INFO

«Artz bakartien» aurka terrorismoaren legea zorroztuko du Zelanda Berriak

Zelanda Berria urteetan saiatu da pasa den ostiralean jendea labankadaka erasotu zuen Sri Lankako yihadista bidaltzen. Jacinda Ardern lehen ministrak terrorismoaren aurkako legea zorroztuko duela iragarri du.

Jacinda Ardern Zelanda Berriko lehen ministra. (MARK MITCHELL-AFP)

Tamil etniakoa izanik, Sri Lankara itzuliko balute atxilotu eta torturatu egingo zutela argudiatu zuen  eta terrorismoaren aurkako legedia erabiliz zigortzeko saiakera guztiek porrot egin zuten, azaldu du atsekabetuta Jacinda Ardern lehen ministrak

Ahamed Aathil Mohamed Samsudeen 2011an iritsi zen Zelanda Berrira, ikasle-bisarekin. Bi urteren buruan errefuxiatu statusa onartu zioten.

2016an Poliziaren zaintzapean jarri zuten Facebooken erºaso yihadistak goraipatzeagatik. Siriara joatekoa zenean, ehiza-labana eta Estatu Islamikoaren propaganda maletan zuela, atxilotu egin zuten Auckland-eko aireportuan eta hiru urte egon zen preso.

«Artz bakartiak» labanaz eraso bat egiteko asmoa bazuen ere,  uztailean aske utzi zuten. «Kartzelan mantentzeko saiakera guztiak ezerezean gelditu ziren» deitoratu du Ardenek, iraila amaitu baino lehen Parlamentuak terrorismoaren aurkako legea zorrozteko aldaketak onartuko dituela iragarriz.

Joan den ostiralean, 32 urte zituen yihadistak labana hartu eta zazpi pertsona zauritu zituen, hiru larri, Aucklandeko supermerkatu baten. Atzetik zuen Poliziak tiroz hil zuen.

«Paranoikoa»

Andrew Coster polizi-komisarioak ziurtatu duenez, azken momentuts arte ez zuen ezer arrarorik egin. Poliziak berarekin distantziak mantentzen zuela onartu du «paranoia» handia zuelako. Izan ere, bi minutu behar izan zituen Poliziak zaintzapean zuen erasotzaileari aurre egiteko. Bi minutu luzeak biktimentzat.

«Guk ez genuen atxilotzeko inolako lege-arrazoirik», gaineratu du Costerrek, «aukera bakarra ahalik eta gertutik zaintzea genuen», gaineratu du.

Sri Lankako Gobernuak jakitera eman duenez, ikerketarekin laguntzeko prest da. «Zentzurik gabeko biolentzia gaitzesten dugu eta prest gaude Zelanda Berriko agintariei laguntzeko, nola edo hala», esan du  Kohularangan Ratnasingam Sri Lankako Kanpo Arazoetarako ministroak.

Sri Lankako iturri polizialek aurreratu dutenez, Kolonbo hiriburuan bizi dsen erasotzailearen anaia galdezkatu dute. «Berari eta berarekin kontaktuan egon diren guztiei buruzko informazioa jasotzen ari gara». Hala ere, ez dirudi yihadistak azken aldian bere jaioterrira bidaiatu zuenik.

Sri Lankako Kontseilu Musulmanak «terrorisme ekintza basatia» salatu du. «Argi dago guztiok bat egin behar dugula nonahi terrorismoaren eta muturkeriaren aurka, guztion onerako», azaldu du Kontseiluaren eleduna  Mohamed Hishamek.

Asia hegoaldeko herrialdeak eraso yihadistak pairatu ditu. 2019ko Pazkua igandean, hiru eliza eta hiru hotel erasotu zuen kamikaze talde batek. 279 pertsona erahil zituen erasoa Estatu Islamikoaren aldeko bertako talde yihadista batek hartu zuen bere gain.