INFO
Entrevista
Endika Barrenetxea
Oriamendi enpresako erremontista

«Aurten finalera disfrutatzera etorriko naizen sentsazioa daukat»

Komunikaziorako sekulako iaiotasuna dauka eta hori benetako altxorra da erremontea bezalako kirol txiki batentzat. Baina hortik harago egungo erremontista onenetakoa ere bada. Aurrean, ordea, Kotetoren ondoren txapel gehien irabazi dituen erremontista izango du larunbatean: Javi Urriza. 

Endika Barrenetxea. (Maialen ANDRES/FOKU)

Material aukeraketan saltsa pixka bat ere izan da. Finalaren aurretik beharrezkoa al da hori?

Ona izaten da, bai. Ni desiratzen nago final hau jokatzeko. Pilotari bezala momentu honetan gehien betetzen nauena final hauek hartzen ari diren izena da; nolabait, erremontearen buruz buruko historia horretan geratuko direlako elkarren aurkako zenbait norgehiagoka, eta Lizaso eta Ezkurra ikusten genituenekoa gogorarazten baitit, ez dakit zenbat aldiz buruz buru elkarren aurka jokatzen.

Beste alde batetik, finala norbaitekin bizitzekotan, Javier bezalako profesional eta lagun handi batekin konpartitzea niretzat azaldu ezina da.

Aurkari bezala, ordea, ez dirudi onena...

Esango genuke Urrizaren urterik borobilenetako bat bizitzen ari garela, borobilena ez bada. Txapel guztiak jantzi ditu aurten eta ea pixka bat zirikatzen dudan eta azken hau ez diodan etxera eramaten uzten. Egia esan, gogo handiarekin nago, konfiantza handiarekin. Aurreko urteetan partidak baino lehenago eta jokatzeko momentuan oso-oso urduri sumatu izan naizen bezala, aurten egun horretan disfrutatzera etorriko naizen sentsazioa daukat. Ahal dudan guztia erakutsi eta, ahal bada, hortzak estututa 30era iristen saiatuko naiz. Txapelketan gorabeherak izan dituzu.

Nola zaude uneotan?

Ni neu ere kontziente naiz urtearen hasieratik hona gorakada nabarmena egin dudala joko aldetik. Urtearen hasieran pisu asko galduta nengoen –Crohn gaitza du–, 80 kilo inguru nituen gutxi gorabehera duela hiru hilabete. Berriz ere entrenamenduekin eta nutrizionistarekin hasi eta ia zortzi kilo hartu ditut; horrek kantxan korrika egiteko eta pilotari abiadura emateko askoz ere erraztasun gehiago ematen dizu, eta horrek konfiantza ematen dizu, batez ere lanak txukun egin dituzun seinale delako.

Txapelketa hasieran oso-oso ondo aurkitu nintzen lehen partidan, eta, bigarrenean, Javier Urrizaren aurka, irabaztea izango litzateke arraroa eta ez galtzea, azkenean gertatu zen bezala. Hurrengo partidarako beti etortzen zara galdutako partida hori buruan daukazula, ez zenuela nahi adina jokatu... Bada, horrenbeste ez jokatuta ere, partidari buelta emateko aukera izan nuen eta bukaerako despiste bategatik eta erlaxazio puntu horregatik galdu nuen.

Baina hurrengo astean egindako entrenamenduarekin, Ansarekin kontra oso gustura sentitu nintzen egia esan, indarrarekin; nahi nuena egin nuen kantxan eta atera egin zitzaidan, eta konfiantzarekin iristen naiz finalera. Entrenamenduekin-eta uste dut ari naizela erregulartasun hori lortzen.

«Urtearen hasieran pisu asko galduta nengoen, 80 kilo inguru nituen gutxi gorabehera duela hiru hilabete. Berriz entrenamenduekin eta nutrizionistarekin hasi ia zortzi kilo hartu ditut»

Arraroa Urrizari irabaztea litzatekeela esan duzu. Baita finalean ere? Objektiboki begiratuta eta matematikak mahai gainean jarrita, Urriza zenbait aldiz ikusi dugu buruz buru jokatzen eta zenbatetan galtzen? Estatistikak garbiak dira, baina 2019an bere aurka jokatu nuenean estatistikak are eta bere aldekoagoak ziren eta nik lortu nuen txapela. Finalerdietako partidan berak ere ez zuen, nire ustez, bere biziko partida egin; 18-19 joan ginen eta azken txanpa horretan ez nuen berak sartu zuen beste martxa horri eusteko aukerarik izan. Baina ikusi nuen nik ere ez oso partida borobila eginda, partidak eutsi egiten dizkiodala, eta, orduan, larunbaterako irakurketa oso garrantzitsua iruditzen zait hori.

Aritz Zubiri botileroak eta zuk zerbait prestatu duzuela dirudi...

Bai, noski. Hemen lanak egin behar dira finalera etortzeko eta badakit gauzak oso txukun egin beharko ditudala, pilota gutxi bota beharko ditudala, arriskuak ere hartu beharko ditudala, gauzak ere atera egin behar direla... Imanol Ansaren aurka garbi neukan sakean ez banuen tantoa egiten hurrengo pilotakadak errebotera joan behar zuela, Imanol bat bai baina bestea ezin eraman ibiliko zelako.

Finalerako, sakean ez badut tantoa egiten, bigarren pilotakada horretan errebotera joz gero, badakit Urrizak hamarretik zortzi bueltan ekarriko dituela; gainera, zortzi horietatik, seguruena, lau kolpea emanda, bizi etorriko dira. Beraz, nik erreboteko bueltan arriskatu egin beharko dut, sartzen bada ondo, eta, bestela, probatu dut. Gauzak garbi dauzkat, orain ikusiko dugu larunbatean nahi bezala irteten diren.

Bada girorik finalerako?

Nik uste dut baietz. Nire inguruan behintzat jende askok idatzi dit; finalera etorri nahi dutela, ea ze sentsazio ditudan... Ni baino urduriago sumatzen ditut asko, eta, egia esan, disfrutatzen ari naiz asteaz, oso gustura nago hemen egoteaz. Iaz egindako txapelketa kontuan izanda, berriz ere erakutsi nahi nuen Barrenetxea buruz burukoan maila ematen egon daitekeela.