INFO

Marcelino, berdinketaren erregea Athleticen

Entrenatzaile asturiarrak Ligan zuzendutako 28 partidetatik 14 berdindu ditu talde zuri-gorriak. Golak egin eta garaipenak lortzeko dituzten zailtasunekin, Europako postuak urruti geratzen dira oraindik.

Marcelinok Valentziako zaleen babesa jaso zuen Mestallan. (@AthleticClub)

Athleticek lau urte daramatza Europako txapelketetan parte hartu gabe eta aurtengo denboraldiko helburu nagusia sailkapenaren goikaldeko lehia horretan sartzea da. Zazpi jardunaldi bakarrik igaro dira eta zuri-gorriak gertu daude goiko postuetatik, baina oraindik puntuak pilatzen ikastea falta zaie.

Azken astea oso adierazgarria izan da. Hiru partidetan bi berdinketa baino ez dituzte lortu. Atletico Madrilen zelaian hutsean bukatu zen partida eta garaipena lortzeko aukerak izan zituzten Williamsek eta Villalibrek. Aurkariaren maila kontuan hartuta ontzat eman zen. Rayoren kontra aldiz, huts egin zuten. Partida orekatua izan zen arren Iraolaren taldea hobeto moldatu zen eta luzapenean irabazi zuten Falcaoren gol batekin. Bi huts larri egin zituzten atzealdean.

Antzeko zerbait gertatu zen Valentzian. Iñigo Martinezek lortutako gol bati esker garaipena eskura izan zuten, baina ez zuten asmatu abantaila defendatzen.

Athleticek hamar puntu eskuratu ditu zazpi jardunalditan. Bi garaipen, porrot bat eta lau berdinketa erdietsiz. Aurreko denboraldian gertatu zen bezala Marcelino berdinketaren erregea da. Urtarrilean taldea hartu zuenetik Ligako 28 partida zuzendu ditu eta erdiak berdinketarekin amaitu dira.

Egiten duen futbol proposamenaren erakuslea da. Zaila da talde zuri-gorria gainditzea. Zazpi partida bakarrik galdu ditu berarekin, baina irabaztea ere gehiegi kostatzen zaio. Izan ere, zazpi aldiz bakarrik lortu du garaipena.

Dohaiak eta gabeziak

Denboraldi hasieran agerian geratu dira gaur egungo Athleticen gabeziak eta dohaiak. Talde sendoa osatu du Marcelinok, atzealdean erraztazun gutxi ematen dituena jokalari guztiek lan handia egiten dutelako defentsan.

Lau gol bakarrik jaso dituzte lehen zazpi jardunaldietan. Iñigo Martinezek gidatzen duen atzeko lerroa sekulako maila ematen ari da. Ondarrutarra da taldeko nagusia eta bere alboan aritu den Vivianek ere oso ondo hasi du denboraldia. Lekuek eta Balenziagak ere ederki bete dute bere lana. Deustukoak egindakoa ere nabarmentzekoa da, ezker hegaletik ere jokatu behar izan baitu azken bi partidetan. Agian Alavesen kontra ere errepikatuko du.

Athleticen lehendabiziko helburua aurkariari zirrikiturik ez uztea da eta, horregatik, presioa ahalik eta goien egiten saiatzen dira. Hegalekoek zein aurrelariek hasten dute armiarma sare edo harresiaren lehen lerroa. Oso adierazgarria da ere euskarri lanetan aritzen diren zelai erdiko jokalariek gutxitan zapaltzen dutela aurkariaren area barrua.

Valentzian Unai Vencedor pare bat aldiz azaldu zen. Ez zuen errematerik egin. Lehenengoan ez zen iritsi eta gero lokartu egin zen jaurtiketa egiteko aukera zeukanean. Hala ere, azpimarratzekoa da. Errekaldekoa lehen taldearekin oso gutxitan ikusi ahal izan da erasoko jokoan. Beren eginkizun nagusia lekua ez galtzea da eta bigarren lerro hortan tarterik ez uztea aurkariak eroso ez mugitzeko.

Ziur asko hortik dator Athleticek golak egiteko duen arazoetako bat. Jokalari gutxi iristen dira errematera. Marcelinoren joko ereduak defentsan lan handia egitera behartzen ditu eta agian freskotasuna falta zaie. Ezin daiteke ukatu korrika asko egiten dutela zuri-gorriek.

Beste gauza bat da, baloia mugitzearena. Athleticek nahiago izaten du jokaldiak eraiki edo sortzea baino, ahalik eta goien lapurtzea eta azkar amaitzea. Adierazgarria da, hegaletik egindako aldeko hainbat saketan zuzenean ostikada batekin urrun botatzen dutela baloia.

Egia da, Aduriz joan zenetik, taldeak ez duela ordezko golegirik aurkitu. Raul Garcia ezin izan da iritsi bere gol kopuruetara, ezta Williams ere edo Berenguer. Erdiko aurrelariaren faltaz gain, taldeak erasoko jokoan dituen gabeziek ez dute laguntzen. Muniainek jarraitzen du izaten da ardatz nagusia. Denboraldi honetan egindako sei goletatik lautan berea izan baita azken pasea. Baina ez dabil guztiz fin eta taldekide gehiagoren laguntza behar du.

Sancet eta Balenziaga Alavesen aurka?

Denboraldi hasierako lehen hiru partidetan Oihan Sancet izan zen albisterik pozgarriena. Nafarra bigarren aurrelari postura egokitzen joan da eta maila bikaina erakutsi zuen, batez ere Bartzelonaren kontra eta Celtaren aurka. Berea izan zen Williamsen golean bukatu zuen azken pasea.

Vigon kolpe bat jaso zuen belaunean eta geroztik jokatu ezinik egon da. Igandean hasi zen taldekideekin batera entrenatzen eta gaur ere Lezaman izan da. Athleticek ostiral gauean jokatuko du Alavesen kontrako derbia eta ikusiko da jokatzeko moduan dagoen. Marcelinok aurreko astean esandakoaren arabera, ez dirudi horrela izango denik. Kontuan izan behar da Athleticek hiru asteko geldialdia izango duela derbiaren ostean, Real Madrilen kontrako norgehiagoka atzeratu egin baita.

Balenziaga errekuperatuko den da beste zalantza. Ezker hegaleko atzelariak kolpe bat jaso zuen Valentzian eta zelaia utzi behar izan zuen. Gaur ez da taldekideekin batera entrenatu.

Bestalde, Yeray gainontzekoekin batera ari da lanean. Hal ere, Marcelinok azaldu zuen aurredenboraldi bat egin beharra daukala.

Lesionaturik jarraitzen duena Villalibre da eta ez da Alavesen kontrako partida jokatzeko egongo. Gernikako aurrelariaren hutsunea betetzeko Artola igo zuen entrenatzera joan den astean Marcelinok, baina azkenean ez zen Valentziara joan. Nico Serranok jokatu zuen bigarren zatian bigarren aurrelari bezala. Beste aukera bat Ewan Urain deitzea izan daiteke. Erdiko aurrelari durangarrak bi gol egin zituen azken jardunaldian UD Logroñes taldearen kontra lortutako garaipenean (3-1).