INFO

Osakidetzan EBtik kanpoko langileen betoa ezabatzeko EH Bilduren ideia baztertu du Parlamentuak

ESK-k abuztuan jakinarazi zuenez, Osakidetzan langile batzuk kaleratu zituzten Europar Batasunekoak ez izateagatik. EH Bilduren ekimenez, salaketa hori Gasteizko Legebiltzarrera iritsi da. Koalizioaren proposamena ez da aurrera atera. EAJk eta PSEk, gehiengoa baliatuz, beste testu bat onartu dute.

Gasteizko Parlamentuak ez du EH Bilduren legez besteko proposamena onartu. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrera eraman du EH Bilduk joan den abuztuan ESK-k egin zuen salaketa. Sindikatuak jakinarazi zuenez, ESI batzuetan, «Osakidetzaren ustezko instrukzio baten arabera», behin-behineko langileei esan zieten «ezingo zutela EAEko Osasun Zerbitzu Publikoan zerbitzua ematen segitu. «Europako nazionalitatea ez izatea» erabili zuten horretarako argudiotzat. 

Egoera konpontzeko beharrezko bitartekoak jartzeko eskatu zuen orduan ESK-k, besteak beste pertsona hauek lan poltsetan sartuz.

Eskaera horri helduz, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du ostegun honetan Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Koalizio abertzaleak Lakuari eskatu dio «ahalik eta azkarren» lege proiektu bat onartu eta Legebiltzarrari aurkezteko, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen 57. artikulua garatuz, Osakidetzan bere jatorriagatik inori lanik ez ukatzeko.

Gainera, pandemian Osakidetzan aritu diren langile guztiak lan poltsetan mantentzeko eskatu dio Gobernuari, Europar Batasunetik kanpoko pertsonak barne. Eta gainerako sail eta antolakundeeetako kontratazio irizpideak aztertzeko, «jatorriagatik gerta daitezkeen diskriminazioak zuzentzeko».

EAJ eta PSE, Lan Publikoaren Legearen bidetik

Planteamendua ez da aurrera atera. Horren ordez, beren gehiengoa baliatuz, EAJ eta PSEk beste testu bat onartu dute. Bertan, egoera gaur egun legebiltzarrean lantzen ari diren Lan Publikoaren Legearen bidez konpontzearen alde egiten dute. Eta interes orokorraren izenean funtzionario izateko nazionalitatearen eskaria kentzea arautzea proposatzen dute.

Testu honen bidez, Parlamentuak Lakuako Gobernuari eskatuko dio behin Legebiltzarrean lege proiektua onartu eta gero «beharrezko ekintzak egitea» legebiltzarkideek erabakitako araudia aplikatzeko, zehazki langileak kontratatzean nazionalitatearen irizpidea kentzeko aukera.

EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU (koalizio subiranistaren proposamena babestu duena) eta PP eta Cs-ek abstentzioaren alde egin dute. Voxek, berriz, aurka bozkatu du.

«Pertsonak erabiltzea da hori»

Rebeka Ubera koalizio abertzaleko legebiltzarkideak adierazi duenez, ESKren salaketa ezagutzean, Migrazio arduradunarekin harremanetan jartzearekin batera, euren eskuetan zegoena egiteari ekin ziotela agertu du, «XXI. mendean ez duelako zentzurik jatorriagatik lan publikoan sarrera ukatzeak, gainerako baldintzak betetzen badira».

Nabarmendu duenez, «bazterkeria» da interes propioen arabera jokatzea eta komeni denean legea ez betetzea –izurritearen unerik txarrenetan Europar Batasunetik kanpoko langileak kontratatu zirenean egin zen bezala– eta behin interes propioak amaitzean –pandemia lasaitu denean– pertsona horiek alboratzea. «Pertsonak erabiltzea da hori».

«Migrazio itunarekin talka»

Uberak azpimarratu duenez, Urkulluk berak sinatutako Migrazio itunarekin talka egiten du gertatu denak. «Hau ez da eztabaida juridikoa, baizik eta gizalegezkoa, justiziazkoa. Pandemian ez da egon arazo juridikorik. Gero, bat-batean esan zaie ezin dela kontratua egin beraien jatorriagatik. Normala da erabiliak sentitzea. Ez da demagogia. Itun baten sinatzaileak bagara hitzez harago betetzen saiatu beharko genuke».

Diskriminazio ororen aurrean konponbideak bilatzen saiatuko direla baieztatu du, orain egin duten bezala, ahalik eta azkarren, itunean jasotzen denez, ez dutelako onartuko «besteei guri egitea nahi ez duguna egitea».

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren arabera, Enplegu Publikoaren legea oso konplexua da eta urteak eraman ditzake tramitazioak. «Eta bitartean zer? Zein soluzio emango dugu?», galdetu du Rebeka Uberak.

«Bilatzen duguna da herritar hauei konponbide bat ematea epe motzean, begirada luzearekin, pandemia guztian bezala lanean jarrai dezaten. Ez dugu ahaztu behar profesional gabezia badugula».