INFO

Europaren etorkizuna aztertuko duen CoFoe konferentzian parte hartuko du EH Bilduk

CoFoE (Conference on the Future of Europe) egitasmoarekin bat egin eta bertan parte hartuko duela azaldu du Pernando Barrena EH Bilduko Eurodiputatuak, Europaren «hausnarketa oso bat» beharrezkoa dela nabarmenduz.

Pernando Barrena, gaurko agerraldian. (EH Bildu)

Europaren etorkizunari buruzko konferentzia (CoFoE) kontinente osoko kontsulta sorta bat da, 2021eko maiatzean abiatu eta 2022ko udaberrira arte luzatuko dena. Pernando Barrena eurodiputatuak jakinarazi duenez, EH Bildu bertan izanen da. Guztira 108 europarlamentari izanen dira konferentzia hauen parte eta ordezkari nafarra izanen da haietako bat.

«EH Bildutik beti defenditu dugu Europaren hausnarketa oso bat. Europako heritarrek 2008ko zor krisiaren ondorioz izugarrizko austerizidioa jasan zuten. Ordutik, indar euroeszeptikoen eta posizio xenofobo eta ultraeskuindarren hazkundea eman da, Brexita ere bizi izan dugu, lehen aldiz estatu batek alde egin du Europar Batasunetik, eta Covid-19ak dena areagotu du», gogora ekarri du Barrenak.

Gainera, europar instituzioek Estaturik gabeko nazioen aurrean «ezikusiarena» egiten dutela salatu du eta horrek «hausnarketa osoaren» beharra areagotu eta «formula berriak egitera behartzen gaitu», Barrenaren hitzetan. Hala ere, nabarmendu du bai Europar Batzordea bai Europar Kontseilua konferentzia hauetan «inongo neurri loteslerik ez ateratzeko baldintzatu nahian» ari direla.

Estaturik gabeko nazioek bertan izan behar duten oihartzunaren beharra aldarrikatu du europarlamentari nafarrak. «Nazioa eta eskualdeak ahaztu egiten ditu konferentzia honek. Ez dira haien errealitatera hurbildu konferentziaren diseinua egiterakoan. Euroeskualdeak ere ez dituzte kontuan hartu. Gabezi handia uzten du agerian». Hau ekidin nahian, ezkerreko taldean parte hartuko du EH Bilduk.

«Testuinguru historiko honetan, pandemia garaian, arlo publikoaren inbertsioa piztu beharra dugu, hezkuntzan, osasunean eta baita gizarte zerbitzuan. Ezin ditugu herritarrik atzean utzi», adierazi du koalizio subiranistako kideak. «Gizartearen kohesio soziala krisi honetatik ateratzeko moduari baldintzatuta egonen da», gaineratu du.

Europaren sorreran nabarmendu nahi izan ziren balioak ekarri ditu gogora EH Bilduren ordezkariak. «Giza eskubideen Europa, migrazioarkein solidarioa dena. Denon burutan dago Afganistango egoerak nola utzi duen agerian Europa hau betetzetik oso urrun dagoela», aipatu du.

Estaturik gabeko nazioen papera

Europa «eraikitzen» ari den subjektu politikoa dela adierazi du Barrenak, kanpoko zein barruko mugetan. Zentzu horretan, «estaturik gabeko nazioek europa berri solidario horretan joka dezaketen paper garrantzitsua» nabarmentzea ere izango da bere helburuetako bat. «Ez gara Europaren integraziorako inongo mehatxurik eta bagara ultraeskuina eta xenofobia eteteko tresna bat», gehitu du.

Horren adibide bezala aipatu du Eskozian SNPk eta Berdeek itxitako akordioa. «2023ko erreferendumaz gain, gobernu programa oso aurrerakoia aurkeztu dute. Lehentasunez, klima aldaketaren aurkako borroka, oinarrizko errenta indartzea edo etxebizitzetan espekulazioa desagerraraztea».

Batzarrean parte hartuko dutela gaur jakinarazi arren, EH Bildu «aspalditik» dabil beste indar subiranista batzuekin martxan jarri zituen lankidetza eremuetan gaia lantzen. Espainiar Estatu mailan Llotja de Mar-eko akordioa sinatu dutenekin eta Europa mailan, erabakitze eskubidearen aldeko Caucusarekin. «Tresna garrantzitsua izango da erabakitze eskubidea mahai gainean jartzeko», nabarmendu du Barrenak.