INFO

Euskara bi Konstituzioen artean

Euskararen aldeko manifestazioa. (IÑIGO URIZ/FOKU)

Hilabete gutxi batzuetako tartearekin euskara bi konstituzioren parean bere burua defendatzera behartuko dute. Gure hizkuntzaren eremua banatuta dagoen bi estatuetako oinarrizko legediaren parean eman dute bere etsaiek. Estatu frantsesean emaitza jada ezaguna da, bien arteko aurrez aurrekoan euskarak galdu du. Espainiarrean horrelakorik ez gertatzea espero behar da orain.

Urte luzeetako lanaren emaitzen kontrako erasoa dugu mugaren bi aldeetan. Ipar Euskal Herrian euskarazko hezkuntzaren kontra jo dute, eta hegoaldean aldiz, administrazioaren euskalduntzearen aurka. Bi mailatan dauden erasoak dira, euskararen ezagupena bera den bezalakoa. Pirineoen iparraldean administrazioak euskalduntzeko lege bat izatea ezinezkoa litzatekeelako, hegoaldean ikastolak eta euskarazko murgiltze hezkuntza antikonstituzionala bilakatzea litzatekeen bezala. Baina, maila dena delakoa ere, beti gehiegi da, euskara desagertzea edo folklore hutsa bilakatzea nahi dutenentzat.

Konstituzioak estatuen eremu guztian zehar aplikatzen direnez, ez da euskara erasotua den bakarra, gaztelera edo frantsesa ez diren hizkuntzak ez baitira beti preziatuak Madrilen eta Parisen, eta bereziki espainiar eta frantses nazionalisten artean.

Estatu frantsesean hizkuntza gutxitu guztien kontrakoa da Kontseilu Konstituzionalaren deliberoa, eta espainiarrean ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Erakundeei buruzko Legea Konstituzio Auzitegira eramateko bidean, Kataluniako egoera bati loturik epaitegiak emandako ebazpen bat kontuan hartu baitu EAEko Auzitegi Nagusiak.

Konstituzioak, hala ere, oso ezberdinak dira, eta hizkuntzei ematen dizkieten eskubideak ere. Estatu frantsesean frantsesa soilik da ofiziala, eta 2. artikuluak argi dio, hori dela Errepublikaren hizkuntza. Artikulu hori hartu zuen arrazoibide Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 21eko ebazpenean murgiltze ereduaren kontra jotzeko, hau da, are gehiago mugatzeko jada murritzak diren eskubideak.

Aldiz, Estatu espainiarreko Konstituzioak dio bere 3. artikuluan, gaztelerarekin batera, beste hizkuntzak haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan ofizialak direla. Horrek erasoak ez ditu saihesten, oraingoan Konstituzio Auzitegira helduko den Voxen salaketa bezalakoa, baina oinarrizko babesa ematen dio.  

Hala ere, dinamika bera da, batzuen aburuz euskara ‘gehiegi’ zabaltzen ari denean, bidean hezia jartzea. Estatu frantsesean euskara berreskuratzeko lanean azken hamarkadetan egindako lanak benetako emaitzak ematen hasi denean, eta beste eskualde batzuetan beraien hizkuntzekiko sentsibilizazioa eta lanean aritzeko nahia argiki garatzen ari den momentuan heldu da erasoa. Urteetako erasan eta zigorren aurrean ere aitzina egiten ari zela ikusirik etsai nagusiaren parean ezarri dituzte hizkuntzok, eta Seaskako presidente Peio Jorajuriak esan zuen legez, «bonba nuklearra» bota dute, hau da Konstituzioaren pisua jarri diete gainean.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko presidente Iraitz Lazkanok, ere nabarmendu du, urte luzeen lanarekin lortutako babes juridikoa ematen zuen legea zalantzan jartzen dela orain Konstituzio Auzitegira bidaliz. Norgehiagoka horretan legea inkonstituzionala den edo ez erabakiko da.

Bi estaturen artean bizi gara Euskal Herrian, bi Konstituzioren artean gaude, baina bakarra da euskara, eta euskaltzaleok urtetan egindako lana hausteko batzuen asmoa. Konstituzionalaren ebazpena jasota ere, orain arte bezala, lanean jarraitzen dute Ipar Euskal Herriko euskalgintza eta euskal erakundeak eraso gogorraren ondorioei buelta emateko, eta egoera kaxkarra baliatuta aitzina egiteko itxaropenarekin gainera. Bereziki, 2022an izango diren hauteskunde presidentzialei begira, eta Konstituzioa bera aldatzeko sortu den dinamikaren ildotik, baina baita borroka txikiagoak ahaztu gabe, Larraineko eskola publikoan murgiltze eredua ezartzea lortzea bezalakoa. Hego Euskal Herrian lortutakoa berreskuratzeko lanik egin behar ez izatea da itxaropena.

Euskararen misterio handiena ez omen da jatorria, baizik eta gaur egun arte nola iraun duen. Euskaldunok gure hizkuntzarekiko dugun maitasuna, eta berezkoa dugun tema dela esango nuke nik, baita horrelako egoeretan antolatzeko eta berezkoa duguna atxikitzeko enbeia.