INFO

EH Bai: «Tokiko Etxebizitza Planak erakusten duen anbizio eskasak arrangura sortzen digu»

Heldu den larunbatean Tokiko Etxebizitza Planari buruzko behin betiko bozketa iraganen da. Euskal Elkargoak sustaturiko lehenengo plan horren garapenean izan den «anbizio eta baliabideen eskasia» direla-eta «arrangura» agertu du Euskal Herria Baik. Egitasmoa ezin dela babestu ondorioztatu du.

Gazteek ezin dutela etxebizitza bat lortu salatzeko Senperen iragan ekainean eginiko protesta ekimena. (Patxi BELTZAIZ)

Tokiko Etxebizitza Planari (TEP) bere behin behineko onespena eman zion Euskal Elkargiaren herriarteko kontseiluak iragan apirilaren 10ean. Heldu den larunbatean, ordea, egitasmoari buruzko behin betiko bozketa aurreikusita du Ipar Euskal Herriko erakundeak.

Bozketa horren aitzin bere iritzia jakitera eman du Euskal Herria Baik. Dagoeneko lehenengo eztabaidaren garaian bere arrangura azalaratu zuten hautetsi abertzaleek.

Prentsa-ohar batean etxebizitzaren arazoa eztabaidaren erdigunean kokatu dela geroztik nabarmendu du EH Baik besteak beste alderdi, sindikatu eta gizarte eragilen sostenguz heldu den azaroaren 20an mobilizazioa iraganen dela Baionan oroitaraziz.

Mugimendu politikoak mahaigaineratu duenez «botere publikoek erronken mailan kokatu behar dira, arazoaren larritasuna ulertu behar dute eta konponbide zehatzak eta berehalakoak eman behar dituzte».

Alta, TEP egitasmoa gauzatzeko orduan izan den «anbizio eta baliabideen eskasia» deitoratu du EH Baik. «Ondoko urteei begira, erakitze kopuru altua mantenduz, Etxebizitza Planak baieztatzen du azken urteetan bizi izan dugun egoera bat», ondorioztatu du EH Baik.

Bere ustez, egitasmoak, egun idatzita dagoen bezala, ez dio erantzun egokirik ematen Ipar Euskal Herrian bizi den etxebizitzaren krisi larriari. Hori dela-eta plana ezin dela babestu oharrarazi du.

Horrendako «datorren larunbatean, hautetsiek bederen abstenitu egin beharko liratezke edo delibero horren aurka bozkatu» adierazi du EH Baik.

Egitasmoari buruzko hainbat xehetasun 

Oroitzearren 2021-2026 artean garatuko den Tokiko Etxebizitza Planak 2.646 etxebizitza berri eraikitzea urtero aurreikusten du. Horietatik 1.200 etxebizitza sozialak lirateke.

Planaren arabera, Euskal Elkargoak 17,5 milio inbertituko ditu ondoko urtetan kosta eta barnealdearen arteko desoreka apaltzeko helburua duen plana garatzeko. Hala kostako eremuan %19 bizitoki gutxiago eraikiko dira eta Ipar Euskal Herriko barnealdean, berriz, %70 emendatuko da etxebizitzen eskaintza, beti ere TEPk jasotzen dituen aurreikuspenen arabera.

Plan horren bidez eraikiko diren etxebizitzen bi heren alokairuan ezarriko dira eta heren bat etxebizitza erosteko dispositibo sozial berritzaile baten bidez -elkartasunezko bail edo kontratua- salduko dira.

Lehenengo bozketa horren aitzin eztabaida mamitsua izan zen erakundearen baitan. Egitasmoa gehiengo zabalaz onartua izan bazen ere, ez zen ahobatez hartua izan bertze hainbat egitasmoekin gertatu bezala. Hala 159 aldeko boz jaso zuen planak, 5  kontra, eta 42 abstenzio; 7 hautetsik ez zuten boto eman.

«Biztanlegoaren %70ak etxebizitza soziala eskuratzeko irizpideak betetzen dituen lurralde batean» etxebizitza sozialen eskaintza %60ra pasatzeko beharra defendatu zuen eztabaida horren harira EH Baik.

Bestalde, «etxebizitza eskubidea denentzat» lelopean kanpainia garatzeko asmoa iragarri zuen, heldu den azaroaren 20rako manifestazio bat iragarriz.

Jakin behar da pandemiaren garaian etxebizitzen sal-erosketak, baita prezioak ere, azkarki emendatu dira Ipar Euskal Herrian. Horrek etxebizitza eskubideari buruzko eztabaida piztu du.