Paul Molac bere izena daraman hizkuntzen legeari buruz mintzatuko da EHUko ikastaroetan
‘Molac Legea, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpena eta bere ondorioak’ ikastaroa eskainiko du Euskal Herriko Unibertsitateak astearte honetan Donostian. Paul Molac diputatuarekin batera, Ipar Euskal Herriko euskalgintzako kideak eta unibertsitate irakasleak izanen dira.
Paul Molac diputatua, bere izena daraman hizkuntza gutxituak babesteko legeari buruz mintzatuko da, Ipar Euskal Herriko euskalgintzako kideekin eta eremu ezberdinetako unibetsitate irakasleekin batera. Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian antolatu dituen uda ikastaroen baitan izanen da ‘Molac Legea, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpena eta bere ondorioak’.
Eguzki Urteaga Soziologia irakasleak eta Eva Ferreira Garciak auzkeztuko dute ikastaroa. Antolaketan parte hartu duen Urteagak hitzordua antolatzearen arrazoitzat jo du hurrengoa: «Molac legearen onarpenak eta Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako ebazpenak Euskal Herri osoan piztu duen interes handia».
Ondorio horiek juridikoak izateaz gain, horrek sorrarazten dituen gizartearen eta politikarien mobilizazioek izan dezaketen emaitzak ere izanen dira aipagai.
Programa
Philippe Blanchet Renneseko Unibertsitateko soziolinguistika irakasleak ‘Glotofobia Frantzian’ izango du hizpide. Hizkuntzekiko eta azentuekiko diskriminazioa adierazten duen terminoaren asmatzaileak, Estatu frantsesean garatu den glotofobiari buruz hitz egin eta, aldi berean, marko orokorra azalduko duela nabarmendu du antolatzaileak.
Ondoren, Paul Molac diputatuak bere izena daraman Eskualde Hizkuntzen Ondare Babeserako eta Promoziorako legea izanen du hizpide. «Lege proposamena eta tramite parlamentarioa zein izan zen, eta ondoren zer nolako debateak izan ziren Asanblea Nazionalean eta Senatuan azalduko ditu» antolatzailearen esanetan.
Eneritz Zabaleta Paueko eta Aturri Herrietako Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak ‘Molac legeari buruzko Konstituzio Kontseiluaren ebazpena’ aztertuko du.
Mahai inguru batekin bukatuko da hitzordua. Bertan Seaska Ikastolen Federazioko presidente Peio Jorajuria, Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharry eta Euskaltzaindiako buruordea den Battittu Coyos Etxebarnek parte hartuko dute ‘Kontseilu Konstituzionalaren ondorioak’ aztertzeko.
Horrela azaldu du Urteagak azken tarte honen xedea: «Kontseilu Konstituzionalaren ebazpenaren ondorioak zeintzuk izan daitezken aztertu, irakaskuntza mailan eta bereziki murgiltzean, baina orohar ere euskararen etorkizunean».
Erabakiak eta ekintzak
Goizean egoera legala eta administratiboa aztertuko bada, arratsaldean egungo egoeraren azterketa eginen da, baina baita gizarte mailan ere. Horri buruz soziologia irakasleak nabarmendu du erabaki horien gainetik ere pasatzen direla mugimendu sozial eta politikoak.
Horren adierazgarri aurreko astean hiru eskola publiko eta konfesionaletan murgiltze eredua ezartzea onartu izana aipatu du: «Hori ez doa bat Kontseilu Konstituzionalak ebatsitakoarekin. Horrek erakusten duena da indar harreman politikoa badelarik, mobilizazioak, protestak direlarik Hezkuntza Ministeritzak kontuan hartzen dituela erabakiak hartzerako orduan».
Ondorio horiek aztertzeko momentuan kontuan hartu behar dena baieztatu du: «Gauza bat da legeak esaten duena, Kontseilu Konstituzionalak zer dioen, eta beste bat Hezkuntza Ministeritzak hartzen dituen erabakiak».