Juan Mari Jauregi hil da, 13/13 sumarioan auzipetu zuten Egiako militante abertzalea
Juan Mari Jauregi Donostiako Egia auzoko militante abertzalea hil da, Sortuk jakinarazi duenez. 13/13 sumarioan auzipetu zuten eta Guardia Zibilak torturatu zuela salatu zuen. Prozesu honek eta torturek Jauregiren osasuna kaltetu zutela salatu du Sortuk.
Donostiako Egia auzoko Juan Mari Jauregi militante abertzalea hil egin da, Sortuk jakitera eman duenez. Ibilbide luzea egin du Jauregik ezker abertzalean eta konpromiso hori dela eta Auzitegi Nazional espainolak 13/13 sumarioan auzipetu zuen. Asteartean, hilak 7, berriro ekingo diote Madrilgo San Fernando de Henaresen konponbide demokratikoaren kontra martxan jarri den epaiketa politiko honi.
Uztailean hasi zen epaiketa baina Jauregi dagoeneko gaixo zen eta horregatik prozeduratik apartatu zuten Auzitegi Nazionaleko epaileek. Ondorioz, ez zuen Madrilera epaiketa joan beharrik.
«Konponbide demokratikoaren alde apustu egiteagatik, ordainetan infernua besterik ez zion eman Espainiako Erresumak, beste hainbat militanteri bezalaxe: 2010ean, bake nahia oztopatzeko, 13/13 sumarioa abian jarri zuten. Atxilotzean oso modu basatian torturatu zuen Guardia Zibilak Juan Mari, erabateko inpunitatez, bere lekukotzak erakutsi zuen moduan. Garai hartan, orain epaitzen ari diren lagunak lanean ari ziren Euskal Preso Politikoen Kolektiboa agertoki berrira egokitzeko, presoak agertoki hartan eragile aktibo izan zitezen», salatu du Sortuk.
Izan ere, 13/13 auziko epaiketan uztailean egindako saioetan argi eta garbi geratu zen torturapean lorturiko testigantzak direla akusazioaren oinarri bakanetakoak.
«Infernu horren zama azken egunera arte pairatu behar izan du Juan Marik: torturak osasuna kaltetu ez ezik sumarioa hamarkada batez luzatzeak oinazea areagotu baino ez zion egin. Juan Mari Estatuaren biolentziaren biktima dugu, eta Estatuak gupidarik gabe eta anker jokatu du berarekin: agertoki demokratiko baten alde jarduteagatik jesarrarazi zuten Auzitegi Nazionalean, ETAren jarduera armatua amaitu eta hamar urtera!», gaineratu du Sortuk.
«Bakea eta irtenbide demokratiko bat bilatu duten militante politikoen aurkako epaiketa politikoek behingoz amaitu behar dute. Oraindik indarrean den biolentziak, Estatuaren biolentziak, amaitu behar du. Bada garaia. Horregatik, irailaren 12an, 13:30ean Donostiako Bulebarretik irtengo den manifestazioan ezetz esango diogu 13/13 sumarioari. Dei egiten diegu norbanakoei eta gainerako eragileei ankerkeria hau salatu eta mobilizazioan parte har dezaten», erantsi du Sortuk.
Auziperatuak: konpromisoaren eredu
13/13 sumarioan auziperatuek komunikabideei igorritako ohar batean adierazi dutenez, «bereziki gogorra egiten da Juan Mariri agur esatea, guk bereziki 2010eko atxiloketak eta haren ondorengo ibilbide luzeak gu guztiongan izaten ari den eraginaz jakitun garelako».
«Guk bezalaxe, estatuen bortizkeria pairatuko dugun euskal herritar guztiok dakigu zein sakona den eragiten digun zauria», erantsi dute.
«Juan Mari guretzat elkartasun, konpromiso eta duintasun eredua izango da betirako, bere bizitza osoan eta azkan hatsa arte gure ondoan izan dugulako, bai gure sumarioaren atzean dauden estatu interesak salatzeko, nola presoei bere elkartasuna eta maitasuna adierazteko edo Euskal Herriaren aitortza aldarrikatzeko», gaineratu dute.