INFO

Miren Artetxe, Xilaba Bertsulari Txapelketako bigarren kanporaketako irabazlea

Miren Artetxe izan da irabazlea Xilaba Bertsulari Txapelketako bigarren kanporaketan, Muskildin. Hirugarren kanporaketa hurrengo larunbatean izango da, Hiriburuko La Perle aretoan.

Gaur aratsaldean Muskildin izan den saioa, irudian. (Xilaba Bertsulari Txapelketa)

Xilabako Bertsulari Txapelketako bigarren kanporaketa ospatu da igande honetan arratsaldean Muskildin, eta Miren Artetxe Sarasola izan da irabazlea, Xabi Elgar aurkezle izan duen saioan. Nabarmendu dutenez, 80 bertsozalek jarraitu dute ekitaldia.

Maddalen Arzallus Antiak eta Xumai Murua Berrak bigarren eta hirugarren postua lortu dute, hurrenez hurren.

Artetxek 446,5 puntu lortu ditu eta zuzenean sailkatu da hurrengo fasean, Bardozen kantatzeko. Maddalen Arzallusek 444,5 puntu lortu ditu, eta 418, 5 izan dira Xumai Muruarentzat.

Ramuntxo Christy laugarren postuan geratu da, 407,5 puntu lortuta. Xan Alkhat eta Bittor Thicoïpe, bosgarren eta seigarren egin dute, 381,5 eta 358,5 puntu eskuratuta.

Larunbatean, hirugarren kanporaketa

Hurrengo larunbatean Xilabako Bertsulari Txapelketaren hirugarren kanporaketa ospatuko da. Saioa Hiriburuko La Perle aretoan izango da.

Iker Altuna, Kerman Diaz, Patxi Iriart, Pettan Prebende, Aitor Sevier Etxezuri eta Josu Txoperena Iribarren bertsolariak izango dira bertan.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, hitzordua 17.00etan da eta «ohi bezala, sarrerak lekuan berean erosten ahalko dira». Hurrengo saioak Maulen (urriaren 16an), Bardozen (urriaren 23an) eta Izpuran (urriaren 30ean) izango dira.

Iparraldeko bertsolarien txapelketa irailaren 18an hasi zen Makeako Herriko Gelan eta finala azaroaren 13an ospatuko da da Donibane Lohizuneko Jai Alain.