Beldurra emateko moduan irabazi du Arraun Lagunakek Kontxako emakumeen sailkapen estropada
Arraun Lagunak, Orio, Hondarribia, Tolosaldea, Deusto, Hibaika eta Chapela sartu dira zazpi denbora onenak markatuta. San Juan, Ondarroa eta Cabo, hiru segundoren tartearekin, Kontxako banderaren borrokatik at geratu dira, itsasoa bai, baina halako eguraldi petralik izan ez duen probaren ondoren.
«Gaurkoa irabazi dugu... sailkatu egin gara». Itziar Eguren, Arraun Lagunak taldeko presidenteak bere mihiari hozka egin behar izan dio Emakumeen XIV. Kontxako Banderako sailkapen estropadako emaitzaren ondoren, hain zuzen ia hiru ontziren aldea atera baitio bigarren sailkatu den Oriori.
Euskotren Ligako txapeldunak sekulako kolpea eman du mahai gainean asteazken honetan. «Beldurraren estropada» deitzen zaion honetan inongo beldurrik gabe aritu da, aurreneko paladatik azkenera arte. «Hau beste estropada bat da eta edozer gertatu daiteke. Beraz, ezin zara gordetzen aritu. Hasieratik jo dugu eta bai ederki atera zaigula!», adierazi du, bere aldetik, Andrea Astudillo «Lugañene» ontziko patroiak.
Alde ederra, bestalde, zortzigarren amaitu duen San Juan, bederatzigarren izan den Ondarria eta hamargarren postuan geratu den Caborekin. Sanjuandarren artean berbetarako gogo gutxi; Caboko arraunlarien artean, berriz, malko mikatz askoak eta kontsolatzeko modurik ez. Zazpigarren amaitu duen Chapelarengandik hurrengo lau sailkatuak –Zumaia Kontxako emakumeen estropadatik kanpo geratu da historian aurrenekoz– lau segundo baino gutxiagoren tartean geratu dira. San Juango trainerua zazpigarrenarengandik bi segundo baino gutxiagora. Kontxako estropadak horixe dauka: poza eta atsekabearen arteko tartea oso estua dela.
Sorpresarik ez
sailkapen nagusiari errepasoa jota, garbi dago ez dela sorpresarik izan, Chapelaren zazpigarren postua ez bada, Galiziako Ligan Caboren atzetik sailkatu berritan baitzetorren. Chapela bera izan da aurrenekoa arraunean eta bere erreferentziak azken ordura arte berak iraun du, tartean estu asko ibili bada ere.
Euskal Herritik kanpoko traineru bakarra izan da Chapela, eta Gipuzkoatik kanpoko bakarra Deusto, bosgarren lekuan sailkatuta. «Tomateraren» aurretik Euskotren Ligako traineruak sailkatu dira aurreneko hiru tokietan, ordena hierarkikoan sailkatu ere: Arraun Lagunak, Orio eta Hondarribia. Tolosaldea, ETE Ligako aurrenekoa, aldiz, laugarren postuan sailkatu da, Deusto bosgarren eta Hibaika seigarren postuan, berriz ere Kontxako estropadarako sailkatuaz.
Sailkatu guztiak A multzokoak izan dira, nahiz eta B multzotik joan diren Ondarroak eta San Juanek ere ez duten asko behar izan pronostiko horiek hausteko.
Denborei dagokienez, 11 minutuz azpitik «Lugañene» sailkatu da, Oriori ia bederatzi segundu ateraz. Oriok Hondarribiari, berriz, sei segundu sartu dizkio. Sailkapenean atzwera egin ahala, aldeak estutzen joan dira, batez ere, esan bezala, zazpigarrenetik hamaikagarren postura arte. Handik atzerakoek ez dute inolako aukeratik izan eta hori jakinean egin dute arraunean.
Euririk ez; itsasoa bai
«Zalantzatan ibili gara sartuko ote ginen edo ez, baina ETE Ligan ikusi da hiruzpalau talde borrokan genbiltzala. Gorabehera horrtean ibili gara eta behintzat sartu gara», adierazi du Hibaikako Inge Ugartek, pozarren, seigarren sailkatu ondoren.
«Itsasoaren egoerak engainatu egiten du», adierazi du Ugartek estropada amaitu berritan. Esperotako euri, ekaitz eta halakorik ez da izan eta haizea bera ere ez da beste mundukoa izan.
Alabaina, Kontxako badia platera lakoa ez da egon, ezta gutxiagorik ere. Are gehiago, ekialdeko haizeak dantzatuta, olatu nahiko petralak egokitu zaizkie arraunlariei, batez ere kanpoaldean. Traineru bat baino gehiagok nahikoa komeria izan du ziaboga emateko orduan, eta bigarren luzean olatuoi etekina ateratzea ere ez da batere erraza izan.
Zentzu horretan, Ondarroak, Cabok, Hibaikak edo Deustok bueltarako luze askoz hobea eman dute, baita Oriok ere, Arraun Lagunak ahaztu gabe, saiorik orekatuena egin baitu luze bietan. Chapelak, aldiz, aurreneko luezean finkatu du bere sailkapena, azken paladetan kostata aritu baita, nahiz eta sailkatzea lortu azkenean.
Txanden zozketa
Domekan 10.00etan jokatuko da Emakumeen XIV. Kontxako Banderaren aurreneko jardunaldia. Sailkapen estropadaren ostean, txanden zozketa buruta da. Hala, Euskotren Ligako lau taldeak bi txandetan banatuta aurkituko ditugu. Izan ere Tolosaldea eta Deusto Orio eta Donostiarrarekin arituko baitira aurreneko txandan.
Bigarrenean, berriz, Arraun Lagunak ia erlojuaren aurka aritu beharko da, Hondarribia, Hibaika eta Chapela izango baititu aurkari.
XIV. Emakumeen Kontxako Bandera. Sailkatze estropada:
1- Arraun Lagunak 10:54.00
2- Orio 11:02.46
3- Hondarribia 11:08.62
4- Tolosaldea 11:10.42
5- Deusto 11:13.68
6- Hibaika 11:13.74
7- Chapela 11:16.02
8- San Juan 11:17.58
9- Ondarroa 11:18.88
10- Cabo 11;19.84
11- Zumaia 11:19.88
12- Perillo 11:20.18
13- Isuntza 11:34.82
14- Tiran 11:34.82
15- Zarautz 11:45.66
16- Lutxana 11:47.82
17- Ribeira 11:57.70
18- Lapurdi 12:07.52
19- Mugardos 12:11.26
20- Castro 12:52.28