INFO

Sagar uzta oparo eta historikoa espero dute aurten ekoizleek

Azken urteotako sagar uzta oparoena espero dute aurten sagardogileek. Hainbat sagastitan dagoeneko hasi dira fruitua biltzen eta hasiak dira ere sagarra jotzen. Sagar hauen muztiotik aterako aurtengo sagardoa.

Gipuzkoako sagardogileen elkarteak sagar uztaren aurkezpena egin du. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Euskal Herriko sagardogileak pozaren pozez daudela diote. Aspaldian gogoratzen den sagar uzta oparoenetakoa espero da aurten. Zenbait sagastitan dagoeneko hasi dira fruitua biltzen eta sagardotegi batzuetan dagoeneko ari dira sagarra jotzen. Egunotan ateratako muztiotik sortuko da 2021. urteko Euskal Sagardoa.

Joan den udaberrian sekulako loraldia bizi izan zen Euskal Herriko sagastietan. Sagar-lorez jositako zuhaitzek paisaia zuritu zuten ikuskizun paregabea eskainiz. Okerrik ezean, gero etorriko zenaren seinale argia izan zen maiatza aldera ikusi zena. Aurreikuspenak bete dira. Aurten, sagarzaleek gogoratzen duten sagar uzta oparoenetakoa espero da, eta batzuk dagoeneko hasi dira fruitua jasotzen. Zapiain sagardotegian, esate baterako, bere sagastietako eta inguruetako baserrietako sagarrak iritsi dira dagoeneko. Lehenengo joaldia egina dute, gero sagardo bilakatuko den muztioa ateratzeko.

Sagarrondoak, normalean, bi urtetik behin ematen du uzta oparoa. Iaz, hain zuzen, uzta oso urria izan zen Euskal Herriko sagastietan. Horri aurre egin nahi zaio, ordea, sagastiaren kudeaketa profesionalago bat bultzatuz eta teknika berriak erabiliz.

250 sagarzale

Gaur egun, 250 sagarzalek lan egiten dute Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ziurtagiripean eta 48 sagardotegi inguru hornitzen dituzte. 435 hektarea sagarrondo dira orotara. Sagar horiek guztiak sagardoa ekoiztera bideratzen dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, soilik 2020. urtean 27 hektarea berri inguru landatu ziren. Urte batzuk iagaroko dira sagarrondo horiek emankorrak izan arte, ordea. Datozen urteotan beste ehun hektarea landatzea aurrikusten da. Helburua da Euskal Herriko sagardotegiek bertako sagarrekin hornitzeko gaitasuna izatea.

Bere abizena daraman Ion Zapiain sagardogilearen esanetan, «aurten berriz ere uzta goiztiarra izan dugu. Azken 20 urteetan sagar uzta bataz beste 15 bat egun aurreratu dela diote zenbait ikerketak. Guk, gainera, lehenengo heltzen diren barietateak nahiko goiz jasotzen ditugu, heldutasun egoera jakin batean, bilatzen dugun sagardo mota ekoizteko ezinbestekoa baita garaiz jasotzea».

Sagardo sagar mikatzak dira lehendabizi heltzen direnak, eta beranduago garratzak. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak bertako 115 sagar barietate baliatzea ahalbidetzen du, baina horietako 25 inguru dira gehien erabiltzen direnak.

Sagarrondoak sagar uzta bi urtetik behin ematen badu, aurten ospatzeko urtea da zalantzarik gabe. Baina sagardo ekoizpen orekatua izateko eta urtetik-urtera uzta berdintsua jasotzeko ahaleginak egin diren arren, bide luzea dago oraindik aurretik.

Zapiainen aburuz, «ahalegin asko egin da azkenaldian, baina oraindik asko dago egiteko. Sagastien kudeaketa hobetzea ezinbestekoa da, barietate ezberdinen arteko polinizazio gaitasuna aztertuz, bakanketa bultzatuz, sagar barietateen genetika hobetuz eta landaketarako lurra bera zainduz».