Realeko emakumeen taldeak Gaby Garcia aurrelariarekin osatu du aurtengo taldea
Venezuelako selekzioko jokalaria, azken hiru urteetan Galiziako Deportivo Abanca taldean aritu eta gero fitxatu du talde txuri-urdinak 24 urteko aurrelari hau, 2023ko ekainaren 30era arte. Osasun azterketa gainditu ostean, taldekide berriekin lanean hasteko «irrikaz» dagoela esan du.
Realeko emakumeek Garby Garcia Venezuelako aurrelariarekin osatu dute 2021/22 denboraldirako taldea. 24 urteko jokalari hau Galiziako Deportivo Abancatik dator eta 2023ko ekaniaren 30era arte sinatu du talde txuri-urdinarekin. Gipuzkoarrek ez dute ezer ordaindu behar izan aurrelaria fitxatzeko, libre etorri baita.
Azken hiru urteak eman ditu Galizian Gaby Garcia Venezuelako selekzioko jokalariak. Aurrez Estudiantes de Guarico taldean aritu zen, bere herrialdetik Europara jauzi egin aurretik.
Osasun azterketa gainditu du aurrelari Hegoamerikarrak eta Reale Arena estadioan izan da ostean, Joseba Ibarburu Realeko presidenteordea lagun zuela. Adierazi duenez, taldekide berriekin lanean hasteko «irrikaz» ei dago.
«Lanean noiz hasiko irrikaz nago. Gogo itzela daukat gogor lanean ekiteko eta taldekide berriekin ahal bezain arinen partida bat jokatu eta eman dezakedan hori ematen hasteko», adierazi du Gaby Garciak Realeko webguneari emandako aurreneko adierazpenetan.
Donostiarren jokatzeko estiloak asko erakartzen omen du eta zeresana izan ei du horren Euskal Herrira etortzeko erabakia hartzeko. «Asko gustatzen zait taldeak baloia beti berarekin nahi duela eta baita nola erabiltzen duen ere. Hona etortzeko arrazoietako bat izan da», azpimarratu du.
«Zelaian ez naiz oso berritsua, baina asko atsegin dut baloia oinetan edukitzea. Defentsan hobetu dudan arren, erasoan lagundu dezaket batez ere, golak sartzen laguntzeko», amaitu du Realeko jokalari berriak.