zuen. Foruzain bat hurbildu zitzaien eta Manolok bista altxatuta: «Hara, orain erreketeak ere badatoz!». «Izan ere, hilobirainoko antz-azturak», jarraitu du Polek. Bordeleko ospitalean, hiltzear zegoela, botika bat aldatu zioten eta sendagileak galdetu zuen alergiaren bat al zuen. Manolok orduan tentetu eta esan zuen: ‘Bai! Guardia Zibilari!’».
Coppik gaur egun desgaitasun fisiko handia du, baina bere gaixotasunak eragotzi arte jarraitu zuen txistua eskuan, Parkinson gaixotasunak eragiten zion dardara gorabehera. Dardara hori ezker eskuan oso bortitza izatera iritsi zenean, eskuz aldatu zuen txistua, jotzen jarraitzeko.
Zertzelada batzuk baino ez, beren herriaren nortasunaren adierazgarriari eusteko bizitza oso bat eman duten gizon biren gainean. Velez de Mendizabalekin bat, haien irudia belaunaldi berriei helarazten laguntzeko balioko dutelakoan.