INFO

Oroimena aldarrikatu eta «berpizkunde kultural eta nazional berri» batera deitu du Sortuk

Txiki eta Otaegi heriotzen urteurrenean oroimen ekitaldia egin du Sortuk Oiartzunen. «Mundu zein Euskal Herri hobe baten alde hil direnen ekarpena balioan» jarrita, duela 60 urte belaunaldi oso batek egin zuen bidetik «berpizkunde kultural eta nazional berri bat abiatzera» deitu du.

Sortuk Oiartzunen egindako ekitaldia, irudian. (Maialen ANDRES/FOKU)

Josu Paredes «Txiki» eta Angel Otaegiren fusilatzeen 46. urteurrenaren harira, oroimen ekitaldi bat egin du Sortuk larunbat honetan, Oiartzungo kiroldegian, haien memoria gogora ekarri eta «mundu zein Euskal Herri hobe baten alde hil direnen ekarpena balioan jartzeko». Ekitaldian, indar subiranistak iraganera begiratu du etorkizuna proiektatzeko, «gaur egun borrokatzeko inoiz baino arrazoi gehiago dagoela» azpimarratuta.

Osasun egoeragatik, edukiera mugatua izan duen emanaldia Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak” kantaren doinuekin eta bertsoekin abiatu da. Ekitaldian, aurreskua eta lore eskaintza egin da, senideen aurrean.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak hartu du hitza, eta «injustizien aurkako borroken zilegitasuna eta beharra» defendatu du. «Txiki eta Otaegi militante antifaxistak ziren. Europan izan den diktadura faxista odoltsuenetako baten aurka borrokatu ziren. Europako edozein herrialdetan omenaldi instituzionalak egingo zizkieten. Aitzitik, espainiar estatuan haien memoria jazartzen dute, kriminalizatzen dute», adierazi du.

Borrokaren zilegitasuna nabarmendu du Rodriguezek, eta gogora ekarri du injustizien aurka edo eskubide zibil eta politikoen alde izan diren borrokak, besteak beste sufragistak, Angela Davis, Nelson Mandela, Rosa Parker edota Stonewall aipatuta.

Erantsi duenez, «arrazoi zuten Lemoizen eta Garoñaren aurka borrokatu zirenak. Arrazoi zuten Txillardegik eta Elbira Zipitriak, euskaraz bizitzearen eta euskara biziberritzearen aldeko hautu erradikala egin zutenean. Eta arrazoi zuten, 36ko gudariek eta Txikik eta Otaegik faxismoaren aurka eta herri honen askatasunaren alde altxa zirenean».

Ildo beretik, Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko Nazio Kontseiluko kideak memoriaren garrantziaz hitz egin du, gertatu dena ulertu eta «testuinguruan jarriz», eta galdera bat planetatu du, «Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako klase politikoa ba al dago prest baieztatzeko hemen badela gatazka politiko bat, indarkeria adierazpen asko eragin dituena?».

«Herri hau bizkargaineratzea»

Egun borrokatzeko inoiz baino arrazoi gehiago dagoela azpimarratuta, euskal gizarteak aurrean dituen erronkak zerrendatu ditu Arakaitz Rodriguezek «krisia goikoek ordaindu behar dutela, ez behekoek»; zibilizazio berri bat eraikitzeko beharra eta burujabetza aipatuta.

Azaldu duenez, duela 60 urte belaunaldi oso batek frankismo betean ikastolak, kooperatibak edo helduak alfabetatzeko eskolak martxan jartzeko gai izan ziren bezala, «berpizkunde kultural eta nazional bat abiatzera» deitu du alderdi subiranistak

Bide horretan, Sortuk «espetxean, erbestean eta deportazioan ditugun kide guztiak etxera ekarri arte» ez duela etsiko azaldu du Rodriguezek, eta gogoratu du zutik dirauela, era berean, «euskal estatu independente, sozialista, feminista eta euskaldun bat» eraikitzearen aldeko konpromisoak.