Bandera espainolak ziren tokian ikurrinak haizatu dituzte Arrasaten
Larunbatean Vox-ek 36ko gerran Debagoienean erail, fusilatu eta desagertutako debagoiendarren 124 izenak oroitzen diren plazan elkarretaratzea egin izana probokazio argitzat jota, faxismoaren aurka elkartu dira igandean hainbat herritar Arrasaten.
Larunbateko tentsioa igarota eta herrian giroa jada lasaitua zegoela, Vox-eko ultrek Unai Paroten eskubideak errespeta daitezen eskatu zuen protesta boikoteatu asmoz egindako elkarretaratzearen biharamunean hartu dute plaza Arrasateko antifaxistek.
Arizmendiarrieta plazan, 1939ko gerran Deba Garaian hil edo desagertutako 124 herritarren oroimenezko hiru harrien parean bildu dira antifaxistak, larunbatean faxisten eskuin-muturraren etorreragatik lutoz jantzi zituzten blokeon inguruan. Igandean jada zapi beltzak erantzita zituzten, faxistek hanka egin ostean arnas hartuta.
Egun mugitua izan zen larunbatekoa Arrasaten. 31 kilometroko Elkartasun Martxa izan behar zuena herriz herriko protesta bilakatu zuen Sareren erabaki estrategikoak, eta hala bizi osorako espetxe zigorraren kontrako aldarria biderkatu. Eguerdian eta arratsaldean egin zuten protesta bikoitza Arrasaten: eskubideen alde eta horiek zapaldu asmo dituen faxismoaren aurka.
PPk, Vox-ek, ETAren biktimen zenbait erakundek eta komunikabide espainiarrek azken asteetan bultzatutako presio kanpainan ez erortzeko erabakia izan zen, faxistek bilatzen zuten konfrontazioari iskin egin eta presoen eskubideak plazaratzeko ituarekin hartutako erabakia.
Halere, jakina denez, Abascal eta bereak Arrasatera agertu ziren larunbat eguerdian, Arizmendiarrieta plazan, hain zuzen.
Ultrek bilatzen zuten konfrontazioa ekiditeak, baina, ez zuen esan nahi faxistak ongi-etorriak direla Arrasaten. Igandean elkartu dira dozenaka lagun hori argi esatera, ‘Gora Arrasate! Faxistak kanpora’ lemapean Arizmendiarrietan egindako elkarretaratzean.
Larunbateko bandera espainiarren partez ikurrinak, banderola feministak, presoak etxeratzearen aldekoak, euskararen aldekoak eta errepublika espainiarraren banderak ikusi dira igandean; finean, egun bat lehenago plaza hartu zuten horiei azkura eragiten dieten zapiak. Larunbatean ultrak babesteko erabili zituzten hesiak kentzen ari zen herritarrari «kontuz!» esan dio beste batek, brometan, «kutsatuta» egon zitezkeelakoan. Hori zen, berez, protestaren helburua: ultrek utzitako irudia garbitu eta plazari dagokion izaera antifaxista aitortu.
36ko gerraren oinordekoak
Ordu erdiko elkarretaratze isila egin dute plazara agertu diren ehunetik gora herritarrek, bi pankartaren atzean. Bata, elkarretaratzearen leloarekin, ‘Gora Arrasate! Faxistak kanpora’. Besteak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko lagunenak 36ko gerraren biktimen dozenaka argazki erakutsi ditu, eta hala zioen: «Euren hiltzaileak ez ziren inoiz epaituak izan eta ez zuten inoiz barkamena eskatu».
Hain zuzen, mikrofonotik gogora ekarri dute 36ko gerrako faxisten «oinordekoak» zirela larunbatean plaza horretan elkartu zirenak, «bizikidetza oztopatu» eta «arrasatearrak erasotzea» helburu. «1936ko gerran Debagoienean erail, fusilatu eta desagertutako debagoiendarren 124 izenak oroitzen diren plaza honetan elkartu ziren. Hau probokazio gisa baino ezin daiteke hartu».
Hala ere, ultren probokazio nahiari «herri gisa» erantzun zieten arrasatearrek eta ospatu dute «hilabete luzez herrian jositako aliantzak indartu» zirela eta «euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubide eta etxeratzearen alde lanean jarraitzen duen herria garela erakutsi» zutela.
Ohartarazi dute, halere, larunbateko erasoa ez zela isolatua izan eta gogora ekarri dituzte azken hilabeteetan Euskal Herrian eman diren eraso homofobo, matxista, arrazistak, transen eskubideen aurkakoak, euskararen aurkakoak edo memoria historikoaren aurkakoak.
Antolatzaileek gogora ekarri dute atzokoa ez zela kasu isolatua izan, faxismoak hainbat eraso egin dituela Euskal Herrian. pic.twitter.com/o5ZEsb9VY8
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) September 19, 2021
Eraso horien aurrean, ohartarazi dute behar beste aldiz aterako direla kalera eta, zentzu horretan, datorren asteko igandean Debagoieneko errepresio frankistaren biktimen omenezko ekitaldira gonbidatu dituzte herritarrak.