INFO

Kanarietara bidean ziren migranteen 22 gorpu erreskatatu dituzte, tartean bi urteko haur bat

86 pertsona zeramatzan ontzi bat hondoratu da Kanarietara bidean, horietatik 36 emakumeak eta 13 haurrak. Marokoren itsasontziek 22 gorpu erreskatatu dituzte, eta ez dute inor bizirik topatu. Hilotzak 21 emakume eta bi urteko neskatxa batenak dira, Helena Maleno aktibistak jakinarazi duenez.

Itsas Salbamentuko kideak, migrante bati laguntzen, joan den abuztuaren 25ean, Kanaria Handian. (EUROPA PRESS)

Caminando Fronteras GKEko Helena Malenok baieztatu du bere Twitter kontuan. Marokoko iturri ofizialek ere bai. 86 pertsona zeramatzan ontzi bat hondoratu da Kanarietara bidean. Horietatik 36 emakumeak eta 13 haurrak. Marokoren itsasontziek 22 gorpu erreskatatu dituzte, eta ez dute inor bizirik topatu. Malenok zehaztu duenez, hilotzak gorputegian daude. 21 emakume eta bi urteko neskatxa batenak dira. Gehienak Boli Kosta eta Ginea Konakrykoak.

Aktibistak azaldu duenez, hildako neskatoa Nadorren jaio zen. Bere ama haurdun iritsi zen bertara bere herritik ihesi. «Historia hauek espainiar mugan bizia galtzen ari diren hainbat emakume eta haurrenak dira», idatzi du txio batean.

Marokoren itsasontziek Saharaz azpiko 22 etorkinen gorpuak erreskatatu dituzte Ozeano Atlantikoan, Dajlan, Mendebaldeko Sahararen hegoaldeko muturrean, Caminando Fronteras elkarteak eta iturri ofizialek Eferi jakinarazi diotenez.

Helena Maleno GKE honen sortzaileak erantsi duenez, joan den astelehenean Dajlako hondartzatik atera ziren 86 pertsonetako batzuk izan daitezke. Euren ontzia desagertua dago oraindik. Bertan zihoazen pertsonen senideek GKEari esplikatu diotenez, topatutako hilotz batzuk bertan zihoazen lagunenak dira.

Caminando Fronteras elkarteko bozeramaileak baieztatu du agintari marokoar eta espainiarrak pertsona horien desagerpenaz ohartarazi zituztela. Gaineratu duenez, gorpuak Bir Ganduz herriko gorputegira eraman dituzte, Dajla hegoaldetik 288 kilometrora. Horietako hamarrek gainean zituzten pasaporteak. Bost ginearrak ziren eta beste bost Boli Kostakoak.

Marokoko iturri ofizial batek gorputegi horretara Saharaz azpiko etorkinen hilotzak iritsi direla baieztatu dio Efe agentziari, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.

Espainiar Gobernuko Barne Sailaren azken datuen arabera, 16.500 migrante baino gehiago iritsi ziren Estatura 2021 honetako lehendabiziko zazpi hilabeteetan «modu irregularrean», 2020ko aldi berean baino 5.409 gheiago. Gehienek, 15.000 lagun baino gehiagok, itsasoz egin zuten bidea, mila ontzi ingurutan.

67 migrante onik, Fuerteventuran

Bestalde, 67 migrante iritsi dira ontzi batean Fuerteventurako Gran Tarajaleko moilara. Pertsona hauek ere Saharaz azpikoak dira, 112 Larrialdi eta Segurtasun Zentroak (Cecoes) jakinarazi duenez.

Itsas Salbamentua izan zen ontzia aurkitu eta bertan zihoazen pertsonak erreskatatu zituena, tartean 14 emakume, bi adin txikiko eta bi haurtxo. Behin portuan, ohiko osasun zerbitzuek artatu zituzten. Esan zutenez, onik zeuden denak.

Oroitu behar da duela bi egun gutxinez 11 lagun hil zirela Kanarietako bide arriskutsu honetan.