INFO

Sei pertsona atxilotu dituzte Iruñean eta beste bat Plentzian izan diren istiluetan

Iruñeko Udaltzaingoak sei pertsona atxilotu ditu desordena publikok egotzita. Plentzian Ertzaintzak beste gazte bat atxilotu du atzo gauean izandako istiluetan.

Iruñelo Udaltzaingoak sare sozialen bitartez zabaldu duen argazkia. (@PamplonaIrunaPM)

Iruñeko Udaltzaingoak adierazi duenez, sei pertsona atxilotu dituzte bart hiriko erdigunean izan diren istiluen ondorioz. Desordena publikok sortzea, kalteak eragitea eta bortizkeriaz egindako lapurreta egitea egotzi dizkiete.

Jesus Beriain Udaltzaingoaren eledunak Euskadi Irratiari azaldu dionez, jende andana bildu da San Gregorio kalean Alde Zaharreko tabernak itxi ondoren, eta Udaltzaingoaren patruilak kalea hustera joan direnean izan dira istiluak.

Sei lagun atxilotu dituzte eta, Udaltzaingoaren arabera, lau udaltzain zauritu dira. Sarasate Pasealekuan ere liskarrak izan dira.

Atxiloketa Plentzian

Bestetik, Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu du goizaldean Plentzian desordena publikoak leporatuta.

Kasu honetan, istiluak atzo gauean izan ziren, herriko Alde Zaharrean. Bertara hurbildu ziren Brigada Mugikorreko furgonetak, eta istiluak errepikatu ziren, asteartean gertatu zen bezala.

Asteartean Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen Plentzian, desordena publikoak eragitea eta agintaritza-agenteei aurre egitea egotzita.

Sare sozialen bitartez poliziaren oldarraldiaren hainbat bideo argitaratu ziren eta horietako batzuetan ikusten zen nola ertzainek eskopetak erabili zituzten gazteen aurka foam pilotak jaurtitzeko.

Plentziako alkate den Elixabete Uribarrik eskertu zuen «egora zailetan» egindako lana. Atzotik hasita eta larunbatera arte, herrikoak ez direnei sarrera murriztu diete udalerrian.