INFO
Entrevista
Andoni Iraola
Rayo Vallecano taldeko entrenatzailea

«Lehen Mailako talde apalena gara eta argi dugu helburua mantentzea dela»

Antiguokon hasi zen entrenatzen 2017an eta Zipreko AEK Larnacan jarraitu zuen gero bidea. Bigarren Mailako Mirandesekin Kopako finalerdiak jokatu zituen hurrengo denboraldian eta, 2021ean, Rayorekin Lehen Mailara igotzea lortu du.

Andoni Iraola, Rayo Vallecano taldeko entrenatzailea. (Cristina QUICLER / AFP)

Athleticen partida gehien jokatu dituen futbolarietako bat izan ostean, AEBetan hartu zuen erretiroa 2016an. Andoni Iraolak (Usurbil, 1982) ez zeukan oso garbi entrenatzailea izan nahi zuen eta gaztetxoekin hasi zen Antiguokon 2017-18 denboraldian. Taldekide izandako Ander Murillok Ziprera joateko deitu zion hurrengo urtean eta AEK Larnacarekin Superkopa irabazi eta Europa Leagueko multzoen faserako txartela lortu zuen. Emaitza txar batzuen ondorioz kaleratua izan zen, baina hurrengo denboraldian sekulako balentria egin zuen Mirandesekin. Taldea Bigarren Mailan mantentzearekin batera Kopako finalerdietara iritsi ziren.

Hurrengo erronka Rayo Vallecano moduko talde batekin Lehen Mailara igotzea izan da azken kanporaketan Gironaren zelaian emaitza iraulita. Ziztu bizian doan futbolaren munduan arrakasta izan arren, hankak lurrean ditu eta pausuz pausu egoera bakoitzari egokitzen ikasten ari dela nabarmentzen du.

Zer nolakoa izan da liga hasiera?

Merkatua irekita egon denez eta taldea osatu gabe geneukanez, pixkat arraroak izan dira lehen jardunaldiak. Gainera, hasiera oso zaila izan dugu Sevillan eta Donostian jokatuz, baina Granadaren kontrako garaipen horrek lasaitasuna eman digu eta konfiantza aldetik oso ondo etorri zaigu. Hasiera besterik ez den arren, sentsazioak onak izan dira eta taldea ondo ikusi dut.

Nola ikusi duzu taldea Lehen Mailan lehiatzen?

Lehen partidak berehala ihes egin zigun, hamabosgarren minuturako penalti batekin kontran eta bat gutxiagorekin geratu ginen. Hala ere, taldeak nahiko lan txukuna egin zuen. Anoetan ere taldea ondo ikusi nuen, etxean jokatu arren Reala ez zen eroso egon. Hala ere, ez genuen aurrera begira gauza handirik egin eta partida galdu genuen beste penalti baten ondorioz. Hirugarrena guztiz ezberdina izan zen, etxeko lehen partida. Oso ondo atera ginen, presioa goian eginez eta baloi asko errekuperatuz beraien zelaian. 4 eta 0 irabaztea guretzat emaitza oso ona da eta pixkanaka gauzak nahiko ondo egiten ari gara.

«Sekulako aldea dago Lehen Mailaren eta Bigarren Mailaren artean, askoz azkarrago doa arlo guztietan»

Alde handia nabaritu duzu Lehen Mailaren eta Bigarren Mailaren artean?

Niretzat sekulako ezberdintasuna dago arlo guztietan. Gauzak askoz azkarrago pasatzen dira, aurkariak teknikoki hobeak dira eta akatsak gehiago nabarmentzen dira. Erritmo aldetik ere beste gauza bat da Lehen Maila.

Jokalariei dagokionez, iazkoaren antzeko taldea duzue. Nola egokitu zarete?

Taldea eta jokatzeko modua berdintsua da. Baina, nahi edo ez, gauzak aldatu behar dituzu. Lehen Mailako talderik apalena gara eta batzuetan ezin duzu aukeratu zer-nolako partida jokatuko duzun. Hainbat partidatan atzerago egon beharko dugu; aurkariak aginduko du eta aukerak aprobetxatzen saiatu beharko dugu. Lehen Mailan baloiak gehiago balio du eta, galtzen baduzu, asko kostatzen zaizu gero errekuperatzea. Gauza batzuk aldatu beharko ditugu, bestela oso zaila izango dugu.

Merkatuaren itxieran gehien mugitu zareten taldeetako bat izan zarete. Pozik geratu zara egin dituzuen fitxaketekin? Sergi Guardiola, Unai Lopez, Falcao…

Azkenean, hainbeste diru ez daukazunean, bukaerara arte itxaron behar duzu ea zer-nolako aukerak ateratzen diren azken egunetan. Pozik nago, kontuan hartuta ez dugula askorik gastatu diru aldetik. Uste dut taldea ondo dagoela dagoen bezala. Agian, entrenatzaile bezala daukadan arazorik handiena da jokalari gehiegi geratu zaizkigula plantillan; 27 jokalari ditugu eta uste dut gehiegi direla lan egiteko orduan.

Nola sortu zen Falcao fitxatzeko aukera? Ez duzu bere oroitzapen onik izango…

Bai, denek gogoratzen dizkidate Europa Leagueko finalean Atleticorekin Athletici egindako bi golak! Hori albo batera utzita, profesionalak gara eta oso aukera ona iritsi zitzaigun azken egunean. Aurrealdean fitxaketak behar genituen eta, bere izena atera zenean, klubak apustu hori egin zuen. Jokalariak hemen jokatzeko aukera ondo ikusi zuen, hiria ezagutzen duelako, baita kluba ere. Argi dago ez dela orain dela 8-10 urteko Falcao izango, baina nik uste helburua lortzen lagunduko digula.

Granadaren aurka ere oso ondo aritu zen Fuenlabradatik fitxatutako Randy Nteka. Denboraldiko ezustekoetako bat izan daiteke?

Randy, egia esan, ez da aurrelaria, ez du inoiz postu horretan jokatu. Bera erdilaria da. Joan den urtean Fuenlabradan erdi-punta lanetan ibili zen, baina denboraldi hasiera honetan arazoak izan ditugu goian eta proba egin genuen. Sevillaren kontra gehiago kostatu zitzaion, baina Granadaren aurka ondo ibili zen. Aurrelariaren atzean mugitzeko jokalaria da, baina etxean uste dut aurrelari bezala ere lagundu ahalko digula.

Hiru euskal jokalari ere iritsi dira Rayora: Unai Lopez, Martin Merquelanz eta Kevin Rodrigues. Zer espero duzu?

Egoera ezberdinak dira. Unai Lopezek hemen egon zenean oso maila altua eman zuen eta Rayok beti izan du gogoa bera hona bueltatzeko. Beste entrenatzaile batekin ere itzuliko zen. Merquelanz ezagutzen dugu. Mirandan oso ondo aritu zen gurekin eta aukera ona zen. Uste dut Lehen Mailan asko lagunduko digula. Kevinen kasuan hutsune bat geneukan ezker hegalean, Fran Garcia bakarrik genuelako. Azken urteetan Eibarrekin eta Leganesekin Lehen Mailan jokatu duen jokalaria da. Ez dugu jokalari esperientziadun askorik eta ondo etorriko zaigu.

Taldearen helburua maila mantentzea da?

Helburua oso argi daukagu eta ondo etortzen zaigu hori. Taldeak argi du Liga hasi aurretik jaisteko faboritoak gu garela. Pasa den urtean asko kosta zitzaigun igotzea. Mallorcak eta Espanyolek sailkapenean 15-20 puntu atera zizkiguten, baina, horrek, era berean, taldea indartzen du. Jokalariak ere konturatzen dira gure maila onena ematen ez badugu, gure ehuneko ehuna, ez daukagula zer eginik. Horrek askotan taldeari on egiten dio.

Iaz Rayo talde umila dela eta daukan auzo giroak erakarri zintuela adierazi zenuen. Urtebete igaro ostean, berdin pentsatzen duzu?

Uste dut orokorrean Rayo pentsatzen nuena dela. Egitura aldetik txikia da, jende gutxik egiten du lan, baina arlo sozialean oso talde aberatsa da. Egia da egoera oso arraroa izan dela koronabirusarengatik. Aurten ere obra batzuk ditugu estadioan eta jendea ezin izan da sartu. Ea noiz konpontzen diren arazo horiek eta Vallecasen gure zaletuekin disfrutatu dezakegun. Pasa den urteko gauzarik tristeena hori izan zen. Igoera lortzea eta zaleekin ezin ospatzea!

Eta zein giro dago taldeko presidentea den Raul Martin Presa eta jarraitzaileen artean? Kanpotik ikusita ika-mikak daudela ematen du.

Rayon egunero daude arazoak edo berriak sortzen dira. Ez da oraingo kontua, aspalditik dator. Adibidez, lehen partidan 500 pertsona bakarrik sartu ziren zelaira. Dena batu zaigu, obra, pandemia eta presidenteak abonuak oraindik ez dituela atera, ez dakielako zenbat jende sar daitekeen. Jendea ez dago ados eta protestatzeko modua hori izan zen. Kirol arloan bere eragina dauka eta ez zaigu ondo etortzen, baina horrekin lan egiten dugu langile guztiok eta horrela jarraitu beharko dugu.

Zer nolako lan taldea daukazu?

Nirekin etorri dira Unai Mendia bigarren entrenatzaile bezala eta prestatzaile fisikoa, Pablo de la Torre. Cuencakoa da eta Zipren egon nintzen berarekin. Gu hirurekin batera egunerokoan laguntzen digute klubeko beste bi pertsonek. Bat atezainen entrenatzailea da eta bestea analista gazte bat. Rayo oraingoz talde apala da. Ez daukagu egitura handirik, baina giro ona daukagu gure artean eta ondo moldatzen gara.

«Aurkariaren zelaian jokatu nahi dugu, baina badakigu maila honetan batzuetan atzerago aritu beharko dugula»

Eta zein joko molde edo estilo eman nahi diozue Rayori?

Guk gure estiloa mantendu nahi dugu. Erritmo handian jokatu, nahiko bertikalak izan eta aurkariaren zelaian jokatu. Baina badakigu ezin dugula hori egin partida guztietan horretarako maila altua izan behar delako. Saiatu behar gara pasa den urteko Rayo izaten, nahiz eta batzutan atzerago jokatu behar izan eta beste modu batera jokatu. Horrek ere aberasten digu guri teknikari bezala eta saiatu beharko dugu arlo guztietan lehiakorrak izaten.

Kanpotik begiratuta Valverderekin antzekotasunak ikusten ditut. Zer iruditzen zaizu konparaketa?

Ez dakit, egia esan urte asko egon naiz berarekin. Espero dut gauza batzuk mantentzea, baina beste batzuk guztiz ezberdinak egiten ditugu. Niretzat behintzat ez da konparaketa txarra.

Irakurri dut hasiera batean ez zeneukala argi entrenatzaile izatearena, baina urte gutxitan Lehen Mailara iritsi zara.

Egia esan nik ez dut gauza hauetan pentsatzen. Azkenean urtez urte zoaz zure lana egiten eta ez dakigu nora iritsiko garen, ez zenbat urte egongo garen. Entrenatzaile bezala epe oso laburrera begiratu behar duzu, ez dago beste erremediorik eta ezin esan zenbat urte egongo naizen.

Futbol amerikarraren estrategiak gustuko dituzula entzun dut. Erabili al dituzu?

NFL asko gustatzen zait, New York-era joan nintzenean zaletu nintzen eta jarraitzen dut. Fantasy-ak jolasten ditut eta horrelako gauzak. Egia da entrenamenduak han oso espezifikoak direla eta posizio bakarra lantzeko bi entrenatzaile egon daitezkeela lau edo bost jokalarirekin. Guk ez daukagu hori egiteko egiturarik, baina gustatzen zait lan egiteko modu hori. Hala ere, ez dauka zer ikusirik gurekin eta ezin izan dugu ezer erabili. Buruan dauden ideiak bakarrik dira.

Teknikarien arteko hitzaldi batean esaten zenuen zailena jokalariak konbentzitzea dela. Adin aldetik gertu egoteak ez du errazten?

Batez ere hasierak dira zailak. Jokalariak ez dizu ezagutzen eta egunero erakutsi behar zaio lagunduko diozula, taldea hobetuko duzula eta beraiek hobetuko direla zurekin. Bestela oso zaila da. Horrek denbora bat behar du eta konfiantza bat. Jokalariak ikusi behar du prest zaudela lan handia egiteko. Hori kostatzen da, hori lortuta gauzak errazagoak dira entrenatzailearentzat. Hau izango da lehen aldia errepikatzen dudala bigarren urte bat talde berdinarekin eta sumatzen dut abantaila bat izango dela.

Entrenatzaile bezala jokalaria zinenean baino urduriago bizitzen dituzu partidak?

Ez nuke esango zelaian jokalari lasaia nintzenik. Batzuetan ematen du ez badituzula gauza batzuk egiten ez daukazula nortasunik. Egia da, entrenatzaile bezala, arduraduna zaren heinean epailearen eta beste entrenatzailearen gainean egon behar zarela. Aldi berean, prentsaurrekoetan ere beste eginkizun bat daukazu baina denak gara lehiakorrak eta irabazi nahi dugu. Futbolari bezala zelaian zaudenean zure lana daukazu eta zurea kontrolatzen duzu bakarrik. Orain gauza gehiago ikuskatu behar dituzu.

Bielsaren moduan bizi duzu futbola?

Hori ezinezkoa da. Entrenatzaile moduan ordu asko sartzen dituzu eta momentu oro zaude futbolean pentsatzen, baina berak beste modu batean bizi du kirola.

Aldaketarik igartzen duzu futbolaria zinen garaitik?

Oraingo futbola hobea da, beti esaten dut. Futbola aurrerantz doa eta uste dut gaur egungo jokalariak orain dela hogei urtekoak baino hobeak direla. Guk jokatzen genuenean ere, orain dela 50 urteko jokalariak baino askoz ere azkarrago aritzen ginen. Fisikoki futbola asko garatu da. Gaur egungo jokalariak eta taldeak oso landuta daude; oso zaila da talde bati bost edo sei huts irabaztea, denak gaudelako fisikoki eta taktikoki oso ondo prestatuta.

Janaria eta faktore sikologikoa zaintzeari garrantzi berezirik ematen diozu?

Gaur egun futbolari guztiek dakite hori ezin dela negoziatu. Ez daukate beste erremediorik, bestela ezingo lukete Lehen ezta Bigarren Mailan jokatu. Aurkariak mentalki eta fisikoki, arlo guztietan prest egongo dira. Jokalariei saiatu behar gara konbentzitzen lan guzti hori beraientzat dela. Askotan uzten dut lan fisikoa aukera bezala entrenamendua bukatzean. Azaltzen diet nahi duenak lan bat egiteko daukala berarentzako eta ez dela guk eskatzen duguna. Zuretzat da, nahi baduzu egin, zuk erabaki behar duzu zer datorkizun hoberen.

Badakit beti galdetzen dizutela Athleticen inguruan. Irailaren 22an San Mamesen jokatu behar duzue. Nola ikusten dituzu zuri-gorriak?

Oraindik ez gara beraien kontrako partida prestatzen hasi, baina ikusi ditudan partidetan, bai denboraldiaurrean bai Ligan, batez ere erritmo aldetik, taldea oso ondo ikusi dut. Guk jasotzen ditugun datu fisikoetan, Athleticek beti zenbaki oso onak ematen ditu. Uste dut gauzak oso garbi dituztela jokatzeko orduan eta, horregatik, denboraldi ona egin dezaketela. Baina hau kanpotik ikusitako azterketa bat da.

Denboraldi amaieran hauteskundeak egongo dira Athleticen. Baten batek deitu al dizu?

Ez, inork ere ez.

Amaitzeko, zein iritzi duzu euskal futbolaren egoeraz?

Nik uste oso une ona bizitzen ari garela. Iaz Eibarrek maila galdu arren, gauzak ondo egin ditu udan eta Gaizka Garitanorekin uste dut aukera izango dutela berriro igotzeko. Entrenatzaileen aldetik, Unai Emeryk Europa League irabaztea edo Jagoba Arrasate Osasunan ematen ari den maila sekulakoa da. Lau talde daude Lehen Mailan, Amorebieta eta Sanse Bigarren Mailan... Horrek momentu oso onean gaudela erakusten du. Urte askoko lanaren ondorio da, gauzak ondo egiten dira harrobian eta hor daude emaitzak.

Gogoratuko duzu, Athleticekin maila galtzeko zorian izan zinetenean filosofiak eta euskal futbolak ez zeukala etorkizunik esaten zen...

Gauzak gaizki doazenean beti esaten dira horrelakoak. Kontuan izan behar da ezinezkoa dela urtero gazte berriak eta maila altukoak ateratzea, baina orokorrean euskal harrobiaren egoera edo Athleticena oso ona da. Gazte asko daude Lehen Mailan aurrera pausuak ematen eta oso albiste ona da.