INFO

EAEko biztanleriaren %11,1 eta Nafarroako %16,4 atzerrian jaiotakoa da

2021ean EAEn atzerrian jaiotako 4.777 pertsona erroldatu diren arren, immigrazio fluxuak %75,8ko jaitsiera izan du aurreko urtearekin konparatuz, pandemiak mugikortasunean murrizketak eragin dituelako.

Abandoibarrako pasealekua, Bilbon. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ikuspegik, immigrazioaren euskal behatokiak, argitaratutako azken txostenak jakitera eman du EAEko biztanleen %11,1 atzerriko herrialde batean jaiotakoak direla. Hau da, 2021eko urtarrilaren 1ean, atzerritar jatorriko 246.501 pertsona zeuden EAEn erroldatuta, aurreko urtean baino 4.777 pertsona gehiago. Hala ere, migratzaileen fluxua %75,8 gutxitu da 2020 urtearekin alderatuz. Ikuspegik ondorioztatu du covid-19agatik mugikortasuna murriztu izanak zuzeneko eragina izan duela beherakada honetan.

Datuak herrialdeka aztertu ezkero, Bizkaia da atzerrian jaiotako pertsona gehien bizi diren tokia, 121.737 baitaude erroldatuta. Gipuzkoan, kopurua 81.354 pertsonatakoa da eta Araban, aldiz, 43.410ekoa.

Hala ere, lurralde bakoitzeko biztanleria kopurua kontutan hartzen badira eta datuak ehunekoetan aztertzen badira, datuak alderantzizkoak dira. Hau da, Arabako biztanleria osoaren %13 atzerrian jaiotakoa da, Gipuzkoako biztanleriaren %11,1 eta Bizkaikoaren %10,6.

Dena den, 2021eko urtarrilaren 1ean erroldatu ziren atzerrian jaiotako pertsonen % 26,3k espainiar Estatuko nazionalitatea aitortuta zuen jada.

Espainiar Estatuko gainerako erkidegoekin alderatuz gero, EAE Espainiar estatuko bataz bestekoaren langaren azpitik kokatuko litzateke. Nafarroa, ostera, gainetik. Izan ere, Espainiar Estatuko biztanleria osoaren %15,4 osatzen dute atzerrian jaiotako pertsonek.

Jatorria aztergai

Jatorrizko herrialdeei dagokienez, atzerrian jaiotako Arabar, Bizkaitar eta Gipuzkoarren erdiak baino gehiagok jatorri Hego Amerikarra du. Zehazki, %51,7ak.

Ikusgunek jatorri atzerritarra duten erroldatuen gehiena latinoamerikarra izatea zaintza lanak egiteko langileen eskaerarekin lotu du: «diferentzia horien zergatia euskal gizartean bilatu behar dugu; izan ere, eskatzen dituen profilak, neurri handi batean, etxe-zerbitzuarekin eta zaintza lanarekin dute lotura».

Zaintza lanek, zuzeneko lotura dute emakumeekin. Izan ere, argitaratutako datuen arabera, EAEn erroldatu diren jatorri Hego Amerikarra dutenen %61,2 emakumezkoak izan dira. Datu hau esanguratsua da, izan ere, beste lurraldeetatik datozen emakume eta gizonezkoen kopurua nahiko parekatua da, %50eko langatik hurbil mantenduz.

Hala ere, aurten EAEn erroldatu diren Magrebtarren eta Saharaz Hegoaldeko afrikarren kasuan, gizonezkoak izan dira nagusi. Erroldatuen %62,4 eta %64,7 hurrenez hurren.

Herrialdeka, EAEn erroldatu diren atzerritar gehienak Kolonbian, Marokon eta Errumanian jaiotako pertsonak dira.