INFO

Euskaraz eskolatutako haurren gurasoei zuzendutako ERA eskolaren bigarren edizioa antolatu dute

Euskarabideak eta Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek ERA eskolaren II. Edizioa antolatu dute. Euskaraz eskolatutako haurren gurasoei prestakuntza eta baliabideak eskaintzen dizkien online eskola da.

Hiru saio antolatu dituzte ERA eskolaren bigarren edizioaren baitan. (ERANAFARROA.EUS)

ERA eskolaren bigarren edizio honetan, online saioen bidez Paula Kasares, Yolanda Olasagarre eta Intza Alkain adituek honako gai hauek jorratuko dituzte: familian euskara sendotzeko arrazoiak eta bideak, familiaren eta eskolaren arteko sinergiak eta haurrak irakurzaletzeko moduak.

Iaz bezala, aurten ere ERA eskola antolatu dute familiak beren haurren euskara ikasteko prozesuan duten egitekoaz sentsibilizatzeko eta gurasoei horretarako laguntza baliabideak emateko.

ERAk eskaintzen duen prestakuntza programak era.eus atarian dagoen informazioa osatzen du. Webgune hori Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek sortu dute Euskarabidearen laguntzaz.

ERA eskola ekimenaren antolatzaile Euskarabidea eta ondoko toki entitateetako euskara zerbitzuak dira: Agoitz, Antsoain, Aranguren Ibarra, Artzibar, Auritz, Barañain, Baztan, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Galar Zendea, Oltza Zendea, Erroibar, Esteribar, Etxauri, Lizarra, Uharte, Lizoainibar-Arriasgoiti, Luzaide, Orkoien, Iruña, Gares, Tafalla, Atarrabia, Zizur Nagusia; Bortzirietako, Irantzuko, Malerreka, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Sakanako eta Izarbeibarko mankomunitateak; eta Aezkoako, Erronkariko eta Zaraitzuko batzar nagusiak.

Hiru saio

ERA ekimenaren baitan hiru saio antolatu dituzte: urriaren 6an, Paula Kasaresena; urriaren 13an, Yolanda Olasagarrerena eta 20an, Intza Alkainena, denak arratsaldeko 17.00etan hasita. Saioak aipatu webgunean eta YouTube kanalean emitituko dira.

ERA eskolaren bigarren edizioaren egitaraua.

Hizlari bakoitzak hiru azpigai landuko ditu, 10 minutuko lanketa bana eginez, saioa osatzeko. 

Saio guztiak Youtubeko kanaleko bi playlist-etan sartuko dira, bata euskarazko mintzaldiekin, bestea gaztelaniazkoekin.

Ikusleek kontsultarik egin nahiko balute, YouTubeko kanaleko mintzaldien bideoetan iruzkinak egin ditzakete eta saioaren hurrengo egunetan erantzunen da, iruzkinean bertan.