INFO

Novaltiako kide diren farmazien inplikazio falta salatu dute grebak bi urte bete dituenean

Novaltia enpresa osatzen duten farmaziek erakutsi duten inplikazio falta salatu dute gaur Bilbon egin duten manifestazioan. Enpresa honetako langileek bi urte bete dituzte greban gutxieneko lan baldintzak eskatzeko

Novaltiako langileek Bilbon gaur egun duten manifestazioaren irudia. (ELA)

Manifestazioa egin dute Bilbon Novaltiako grebalariek, beste gatazketako langileek babestuta; Tubacex, ITP-PCB edota Guggemheimeko garbitzaileak, besteak beste. Enpresako zuzendaritzak negoziatzeari uko egin eta Novaltiako farmazia bazkideen inplikazio faltak gatazka luzarazten duela salatu dute, ELAk nabarmendu duenez.

Novaltiako grebalariek, ELAko kideekin eta gatazkan dauden beste enpresa batzuetako langileekin batera, manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan, 792. greba egunean. Hala nola, Tubacex, ITP-PCB, Guggenheimeko garbitzaileak, Vulcanizados Zuloaga... enpresetako ordezkariak izan dira bertan. Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzatik abiatu eta Galtzara Nagusia zeharkatuta, Arriaga plazaren aurrean amaitu dute protesta.

Zuzendaritzaren jarrera

Manifestazioan enpresako zuzendaritzaren jarrera salatu dute. «Izan ere, negoziatzeari uko egin dio, gatazka bere horretan errotuz, eta behin baino gehiagotan urratu du langileen greba eskubidea, grebalariak beste langileekin ordezkatuta, besteak beste. Gainera, Lan Ikuskaritza eta Novaltiako zuzendaritzaren arteko konplizitatea onargaitza da. Ikuskaritza zuzendaritzaren aliatu bihurtu da, eta ez du ikuskatu nahi izan, kasurik onenean, eta, beste batzuetan, ontzat eman du greba eskubidea urratzen duten praktikak. Adibidez, Ikuskaritzak begi onez ikusi du enpresako zuzendaritzak aparteko 300 euro ordaintzea hilabeteko, greba hasi zenetik (2019ko uda) eta urte eta erdi baino gehiagoz greba egin ez duten langileei bakarrik», salatu du ELAk.

Era berean, Novaltiako bazkide diren farmaziak egoeraren erantzule direla azpimarratu dute. «Novaltia Zaragozan egoitza nagusia duen farmazia produktuen banaketa kooperatiba bat da. Bizkaiko eta Arabako ehunka farmazia dira enpresaren jabeak eta, ondorioz, gatazka luzaroan irautearen erantzuleak ere badira. Grebalariek argi baitute, farmazia horiek nahi badute, gatazka konpon daitekeela», azaldu du sindikatuak.

Novaltiako langileek bi urte baino gehiago daramatzate greban, lan hitzarmen duinaren alde. Soldatarik baxuenak ez baitira hilean 950 euro baino handiagoak, Lanbide Arteko Gutxieneko soldatatik oso gertu. 2018tik 2020ra bitartean 3,2 milioi eurotik gorako emaitza positiboak izan dituen enpresa da. «Baina miseriako soldatak ordaintzen jarraitu nahi dute. Zuzendaritzak, gainera, ez du prekaritatearekin amaitu nahi, eta negoziatzeari berari uko egin dio. Horregatik, langileek negoziazitu dezala eskatu diete enpresa buruei, eta famazia akziodunek ere elkarrizketaren alde egin dezatela aldarrikatu dute», nabarmendu du ELAk.