Mertxe Etxeberria zendu da, Hernaniko aurreneko alkate emakumea
Hil da Mertxe Etxeberria, Hernaniko aurreneko alkate emakumea izan zena, 1999. eta 2003. artean. Euskal Herritarroken eskutik iritsi zen Alkatetzara eta espainiar agintariek ezarritako ilegalizazioa pairatu zuen.
Mertxe Etxeberria hil egin da, gaixotasun luze baten ondorioz. Etxeberriak 74 urte zituen eta Hernaniko aurreneko alkate emakumea izan zen, 1999. urtetik 2003ra arte hain zuzen ere. Euskal Herritarroken eskutik iritsi zen Alkatetzara. Ilegalizazioak moztu zion bidea gero.
Bere agintaldiaren amaieran Hernaniko ‘Kronika’ hedabideari eskainiatako elkarrizketa batean azaldu zuenez, espainiar Estatuak utzi zuen ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo, ez herritarrek, «eta alde horretatik lasai gaude».
«Hogeitabost urtean legearen barruan egon den erakunde batetatik aurkeztu gara hauteskundeetara eta hemendik aurrera inoiz ezingo dugula inor ordezkatu esaten dute, inongo sententziarik gabe; alegia, inor errudun izan gabe ilegalak garela. Honek ez du ez hanka eta ez buru. Hala ere, bagenekien Madrilgo agintariek mozorroa kenduko zutela, eta horiek muinean neofaxistak dira», gaineratu zuen.
Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuen ere, Eduardo Fungairiño Fiskaltzaren aurrean deklaratzera, Ekain Ruiz ETAkidearen hil-kapera Udaletxean jarri zelako. Ruizek 23 urte zituen eta Boluetan zendu zen auto barruan zeramaten lehergailua lehertu zenean. Patxi Rementeria, Zigor Aranbarri eta Urko Gerrikagoitia hil ziren ere.
Arnaldo Otegik mezu bat zabaldu du sare sozialen bidez Etxeberriaren lana goraipatzeko: «Ohore bat izan da zurekin bidearen zati bat egitea. Doluminak senideei eta lagunei. Irabazi Arte Mertxe!».
Mertxe Etxeberria Aranburu joan zaigu, Euskal Herritarroken eskutik Hernaniko lehen emakume alkatea. Ohore bat izan da zurekin bidearen zati bat egitea.
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) September 24, 2021
Doluminak senideei eta lagunei. Irabazi Arte Mertxe!