Euskaraz egiten duten elkarteen «Herrixka» sasoi betean Baionako Etxepare Lizeoan
Baionako Ikastolen Laguntzaileek bigarren aldiz antolatu dute 'Herrixka', euskarazko jarduerak eskaintzen dituzten elkarteen foroa. Elkarteek haien eskaintzak aurkeztu dituzte, eta hainbat animazio eta tailer praktiko ere izango dira egun guztian zehar Baionako Etxepare Lizeoan.
Goizeko hamarretan ireki ditu ateak bigarren aldiz 'Herrixka' foroak. Baionako Ikastolen Laguntzaileek antolatu duten ekimenak «euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duten elkarteak hobeto ezagutaraztea» du xede, eta horretarako, euskarazko jarduerak eskaintzen dituzten elkarteen foroa antolatu dute irailren 4ean Baionako Etxepare Lizeoan.
Ikastolen alde dirua biltzeko urte osoan zehar hainbat ekintza antolatzen dituzten guraso boluntarioek osatzen dute Baionako Ikastolen Elkartea eta aurten bigarren aldiz antolatu dute ‘Herrixka’ foroa. Iaz 20 elkarte baino gehiagok egin zuten bat Herrixkan eta aurten ere pate hartze arrakastatsua izan da. «Iaz bezala aurten ere 20 elkarte inguru batu dira, izan ere ekimen hau antolatu genuenean ohartu ginen guk uste baino elkarte gehiago dagoela eskaintza euskaraz egiten duena», azaldu du Nora Arbelbidek, Baionako Ikstolen Laguntzaile eta Euskaraz Bizi Batzordeko kideak.
Gurasoekin eta gurasoentzat
Euskara ardatz hartuta antolatutako ekimena izan arren guraso guztiak gonbidatuak direla azpimarratu du Arbelbidek, zeren, «badira guraso elebideunak eta baita esukaraz ez dakiten gurasoak ere, haien haurrek eskolaz kanpoko aktibitateak euskaraz egitea nahi dutenak, eta hona etrotzen badira zein aktibitate egin dezaketen eta nork eskaintzen duen jakin ahal izango dute».
Jendea gune jakin batean biltzeak duen garrantazia ere nabarmendu du Euskaraz Bizi Batzordeko kideak. «Ez dira aukera asko Baionan euskaraz aritzeko eta horrelako ekimenekin, egun batez bederen, euskaraz aritzeko parada ere eskaintzen da».
Euskarazko eskaintza egiten duten elkarteek haien lana ezagutzera emateko ekimen desberdinak antolatu dituzte, baina horrez gain, antolatzaileak gurasoak direnez, gurasoek dituzten abilezien berri emateko aukera ere bada, horregatik egitarauan diren hainbat animazio eta ekintzetako protagonistak gurasoak dira, haien artean ere denetik baitago, hala nola abeslariak, musikariak, idazleak, eta abar.
Egun osoko egitaraua
Goizeko hamarretan hasi dira ekimen desberdinak. Etxepare eraikineko gune batean adin desberdinetako haurrentzako ipuin kontaketak antolatu dituzte, beste gune batean yoga eta reikia saioak eskaini dira eta beste gune batean tailerrak izan dira, esaterako, marrazki eta serigrafia tailerrak edo euskaraz ikasten hasteko kurtsoak kasu, beste maila batean, finantza pertsonalaren kudeaketa lantzeko tailerra ere eskaini da.
Eguzkia lagun, elkarte desberdinek haien eskaintzaren berri emateko mahai informatiboak jarri dituzte lizeoaren kanpo aldean, eta handik gertu egun guztian zehar luzatuko diren animazioak egiteko gunea prestatu dute. Bertsoak, kantua, dantza eta zikiroa izango dira besteen artean, eta amaitzeko, arratsaldeko lauetan kontzertua eskainiko du Ohiana Rock taldeak, Baionako Oihana ikastolako gurasoek osatutako musika taldeak.