INFO

Egoitzetako arazoak konpontzeko neurriak eskatu dizkio EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari

Gipuzkoako egoitzen egoerari buruz izandako salaketen inguruan, eredu duin bat lortzeko neurriak ezartzeko eskatu dio EH Bilduren batzarkide Esti Elduaienek Gipuzkoako Aldundiari. Arazoa agerian utzi dutenen sinesgarritasuna kentzen saiatu dela ere salatu du.

Estitxu Elduaien Gipuzkoako EH Bilduren batzarkidea. (EH BILDU)

Nazioarteko Adineko Pertsonen Eguna dela eta Donostian egindako manifestazioa hasi baino lehen Gipuzkoako EH Bilduko batzarkide Esti Elduaienek zaintza eredua aldatu behar dela nabarmendu du, zaintza duinago bat lortzeko helburuarekin.

Intxaurrondoko Txara I egoitzan eta Gipuzkoako beste batzuetan egoiliarrak behar bezala tratatu ez dituztela egindako salaketen harira, «zaintza ez duina eta irregulartasunak salatu dituzten momentu honetan, Foru Aldundiari berriz bere ardura hartu dezan eskatzeko unea da», nabarmendu du Elduainek.

«Salaketa desberdinak ikusi ditugu. Ikuskaritza ofizial baten txosten bat ere bai. Langileen testigantzak ere hor izan ditugu. Hauei kasu egin beharrean sinesgarritasuna kentzera dedikatu da Foru Aldundia. Uste dugu hori ez dela bidea. Egoitzetako arduradun zuena izanda, Foru Aldundiak egin behar duena zera da: salaketa horiek ikertu, ikuskaritzak sendotu eta irregulartasunak agertzen diren momentuan baliabideak eta beharrezkoak diren neurriak hartu horrelakoak gehiago gertatu ez daitezen», adierazi du EH Bilduren batzarkideak. 

Gauzak horrela, egungo egoeran ezarri beharrezko neurriak plantillak handitzea eta egoiliarrak atenditzeko ratioak hobetzea direla aipatu du Elduaienek. «Hori guztia elkarlanean egin beharko luke, langileekin, sindikatuekin, senideekin hitz eginda, eta gainerako langileekin. Hain juxtu, zaintza duintzeko denon artean beharrak ondo detektatu eta horiei erantzuteko behar adina baliabideak jartzeko», erantsi du.

Arlo honetako langileak txalotzeaz gain, atzeman diren arazoak konpondu behar direla nabarmendu du Elduaienek.