Sei bikote handi neurtuko dira ostiraletik aurrera Hondarribiako Grand Slam txapelketan
A multzoan Goikoetxea-Aimar, Erkiaga-Etcheto eta Olharan-Del Rio bikoteak neurtuko dira. Eta B multzoan Arbe-Lopez, Beaskoetxea-Zabala eta Hormaetxea-Manci. Multzo bakoitzeko bi onenek urriaren 9ko finalerdietarako txartela eskuratuko dute, eta final handia urriaren 15ean jokatuko da.
Gaur aurkeztu dute Jostaldi pilotalekuan Hondarribiako Grand Slam txapelketa, Jai Alai World Tour zirkuituan jokatzen diren mota horretako bi lehiaketetako bat. Goi mailako sei bikote nor baino nor neurtuko dira datozen bost asteburuetan txapelaren bila.
A multzoan Goikoetxea-Aimar, Erkiaga-Etcheto eta Olharan-Del Rio bikoteak neurtuko dira. Eta B multzoan Arbe-Lopez, Beaskoetxea-Zabala eta Hormaetxea-Manci. Multzo bakoitzeko bi onenek urriaren 9an jokatuko diren finalerdietarako txartela eskuratuko dute, eta final handia urriaren 15ean jokatuko da.
Lehiaketa ostiral honetan abiatuko da, 20.00etan hasiko den jaialdian, eta lehen bi norgehiagokak hauexek izango dira: batetik, Goikoetxea-Aimar bikotea Erkiaga-Etchetoren aurka eta bestetik, Arbe-Lopez Beaskoetxea-Zabalaren aurka. Aurkezpen ekitaldian aipatu dutenez, ETBk jaialdi guztiak eskainiko ditu telebistaz, nahiz eta ez izan zuzeneko emanaldiak.
«Orain dela 15 urte Hondarribia ez zen existitzen zestaren munduan eta orain eskolarik eta lehiaketarik onenak dauzkagu. Pilotari onenak izango ditugu, Udalaren eta ETBren babesa ere bai, eta oso pozik gaude horregatik», eskertu du Mikel Egiguren Jai Alive enpresako gerenteak.
Jony Amboage, Hondarribiako Pilota Eskolako ordezkariak, gurasoen lana nabarmendu zuen. «Pena da pilotalekuaren edukiera mugatua izatea, baina hala ere ziur jaialdiekin gozatzeko aukera izango dugula», esan du Jostaldin 300 bat pertsona sartu daitezkeela gogoratuz.
Pala Mungian
Palari dagokionez, II. Urrezko Pala Pro Txapelketa ere gaur aurkeztu dute Mungian, lehiaketa oso-osorik hartuko duen herrian hain zuzen ere. Txapelketa ostiralean hasiko da, 19.00etan, eta finala urriaren 30ean jokatuko da.
Lau aurrelarik –Gaubeka, Fusto, Necol eta Ibarguren– eta lau atzelarik –Ibai Perez, Gordon, Urrutia eta Del Rio– hartuko dute parte lehiaketan. Jardunaldi bakoitzeko bikoteak zozketa bidez erabaki dira eta neurketa bakoitzean puntuak banatuko dira pilotarien artean: 3-0 irabazten duenak 100 puntu bilduko ditu, 3-1 irabazten duenak 80 eta 3-2 irabazten duenak 60; 3-2 galtzen duenak 40, 3-1 galtzen duenak 20 eta 3-0 galtzen duenak bat ere ez.
Ligaxkak sei jardunaldi izango ditu eta amaieran puntu gehien dituzten bi aurrelariek eta bi atzelariek finala jokatzeko txartela lortuko dute. Hirugarren eta laugarren amaitzen dutenek, aldiz, hirugarren posturako lehia jokatuko dute.
Ostiral honetako lehen jardunaldian hauexek izango dira neurketak: Fusto-Urrutia / Necol-Del Rio eta Gaubeka-Gordon / Ibarguren-Ibai Perez. Iaz txapeldunak Gaubeka eta Ibargarai izan ziren, finalean Garate eta Ibai Perez mendean hartuta.