INFO

Interneterako hezi, ezinbesteko ikasgaia

Smartphoneak egunerokoan heldu eta gazteen bidaideak bilakatu dira, eskaintzen dituzten aukera eta arrisku guztiekin. Pasa den ikasturtean ikusitakoan oinarrituta, Macsonrisas egitasmoaren txosten batek erabilera eragabe bat marrazten du, heziketa digitalaren garrantzia eta beharra erakusteko baino.

Haur bat ohean, sakelako telefonoari begira. (Jaizki FONTANEDA I FOKU)

Ikasturte berriaren atarian, maiz kezkatzen gaituen ikasgai bat berragertzen da: gailu digitalen erabilera neurrigabea haur eta nerabeen artean. Noizean behin albiste izaten dira errealitate hori deskribatzen duten ikerketa eta txosten berriak, familien eta ikasleen kezkak, arriskuak edo aholkuak plazaratzen dituzten ikerlanak. Duela urte batzuetatik hona hezkuntzaren munduak arrastaka daraman ikasgaia da heziketa digitala; bizitzaren arlo guztietara heldu diren smartphoneen erabileran heztea edo Interneten eta sareetan nabigatzeko gaitzea, labur esanda. Berez, hezkuntza arautuan agertzen ez den ikasgaia da, baina etxeetan eta geletan aspalditik dagoen kezka da. Adituek behin eta berriz ohartarazten dutenez, aferak gero eta eragin handiagoa dauka ikasgelako funtzionamenduan, harremanetan edo osasunean.

Ertz ezberdin ugari dituen errealitate poliedrikoa da hezkuntza komunitateak aurrean daukana: gero eta erabiltzaile gazteagoak, adinerako egokiak ez diren edukiak, konektatuta ematen diren demaseko orduak, nabigazioaren arriskuak, interakzioen eta harremanen kudeaketa, maila ekonomikoaren araberako arrakala digitala... Komeniko litzateke, beraz, ikasturte berriari ekin baino lehen aurrekoan ‘ikasgai’ horretan ikusitakoari erreparatzea.

Julen Linazasoro gizarte langilea da eta teknologia digitalen erabileran aditua. Iruindarrak heziketa digitalaren inguruko saioak eskaintzen duen Macsonrisas proiektua gidatzen du. Ondoan, arloan adituak diren bi irakasleren laguntza du. Pasa den ikasturtean, 700 formazio saio baino gehiago eskaini zituzten ikastetxeetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Eskaintza ez da geletara mugatzen, kultur etxeetan, gaztelekuetan, ludoteketan edo enpresetan ere lan egin dute. Ematen dituzten saioen hartzaileen artean, beraz, ez daude ikasleak bakarrik, irakasleek eta gurasoek ere jakin nahi dute errealitate hori zelan kudeatu, zer gertatzen den ulertu eta nola jokatu behar duten ezagutu. Hortaz, Macsonrisas-en proiektuaren azken memoriak begirada ezberdinak ere biltzen ditu.

Ekimen pribatuko egitasmoa da Macsonrisas baina lantzen duen formakuntzak duen proiekzio sozialagatik erakunde ezberdinekin elkarlanean aritzen da. Horren azken adibidea, pasa den ikasturtean, Vital Fundazioarekin sinatutako hitzarmena da. “Har ezazu kontrola” izeneko programa horrek martxan jarraitzen du ikasturte honetan.

Eskaintzen duten aholkularitzak hainbat atal jorratzen ditu: mendekotasuna (Interneten gehiegizko erabilera), sextinga (sexuarekin lotutako estortsioa), grominga (adingabeenganako nagusien sexu hurbilketa) edo jazarpena, besteak beste.

Programa horri esker, Arabako sare publiko eta pribatuko hainbat ikastetxek doako formazio saioak jaso zituzten pasa den ikasturtean, eta programazio berriak eskaini ahal izango dituzte ikasturte berrian. Proiektuaren barruan, gainera, Lakuako Justizia Sailarekin elkarlanean, delituak egin dituzten eta bitartekotza prozesuan dauden adingabeentzako prestakuntza ematen dute.

Ikasturtean zehar ikusitakoa bildu eta txosten batean islatu dituzte ondorioak. Lana, beraz, haurrek eta nerabeek egiten duten teknologien erabileraren erradiografia gisa har daiteke, eta badaude kezkatzen duten puntu batzuk. Hala ere, identifikatutako kezketan sakontzea baino gehiago, horiei aurre egiteko tresnak ematea da helburua. Kezkatzearekin ez dugu ezer egiten soluziobideak jartzen ez baditugu; hori izango litzateke mezu nagusia. Horri erantsi beharko litzaioke erantzun egokia emateko komeni dela ulertzea gazteek zer pentsatzen duten eta egiten duten erabilera zelan hautematen duten.

Gero eta goizago

Ikasturtearen memoria horretan idatzita utzi dutenez, ondorioztatu dute, esaterako, haurrak gero eta goizago hasten direla smartphonea erabiltzen, nerabeen artean adikzio kasuak areagotzen ari direla eta online bidezko apustuen kasuen gorakada ikusten dela… Deskribatzen duten kaos moduko errealitate horretan, gurasoak eta irakasleak gaindituta agertzen dira, kontrolik gabeko erabilera desegoki ugari eta ezberdinen ondorioz. Mezu positiboa? Mundu horietan ondo murgiltzeko hezi daiteke, arriskuak erakutsita eta muga batzuk jarrita.

Duela ez hainbeste urtera arte, seme-alabek telebista aurrean ematen zituzten ordu luzeak ziren gurasoen kezka nagusia, eduki desegokien ondoan. Pantaila txikiagoak heldu ziren, eta horien erabilera zabaltzen hasi zen. Telebista ez da jada gehien kontsumitzen den pantaila. Smartphoneak eta tabletak etxeko gailu nagusiak bilakatu dira, helduen eta txikien artean. Dinamika horretan, etxean egin beharreko egonaldi luzeak ekarri dituen pandemia heldu da. Ikasgelak ixtearekin, eskolak ere pantailaren bidez jaso dituzte. Telefono, tablet edo ordenagailuen erabilerak, beraz, pisu handia hartu du: lan egiteko, etxerako lanak egin ahal izateko, harremanak egiteko, informazio erabilgarria bilatzeko edo, egoerak eskatzen badu, marrazkiak ikusteko. Kontua ez da epaitzea, debekatzea edo zigortzea, baizik eta erabilera neurtua eta gozagarria egiten irakastea; horixe azpimarratu dute Macsonrisas proiektutik.

78 ikastetxetan

Amaitu berri den ikasturtean 78 ikastetxetara heldu dira Macsonrisasen formazio saioak. 740 ikasleekin izan dira, familiekin 102 saio egin dituzte, eta beste 39 irakasleekin. Erdiak baino gehiago Lehen Hezkuntzan (LH) izan dira (%53), DBHn gainerako ia guztiak (%43), eta kopuru txiki bat Batxilergoan, (%3).

Zer ikusi dute? Lehen Hezkuntzan, gero eta goizago hasten direla sare sozialetan eta online jokoetan. Pandemiaren aurretik, 5. eta 6. mailako ikasleak ziren sare sozialen eta online jokoen erabilera egiten zuten gazteenak. Orain, 4. mailako ikasleak ere aritzen dira. Macsonrisaseko kideen iritziz, konfinamenduak eragin handia izan du, baina ez da arrazoi bakarra izan. Izan ere, izurria heldu aurretik, 2018-2019 ikasturtean, antzeko joera ikusi zuten.

Geletan ikusitakoaren arabera, 6. mailako ikasle gehienek telefono propioa dute; 5. mailan, erdiek; eta 4. mailan, gutxiago dira, «baina asko dira». Whatsapp da gehien erabiltzen duten aplikazioa, euren telefono propioetan edo aita edo amarenean. Gehienak «euren adinerako oraindik gomendatuta ez dauden jokoetan» ibiltzen direla baieztatu dute.

Berez, TikTok da LHko azken bi mailetako ikasleek gehien erabiltzen duten sarea, baina ikusi dute jada 4. mailakoek ere erabiltzen dutela. 3. mailako daturik ez dago, oraingoz formazio saioak ez direlako gela horietara heldu.

Gustukoen dituzten jokoak ere ezagunak izango dira etxe askotan, “Among Us” (10 urtetik gorakoenen artean), “Fornite” (12 urtetik gorakoenen artean), “Brawl Stars” (+10), “GTA” (+18) eta “Call Of Dutty” (+18).

Arriskuak ez dira ezezagunak. Linazasorok aipatu duenez, adin horietan ez dute oraindik ezezagunen hurreratze desegokiak edo arriskuak antzemateko gaitasunik, ezta ikusten dutenarekin kritiko izateko gaitasunik ere. «Adin horiekin dena sinistu eta errepikatu dezakezu, ez dakizu gauzak kontrastatzen, eta horrek arazo asko eragin ditzake haurrengan», azaltzen du.

Txostenean aipatzen dute, bestalde, Whatsapp eta antzeko mezularitza zerbitzuak era desegokian erabiltzeak ikaskideen artean «arazo eta eraso digital ugari» sortu dituela, eta «ia gela guztietan» gertatzen dela hori.

Azaltzen dutenez, haur gehienek «interes handia» erakusten dute pribatutasunaren inguruan, baina daukaten pertzepzioari begiratu behar zaio: «Gailu digitalekin hazi direnez, smartphoneak barne, normaltzat jotzen dute hauek izatea eta gehiegizko erabilera hori», eta hainbeste erabiltzen ez dituen haurra «arraroa» dela pentsatzen dute. Era berean, Interneten dagoen guztia, pertsona guztiei, edozein adinetakoei, zuzenduta dagoela uste dute, denen eskura dagoen zerbait dela. «Dena beraientzako dela uste dutenez, ez dute ulertzen eduki batzuk helduentzako direnik», eransten dute.

Konektatuta egoteko pentsatuta

Sare sozialen mundua, gainera, konektatuta egoteko denbora handitzeko pentsatuta dago, adikzioa sortzeraino, azaldu du Linazasorok. Algoritmoek zerk sumintzen gaituen detektatzen duten moduan, ikasi dute, demagun, Youtuben bideo eroek erabiltzaile horren arreta pizten dutela, edo dietaren inguruko bideoak bisitatzen baditugu irrikan egon gaitezkeela beste bideo jakin batzuk ikusteko ere.

Baina bestelako egoera batzuk ere sortzen dira. Linazasorok dio gazteek arazoak ere izaten dituztela youtuberrek zuzeneko batean esaten duten guztia deskodifikatzeko eta egokiak edo desegokiak diren mezuak edo aholku zentzugabeak ezberdintzeko. Pornografia ere hor dago, bilatu ez arren, iritsi egiten baitzaie, nahiz eta gurasoen kontrola ezarrita izan.

Smartphone edo pantaila batek eduki mugagabeko unibertso bat zabaltzen du, eta horregatik funtsezkoa da, Linazasororen ustez, seguruago nabigatzeko arauak, mugak eta tresnak ematea.

Formazioaren alderdi hori hezkuntza munduan integratuta egon beharko litzateke, haren ustez. Mundu hori geratzeko heldu bada, hobe da, dioenez, ahalik eta arinen horretan trebatzea.

Mezua familiei zuzenduta dago. Esplikatzen duenez, gurasoentzako saioetan, hasierako mailetako ikasleen aita-amak ez dira bertaratzen uste dutelako errealitate hori oso urruti geratzen zaiela, eta hori akats bat da. «Adin horiekin hasi behar da, askoz errazagoa delako»; izan ere, sareetan denbora luzez bere kabuz dabilenari zailagoa da gero esatea beharrezkoak direla ezagutu ez dituen mugak.

«Arazo ezberdinak» ikusten ari dira, baita buru osasunean ager daitezkeen eraginak ere. Txostenean aipatzen dute «narzisismoa areagotzen ari dela, eta «buruko eritasunak, agian eragin ez, baina areagotu» ditzaketela.

Hain hedapen handia hartu duen sareen erabileraren aurrean, arriskuak saihestea eta mugak jartzea familia askoren buruhausteak bilakatu dira azken boladan. Hala ere, Macsonrisas-en aritzen den lantaldeak aipatzen du familiek oro har ez diotela garrantzirik ematen heziketa digitalari eta pantailen gehiegizko erabilera eta kontrolik eza ahalbidetzen dutela.

Lau ordu egunero, pantailari adi

Egoera are korapilatsuagoa da DBHn, berdinen arteko harremanak hain garrantzitsuak diren adin tarte horretan. Egoera kezkagarrien artean dago zenbat denbora ematen duten online jokoetan eta sare sozialetan txateatzen, askotan gaueko ordu txikietara arte. «Nerabe gehienek ez dute inolako erreparorik esateko pantailak astean zehar egunero lau orduz erabiltzen dituztela, eta asteburuan bost eta sei ordu bitartean», dio memoriak, eta irakasleak «mendekotasun koadro batzuk» hautematen ari direla ikusi dute. Mutilen artean, gainera, «pornografiarekiko obsesioa» detektatu da geletan.

Nerabeen arteko espazio digital hori euren arteko gatazken espazioa ere bada. Kontua da sareetan partekatzen denak askoz proiekzio publiko handiagoa daukala. Besteen onarpenaren etengabeko bilaketa horretan, jarraitzaile gehiago izateko gauza asko egitera hel daitezkeela aipatzen du Linazasorok. Horregatik, ariketetako bat jarraitzaileak eta lagunak ezberdintzean datza, eta horretarako zailtasunak agertzen diren kasuetan arreta jarri behar da, egoera zail horietan lagunak behar direla uler dezaten, ez jarraitzaileak.

Saioen ondoren bete behar duten balorazio orrietan, aurkitzen dute «ama paranoiko baten kezkak» baino ez zirela uste zuela batek baino gehiagok.

Nerabeekin izandako solasaldietan baieztatu ahal izan dute, bestalde, teknologiaren erabileraren inguruko ezjakintasun orokorra dagoela. «Ez dakite legea Interneten ere aplikatzen dela, eta egunero egiten dituzten ekintza asko delituak direla eta ondorio legalak dituztela», adierazten dute memorian.

Atal horretan kokatzen dute Whatsapp taldeetan partekatzea adin txikikoak biluzik edo sexu ekintzetan agertzen diren irudiak edo bideoak. Txostenean diote «zur eta lur» geratzen direla beste pertsona batzuen sexu irudiak bidaltzea edo sare sozialetan argitaratzea delitua dela entzuten dutenean. Gertatu zaie formazio saioak bukatzerakoan, ikasle batzuk zuzendaritzara jaistea sextorsioaren biktimak direla salatzera. Beste batzuek lapurretak, iruzurrak, nortasun ordezkapenak edo eraso digitalak deskribatzen dituzte. Baieztapen gordin bat jasotzen du memoriak: «Nerabe askok isilean delitu asko jasaten dituztela iruditzen zaigu».

Apustuak eta kriptomoneta

Ikasleekin izandako elkarrizketetan ondorioztatu dute, era berean, desinformazioaren eta ‘fake’-en erresuman bizi direla. Askok TikTok-en eta Instagram-en ematen dute ia denbora libre guztia, mota guztietako mezuak eta aholkuak jasotzen. «Ez dute pentsatzen entzuten ari direna gezurra izan daitekeela, eta ez diote beren buruari galdetzen aholkuak ematen dituen pertsona hori gaituta dagoen edo prestakuntzaren bat duen gai horren inguruan hitz egiteko».

Sare sozialetan aurkitutako informazioa ere ontzat ematen dute, ez dute kontrastatzea planteatzen eta «ez dakite nola egin», adierazten dute hezitzaileek. Geletako saioetan, ProAna (anorexia) eta ProMía (bulimia) bezalako komunitate arriskutsuen gainean hitz egiten dute. «Saioa amaitzean, nerabe batzuk hurbiltzen zaizkigu ea pisua galtzeko ezer ez jatea txarra den galdetzera», kontatzen dute. Eransten dutenez, sareetan edozein gairi buruz aholkuak ematen dituzten pertsonak eta foroak aurkitzen dituzte, batzuk baztertzen dituzte, testuingurutik ateratzen dituzte edo txarto ulertu. Beste fenomeno bat ere ikusi dute: irakasleekiko mesfidantza areagotzen ari dela, TikTok-en ikusten dituzten bideo askoren ondorioz.

Atal bat eskaini diote Macsonrisasen komunikazio digitalean ikusten duten «jarrera toxikoen gorakadari». Gehienek pribatutasuna baloratzen dute, baina badago arrisku handi bat ‘like’ asko edo jarraitzaile asko izateagatik «edozer gauza egiteko prest» daudenen artean. Jarraitzaile asko izateak «estatus sentsazio faltsua» eragiten die, eta sarritan ez dute kontuan hartzen Interneten argitaratzen duten guztiak eragina izan dezakeela etorkizunean.

Komunikazio digitalean, «jarrera toxikoen gorakada handia» antzeman dute, hainbat erasoren normalizazioarekin batera. Online apustuen gorakadak ere kezka sortzen du. «Independentzia ekonomikoa lortzeko modu bat dela» uste dutela nabarmentzen du txostenak. Batzuk kriptotxanponetan inbertitzen ari direla ikusi zuten, «dirua azkar lor daitekeen ideia faltsuan oinarrituta». Ideia hori Youtuber eta influencer ezberdinek bultzatzen dutela baieztatu daitekeela ohartarazi dute memorian.

 

GAUEKO MEZUAK ETA LOALDIAN DUTEN ERAGINA

Mugikorren erabilerak sortzen dituen kezken artean, lo orduen galera da nabarmen hazitako bat. Bistakoa da, pandemiarekin adin guztietako erabiltzaileen artean areagotu direla mezuen partekatze horiek, etengabe heltzen direla sareetako jakinarazpenak... Gazteen munduan, gainera, mezuak ezin dira erantzunik gabe hurrengo egunerako utzi; nolabaiteko estresa sortzen dute, erantzuna unean espero dutelako. Osasun egoeragatik etxeratzeko aginduekin, gainera, biderkatu egin dira taldeetako bideodeiak, txatak... Macsonrisas-en memoriak jasotzen duenez, sare sozialak «modu kaotiko batean» erabiltzen dituzte, eta «oso ohikoa» da Whatsappen 20 talde baino gehiago dituzten nerabeak aurkitzea, 34 talde arte. Era berean, Instagramen ere talde ezberdinak dituzte, eta aldi berean erabiltzen dituzten hainbat kontu. Finean, telefono bidezko espazio horiek harremanetarako tresna nagusiak bihurtu dira konfinamenduetan... eta ordutegiak ezabatzen joan dira. Arazoa etxeetan ikusi da eta geletan irakasle askok baieztatu du gauean pantaila aurrean demaseko orduak ematearen ondorioak. Udan, gainera, «vamping teknologiko» izeneko fenomenoa maila estratosferikoetara heldu ahal izan da kasu askotan.

Adituen ustez, argi dago pandemiak arazoa areagotu duela, baina ezin zaiola izurriteari bakarrik leporatu, arazoa aurretik detektatuta baitzegoen. Iazko ikerketa baten arabera, gazteen %81,5ek aldatu egin zituzten lo erritmoak eta askok arazoak izan zituzten lo egiteko. Batzuek 100 mezu jasotzen edo bidaltzen dituzte egunero beren gailu mugikorren bidez.

Hainbat txostenen arabera, aurreko urteetan, nerabeen ia %70ek ez zuten behar adina lo egiten –zortzi eta hamar ordu artean–; nerabeen %60k baino gehiagok logelan zuten mugikorra ohera zihoazenean, eta %80k ezkutuan pantaila kontsultatzen zuten ordu batez edo bi orduz.

Ikerketek ondorioztatu dute egungo nerabeek duela mende batekoek baino ordubete gutxiago ere lo egiten dutela. Fenomenoa mundu mailako da, eta frogatu da loaldi faltak suminkortasuna, nekea, buruko mina edo arreta falta eragiteaz gain, hazkundean ere eragin dezakeela.

 

HAIEKIN HITZ EGIN, MUGAK JARRI ETA TXIKITATIK HASI

Arriskuak saihestea eta mugak jartzea familia askoren buruhausteak bilakatu dira. Linazasororen iritziz, Lehen Hezkuntzan oinarrizko irizpideak jarraitu beharko lirateke, gutxienez smartphonea izateko eta online jolasteko adinaren araberako mugak errespetatzeko. 16 urtera arte gehienez bi orduko konexioa ez gainditzea da gomendio nagusia. Horrekin batera, gailuen ezarpenetan jar daitezkeen prebentzio neurriak ezartzea gomendatzen dute, eta haurrekin hitz egitea.

«Guk haurrei erakusten diegu, adibidez, zer den informazio pribatua eta zer ez, kontuz ibil daitezen eta jakin dezaten zer eman dezaketen eta zer ez», azaldu du. Erantsi duenez, «ezin diegu esan ezezagunekin ez hitz egiteko, online jolastean harreman asko sortzen direlako ezezagunekin, horretarako jolasten da online, baina kontrola izaten ikasi behar dute».

Gakoa ondo babesteko tresnak ematean dagoela uste du. Onartzen du ez dela erraza. Askotan aurkitzen dituzte «gu ondo egiten saiatzen gara baina beste guraso batzuek oso zail jartzen digute» dioten familiak. Horren aurrean, aholku bat dute, LHn familia taldeak sortzea eta talde horietan mugak adostea; eta geletan, txat moduko aplikazioak desaktibatzea.