Behin-behineko terraza batzuk betirako mantendu daitezkeela bota du Enrique Mayak
Pandemiari aurre egiteko Iruñean jarri diren behin-behineko terrazetako batzuk jartzeko baimenak luzatu daitezkeela bota du Enrique Maya alkateak. Hitz hauek harridura sortu dute ostiraletik aurrera tabernen barruan egoteko aukera egongo delako eta baimenak behin-benekoak zirelako.
Maria Chivite lehendakariak ostiraletik aurrera ostalaritzan pandemiari aurre egiteko ezarri diren neurriak bertan behera geldituko direla iragarri ondoren, erreakzio ugari izan dira. Gehienek poza azaldu dute, nahiz eta oraindik ere zuhurtasunez jokatu behar dela nabarmendu den. Hauen artean, berriz, harridura eragin dute Enrique Maya Iruñeko alkateak esandako hitzek.
Izan ere, tabernetan jarri diren behin-behineko terrazetarako baimenak «etengabe» luzatzea ezin dela baztertu adierazi du Iruñeko alkateak. Hori bai, Mayaren arabera soilik terraza batzuk izango dira luzapenerako «eskubidea» izango dutenak. Zezen plazan jarri dena luzatu daitezkeen terrazen adibide gisa aipatu zuen Mayak, «auzotarrei kalteak eragiten ez dielako eta leku interesgarria» delako, alkatearen ustez. «Toki interesgarria dirudi», gaineratu du.
Dena den, Maya berak esandakoaren arabera orokorrean behin-beineko terraza hauetako gehienak kendu egin beharko lirateke eta pandemia aurreko garaietan zegoen egoerara bueltatu.
Mayaren hitzek kezka eragin dute Alde Zaharreko eta beste auzoetako herritarren artean, gogoko dituzten terrazak ezartzeko baimena luzatu daitekeelako. Gogoratu behar da terraza hauetarako baimenak taberna eta jatetxeen barnean egoteko debekuari aurre egiteko eman zirela, sektorearen kalte ekonomikoa murrizteko helburuarekin. Dena den, auzotarrek plazan erabiltzen duten espazioa murrizten zelako kritikak ere izan ziren.