«Egoerari buelta» ematen saiatuko da Sanse Zaragozan
Bi porrot jarraian jaso ditu talde txuri-urdinak baina bere jokalariek «lehiatzen dakitela» erakutsi izanak Xabi Alonso lasaitzen du. Zenbaki parekatutak dituzte Sansek eta bere aurkariak.
Lehen jardunaldian Leganes gainditu ondoren, Sansek ez du berriro garaipenik ospatu. Are gehiago, bi porrot jarraian jaso ditu eta beherako kurba horrek jaitsiera postuetara gerturatu du taldea. Antzeko zenbakiak dituen Zaragoza –puntu berberak, sartutako gol berberak, bat gehiago jaso dute Aragoikoek– bisitatuko du larunbat honetan (18.15, Movistar, Vamos), «egoerari buelta» emateko gogoekin.
Hori da, Xabi Alonsoren esanetan, bere gizonek erakutsi behar dutena, nahi eta nahi ez: «nortasuna» eta «autoexijentzia», «lehiatzeko gai direla» dagoeneko erakutsi baitute.
Ildo honetan, bi porrotak bereiztu ditu entrenatzaileak, «emaitza aldetik berdinak izan badira ere, zergatiak pixka bat desberdinak izan direlako. Cartagenakoa xehetasunengatik galdu genuen eta Eibarkoa, ez ginelako eroso egon eta Eibarrek guk baino partida hobea egin zuelako». Bere taldearen erantzuna, berriz, bera izan behar da: «Gauzak zergatik gertatzen diren azterten saiatu gara, jokalariak ere horretaz jakitun izateko eta hobetzen saiatzeko».
Honi jarraituz, porroten ondorioak aipatu ditu Alonsok: «Porrot guztiek min eman behar dizute eta eragin behar zaituzte. Bere neurrian. Ez dizute autoestimua hondatu behar, baizik eta egoerari buelta emateko gogoak injektatu, hurrengo partidan hobe egiteko, irabazteko, gogoak piztu. Morala suspertu, maila indibidual zein kolektiboan, eta kudeatu erreakzioa positiboa izan dadin. Hori egiten badugu, bi porrot hauei buelta ematen badiegu, horrek asko esango du gure alde». «Horrelakoetan ikusten da taldeen izpiritua eta zein nolako jarrera euki nahi dugun», gaineratu du.
Aurreko seinaleak ez dira txarrak, entrenatzaile gipuzkoarrak «gogoekin» ikusten baitu bere taldea, «lehiatzeko, sentsazio onak berreskuratzeko eta emaitza on bat lortzeko gogoak». Jakinez, gainera, «gure maila onena ematen badugu, edozein aurkariaren kontra lehiatu» dezakeela, hori erakutsi baitio orain arte. «Konsziente izan behar gara daukagun gaitasunarekin, egin dugunarekin eta aurrera jarraitu. Konfiantza handia daukat taldearengan, eurek eman dizkidatelako sinisteko arrazoiak», azpimarratu du.
Oraingoan Zaragozaren kontra erakutsi beharko dute. Aragoiko taldearen denboraldi hasiera ez da izan ona baina Alonsoren esanetan «klub historikoa da, exijentzia eta anbizio handia dituena, jokalari onak ditu eta bere zelaian jokatuko du, bere zaleek bultzatuta». «Talde dinamikoa da, erasokorra, oldartia, zure bila datorrena…» eta, horren aurka, Sansek «egonkortasuna» bilatu beharko du «partidaren fase desberdinetan zehar. Segurtasuna eduki eroso gaudenean edo gure jokoa egiten dugunean baina baita sufritzea tokatzen zaigunean, aurkariak jokoa menderatzen duenean… Une horietan ere segurtasunarekin jokatzen badugu, aukera gehiago izango ditugu».
Zaragoza ez da arazoak sortuko dituen faktore bakarra. Oraingoan ere, Realaren beharren arabera eta atzo lehen taldearekin bidaiatu zuten Sanseko lau jokalarien egoeraren arabera eraiki beharko du filialeko entrenatzaileak hamaikakoa eta deialdia. Argi dago horrek bere lana konplikatzen duela baina Alonsok ez du inolako kexarik horren inguruan, «funtzio biak» baititu bere taldeak, «lehiatu eta lehen taldearen euskarria izan ere. Atzo Cristok debutatu zuen lehen taldearekin eta guretzat oso garrantzitsua da gure jokalari batek erantzuten duela ikustea lehen taldeak bere beharra duenean. Gauza biak betetzea oso anbiziosoa eta oso exijentea da baina hori da gure helburua, horretan saiatuko gara, lehen taldea laguntzen eta lehiakorrak izaten».