INFO
Entrevista
Anita Lopepe
EH Baiko bozeramalea

«Erantzukizunez, une oro, ultraeskuinaren ideiak eta moldeak salatu behar ditugu»

Baionako meskitaren aurkako azkeneko erasoaren testuinguruan plazaratu zen manifestua izenpetu zuen EH Baik. Engaiamendu hori adierazteagatik bere izena zerrenda beltz batean sartu zutela ondorioztatu du Anita Lopepek. «Tinko salatuko dugu beti arrazakeria eta faxismoa», berretsi du.

Anita Lopepe iragan ekainean izan ziren departamendu bozetan hautagai izan zen. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Herria Baik prentsa-oharra zabaldu du gaur arratsaldean bere bi ordezkariren izenak, Anita Lopepe bozeramailea eta Jean-Claude Iriart, Baionako alkategaia, hurrenez hurren, eskuin-muturreko web batetik bultzaturiko zerrenda beltz batean azaldu direla ezagutu ondoren. Horren ondotik Anita Lopepek ondoko adierazpenak eskaini dizkio NAIZi.

Zer sentimendu izan duzu jakin izan duzunean zure izena eskuin-muturreko zerrenda beltz batean agertu dela?

Lehen momentuan dudan aritu naiz: merezi du oihartzun emateak, balio du hauspoa emateak horri?  Eta gero kontu honek zerbait egin dit, halere, barruan, eta pentsatu dut: ez da berria, badakigu zeintzuk diren eskuin-muturraren moldeak, baina hau ez da detaile bat. Hitza hartu behar da eta horrendako, zerrenda horretan agertzen diren beste hainbat kidek egunean zehar egin duten bezala, nik ere salatu dut sare sozialen bidez gertatutakoa.

Pentsatzen dut zerrenda horretan sartu gaituztela engaiamendu batzuk hartu ditugulako, zehazki ultraeskuinak zabaltzen dituen ideien aurka borrokatu dugulako betidanik, eta erantzukizunez jokatuz, uste dut une oro ultraeskuinaren metodoak salatu behar ditugula. Are gehiago testuinguru berezi honetan, frantses Presidentetzarako bozetarako kanpainaren bezperan non ikusten dugun frantses testuingurua nola eskuinera, are eskuin-muturrera, ari den eramaten eztabaida politikoa.

Jende horrek garatzen dituen praktika xenofoboak beti salatu behar ditugu eta baita zerrenda egile horiei ere beti izan garela faxismoaren kontra argitzea ere. Eta tinko segituko dugula haien ideien aurka borrokatuz.

Salaketa kolektiboa martxan da informazioa jakitera eman duen kazetariak bultzaturik. Bat eginen du EH Baik ekimen horrekin? Zure kaxa urrats bat emanen duzu?

EH Baiko bozeramale gisa aipatua izan naiz zerrenda famatu horretan eta ene ustez modu kolektiboan erantzun behar dugu. Dagoeneko adierazi dugu gure ihardokitzea ohar baten bidez. Jende anitz bada zerrenda horretan guk egiten dugun bezala xenofobia salatzen duela, eta era kolektiboan hitza hartzea izanen da molderik onena.

Islamofobiaren aurkako manifestua izenpetu zenuen? Zalantzak daude zerrendaren iturriei buruz.

EH Baik babestu zuen agiri bat zabaldua izan zela Baionako meskitaren aurkako erasoaren testuinguruan. Ezkerreko pertsonalitate batzuk bultzatu zuten adierazpen bat eta guk ere manifestu hori babestu genuen. Nik horrekin egiten dut lotura. Agian hortik hartu dituzte gure izenak. Baina iduriz zerrenda horretan agertzen diren beste herritar batzuk ez dute adierazpen hori sinatu. Gauzak ez dira guztiz argi.

Nola aurre egin horrelako jokabideri?

Nik salaketak balio duela uste dut, dudarik gabe. Azken urteotako bilakaerak erakusten du krisi momentuetan indartzen direla muturreko jarrera horiek, baita hauteskunde hitzorduren bat hurbil delarik ere. Ipar Euskal Herrian ez dagoela hainbeste arazo pentsa dezakegu, baina espainiar eta frantses estatuetan harrotuta dago eskuin-muturra. Beraz eguneroko borroka izan behar da gure baloretatik ideia horiei aurre egitea.