Lakuak 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoen %70 txertatu nahi ditu ikasturtea hasi aurretik
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza sailburuak, Jokin Bildarratzek, jakinarazi du 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoen %62,5ek jaso dutela behintzat covid-19aren aurkako txertoaren dosi bat. Helburua kurtsoa hastean %70ra iristea da. Eskolaz kanpoko ekintzak eta barnetegiak bueltan izango dira.
EAEko 12 eta 14 urte bitarteko gazteen %62,5ek hartu dute gutxienez koronabirusaren aurkako txertoaren dosi bat. Ikasturtea hastean %70era ailegatu nahi du Lakuak. Hala adierazi du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, laster hasiko den kurtso berrian indarrean egongo den protokoloaren aurkezpenean. Orain arte bertan behera geldituak ziren barnetegiak eta eskolaz kanpoko jarduerak berriro martxan jartzea izango da nobedadeetako bat.
Bildarratzek azaldu duenez, joan den ekainean ikastetxeei igorri zieten zirriborroaren oso antzekoa da astelehen honetan aurkeztu duten dokumentua. Presentzialtasuna –«gizarteari egonkortasuna emateko oso inportantea», baieztatu duenez–, 1,5 metroko distantzia, maskaren erabilera, garbitasuna, aireztatze gurutzatua, kontaktuen mugatzea eta txertaketa dira oinarriak.
«Burbuila» egonkorrak
Protokoloan jasotzen denez, Haur eta Lehen Hezkuntzan «burbuilak» ikasgelak berak izango dira, hau da, bertako kideek elkarrekin harremana izateko aukera izango dute. Ezberdintasuna da Haur Hezkuntzan ez dutela musukorik erabiliko eta Lehen Hezkuntzan bai.
DBHko lehen eta bigarren mailetan hiruzpalau ikasleko «burbuila» edo lan talde egonkorrak osatuko dituzte, eta taldeen artean gutxienez metro eta erdiko distantzia egongo da. «Burbuilak» ez dira aldatuko, gazte berek osatuko dituzte, hamar egun baino gehiagoko oporrik iristen ez den bitartean behinik behin. DBH 3 eta 4. mailetan, gainerako hezkuntza etapetan bezala, metro eta erdiko distantzia mantendu beharko dute ikasleek euren artean.
Eguna hastean ez dute tenperatura hartu beharrik izango, baina norberak etxean egitea gomendatzen dute. Kutsatzeren bat gertatuz gero, gainontzeko herritarrek bezala bete beharko dituzte berrogeialdi eta protokoloak.
Eskolaz kanpoko jarduerak eta barnetegiak, bueltan
Iaz geldirik egon eta gero, eskolaz kanpoko ekintzak eta barnetegiak berriz jarriko dira martxan. Bildarratzek esan duenez, eskolaz kanpoko ekintzak osasun «bermeekin» egin ahal izateko Hezkuntza etapa bakoitzerako ezarritako prebentzio irizpideak bete beharko dituzte. Eskola kirolak, aldiz, mugarik gabe funtzionatuko du printzipioz.
Barnetegiek atal propioa dute protokoloan. Ikasgeletako irizpide orokorrak eta elkarbizitzako talde egonkorren antolaketa dituzte oinarri. Sailburuak euskara ikasteko proiektu hori berriz martxan izatearen garrantzia azpimarratu du.
Osasuna zaintzeko programa bat lantzen
Baliabideei dagokienez, Bildarratzek ikastetxeek joan den kurtsoko baliabide berak izango dituztela aipatu du. 200 milioi euroko partida bat da, gehienbat koronabirusaren egoera honetan langile gehiago kontratatzeko erabiliko dena. Diruaren %63 sare publikora doa eta %37 itunpeko sarera.
Iragarri duenez, irakasleak eta ikastetxeetako beste langileak prestatzeko programa bat garatzen ari da Lakuako Gobernua, urte eta erdi pandemiarekin bizitzen eman eta gero ikasleen osasun emozionala eta mentala zaintzeko.