INFO

‘La Bestia’-ren zigorra

Edozein gizon handiren atzean beti emakume handi bat dago. Horrela esaten da, askotan. Matteo Salviniren kasuan, aldiz, ‘La Bestia’ dago. Edo zegoen, auskalo. Italiako Lega Nord alderdiko idazkariak bere pertsonaia eraikitzeko tresna hori erabili behar zuen. Baina zer da, edo nor da, ‘Piztia’?

Luca Morisi, Matteo Salviniren ‘Piztia’. (@lumorisi)

Mailua

Lehenik eta behin, azalpen bat: Matteo Salvini, pertsona, ez da existitzen. Ikusten dena irudi bat da: arrazista, populista, nolabait gordina, beti norbaiten edo zerbaiten aurka: migratzaileak edota ezkertiarrak, hegoaldekoak edota drogazaleak. Aldi berean, ‘Il Capitano’-k (Kapitainak) poliziak edonoiz defenditzen ditu, Italiako jakiak jaten ditu, katuak besarkatzen ditu eta oro har irudi paternalista ematen du, filtrorik gabe.

Batez ere sare sozialetan eta telebistan. Ia dena, noski, faltsua da. «Migratzaileek italiarrei lanpostuak lapurtzen dizkiete» esaldia, itsasontzi baten argazkiarekin lagunduta, «eraso sexista bat egin du beltz batek: hori nahi dute komunistek», «eskandalu handia ezkerreko alderdian, lotsa!»... horrelako adibide mordo bat daude.

Horixe da ‘La Bestia’: mailu baten antzekoa, egunero hamaika mezu arrazista edo diskriminatzaile botatzen dituena. Horri esker, Lega Nord-ek gero eta boto gehiago jaso ditu azken urteetan. Jendeak ez du ikerketarik egin nahi, ez du kontrolatu nahi, Salviniren menua onartzen du eta ‘Kapitaina’ Gobernuan dago. 

Luca Morisi da ‘La Bestia’ren sortzailea, Lega Nord-eko idazkariaren spin doctor edo aholkularia, komunikazio arduraduna. Mantuakoa da Morisi, publikoan ez da asko agertzen baina atzetik dena maneiatzen du. Salvini telebistako programa batean ezagutu zuen, 2012an, eta han proposatu zion bere spin doctor gisa lan egitea, Morisik kontatu zuenez. «Filosofo informatikoa naiz»; horrela aurkezten du bere burua Morisik. «Programa hartan, platoan zegoela, Salvinik aldi berean iPad-a erabiltzen zuen, sare sozialak eguneratzeko. A zer nolako trebetasuna», pentsatu zuen ‘La Bestia’ren arduradunak. 

Contrapasso

2021a Italian Danteren Urtea da. Dante Alighieri duela 700 urte hil zen eta gure idazlerik famatuena da, zalantzarik gabe, gure hizkuntza asmatu zuelako. ‘Divina Commedia’ (‘Jainkotiar Komedia’) bere maisulanean, Infernuan oso hitz «dantesko» bat agertzen da: contrappasso. Zer esan nahi du? Bekatariek sufritzen duten zigorra. Izan daiteke egin duten bekatuaren antzekoa edo guztiz kontrakoa.

Eta zein izango litzateke ‘La Bestia’ren contrappasso-a Danteren Urtean? Salviniren momenturik «ikonikoenetako» bat 2020ko hasieran izan zen. Boloniako auzo batera joan zen, droga-saltzaileen bila. Han etxe batzuetako txirrinak jo zituen, galdezka: «Barkatu, zuk droga saltzen duzu?». Lotsagabea bai, baina komunikazioari dagokionez are baldarragoa. Benetan, zerk bultzatu zaitu hori egitera? ‘La Bestia’k, noski.

Joan zen igandean, Poliziak Luca Morisi atxilotu zuen, droga saltzen zuelako. Kokaina, gainera. Kolpe latza izan da Kapitainarentzat, bi aste barru udal hauteskundeak izango baitira. «Bere alboan egongo naiz beti, nire laguntza emango diot», adierazi zuen Salvinik, totelka. Morisik, bere aldetik, «oker» jokatu duela azaldu zuen.

Bitxia da, halaber, ‘Jainkotiar Komedia’-n Danteren bidaidea, Infernuan eta Purgatorioan, Mantuako poeta dela: Virgilio handia. Mantuakoa, Morisi bezala. Infernuko 17. kapituluan piztia bat agertzen da, Virgiliok berak aurkeztuta. Gerione da, kasualitatez iruzurra irudikatzen duen pertsonaia. «Ecco la fiera con la coda aguzza», «handik dator isats zorrotza duen animalia».

Benetako pelikula bat da. ‘The Blues Brothers’-en moduan, gogoratzen duzue? Illinoiseko bi naziak hiltzen ari direla, auto istripuan, zerutik erortzen ari direnean batek besteari esaten dio: «Maite zaitut». Homosexualitatea aitortzen du, nahiz eta naziak homosexualitatearen aurkakoak izan.

Baina hori film bat zen. Egia esan, politikak gero eta antz handiagoa du zinemarekin: pertsonaiak, aktoreak, jarraitu beharreko gidoiak... Ea datozen eszenetan nolakoa den Matteo Salviniren antzezpena, ‘La Bestia’ gabe. Kapitainak orain itsasontziaren garbitzailea dirudi.