Altunak eta Arangurenek osatuko dituzte Caixabank Masterseko finalerdiak (22-13)
Emaitzak pentsarazi dezakeena baino lan gehiago eginda menderatu dituzte Zumaian Urrutikoetxea eta Martija. Jokin Altunak 11 tanto egin ditu jokoan eta bera izan da laukoteko onena, nahiz eta Arangurenek ere ongi lagundu dion.
Jokin Altuna eta Aitor Aranguren Caixabank Masterseko finalerdietarako sailkatu dira gaur Zumaian jokatu den play-offetako kanporaketan Mikel Urrutikoetxea eta Julen Martija 22-13 menderatu ondoren. Gorriek neurketa oso serioa jokatu dute eta Amezketako aurrelariaren inspirazioak aukerarik gabe utzi ditu urdinak.
Finalerdietan Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko dute Altunak eta Arangurenek, seguruenik datorren igandean Hondarribian. Beste finalerdian, printzipioz larunbatean Vianan jokatuko dena, Peña II-Rezusta eta Elezkano II-Mariezkurrena neurtuko dira.
Zumaiakoa emaitzak pentsarazi dezakeena baino norgehiagoka gogorragoa izan da. 22-13 amaitu da, baina lau protagonistek 483 pilotakada jo behar izan dituzte ia 70 minutuko deman.
Beti aurretik markagailuan
Oso sartuta ekin diote neurketari gorriek eta markagailuan 7-1 aurreratu dira. Jokin Altuna ikusgarri aritu da lehen txanpa horretan eta gorrien zazpi tanto horietatik bost bere erremateak izan dira, sake on bat ere gehituz bere zenbakiei.
Pilota aldatzearekin batera, ordea, urdinen erreakzioa iritsi da. Martija fresko ikusi dugu atzean, pilotakada onak jotzen eta batez ere defentsan lan ona eginez, eta Urrutikoetxea ere ez da gehiegi nahastu aurrean. Horrela iritsi dira gorrien hainbat huts eta markagailua 7-6 estutu da.
Une horretatik aurrera partida dezente parekatu da, piloteoan ez zuen inork argi agintzen, eta tanto gogor batzuk heldu dira. Hala ere, Jokin Altunaren kalitatea izan da tanto horietatik gehienak erabaki dituena –jokoan egindako 11 guztira–, eta joera beti gorrien aldekoa izan da. Eta joera markagailuan islatu da, gorriak berriz ere 13-8 aurreratu baitira hiru tanto segidan eginez.
Aldeak handitzen joan dira apurka-apurka eta gorrien 5-0ko partzial batek erabat hautsita utzi du norgehiagoka 20-12an, Altunak zabalean egindako dejada eder baten ondoren.
Dena galduta zuelakoan, Urrutikoetxea arriskatzera joan da azken tantoetan baina bizkaitarrak ez du batere asmatu eta azkenean 22-13koa izan da emaitza.
«Txisparekin»
«Partida gogorra izan da, exigentea. Baina ni gustora ikusi naiz, txisparekin, uda guztian bezalaxe. Eta txispa horrekin nagoenean errematerako pilotak ere aurrerago hartzen ditut. Ligaxkan hirugarren izan ginen, lau onenen artean sartu gara orain… uste dut torneo polita egiten ari garela», adierazi du Jokin Altunak amaieran.
Datorren asteburuko aurkariei buruz, loreak baino ez ditu izan amezketarrak. «Historian izan den aurrelari onenetako bat eta historian izan den atzelari onenetako bat. Horrekin dena esanda dago, baina ea aste honetan ongi entrenatzen dugun eta ongi heltzen garen partida horretara».
Aipatu behar da Jokin Altunak min hartu duela lepo aldean epaileek buelta eman duten tanto batean, markagailua 15-11 zela. Urrutikoetxeak belaunarekin jo dio lepoan eta amezketarrak minbera amaitu du partida, nahiz eta ez duen espero arazo larria izatea.