INFO

350 kilometro ibilita, Berriozarren bukatu da Sarek Nafarroan antolatutako martxa

350 kilometro egin ostean, Sarek euskal presoak etxera itzultzeko prozesua aldarrikatzeko antolatutako martxa Iruñera iritsi da. Handik manifestazioan abiatu eta Berriozarren ekitaldi jendetsu batekin amaitu da ekimena.

Iruñetik Berriozarrera manifestazioan joan dira Sareren martxari bukaera emateko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nafarroako Sarek euskal presoak etxera itzultzeko prozesua aldarrikatzeko antolatutako martxa ibiltaria gaur arratsaldean amaitu da Berriozarren, ekitaldi jendetsu batekin, 350 kilometro egin ostean eta herrialdeko bazter guztiak zeharkatu ondoren.

Mattin Sarasolaren eta Ibon Fernandez Iradiren senideek eman zioten hasiera martxari asteazkenean Lesakan. Bost kilometroko txandak eginez, Bortziriak, Malerreka, Basaburua-Imotz, Sakana eta Lizarraldetik ibili zen ekimena ostegunera arte. Martxak geldialdi txiki bat egin zuen Arbizun. Hor ekitaldi txiki bat izan zen Fran Balda Sarekidearen (eta beste hainbat borroketan eragile) omenez. Ezker abertzaleko militante ezaguna martxoan hil zen, auto batek harrapatuta.

Erribera, Tafallaldea, Izagaondoa, Agoitz, Artzibar, Aezkoa, Erroibar eta Esteribar zeharkatu ondoren, Iruñean bukatu da martxa ibiltaria. Manifestazio batekin borobildu dute ekimena, Iruñeko Cuatro Vientosetik abiatu eta Berriozarrera helduta. Bertan ekitaldia izan da.

«Etxerako bidean baikaude, eta ez da gutxi, nahiz eta ez izan nahikoa. Urte luzeetako murru itxietan arrakalak sortzen hasiak dira. Eguzki izpien goxoa eta ipar haizearen freskura nabari dira zirrikituen beste aldetik. Murrizten hasiak dira distantziak eta banan-banan bestelako espetxe politika bati ateak zabaltzen hasi garela ere esan genezake. Ez da gutxi... Baina ez da nahikoa. Badakigu. Bidearen hasiera baino ez da», esan dute Mikel Mundiñano eta Jone Galartza Sareko kideek martxa ibiltariko parte-hartzaileei eskerrak emanez.

Oraindik ere preso nafarrak haien etxetik urrunduta daudela eta orain dauden espetxe horietan egotea «ez dela legeak berak jasotzen duena» gogoratu dute Sareko ordezkariek.

«Garai historikoa»

«Iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko garai historikoa» iritsi dela nabarmendu dute: «Jakitun gaude desafio historiko baten aurrean gaudela, eta horrek gu guztioi eskatzen digu eskuzabaltasun handiz eta asmo are handiagoz jokatzea». Ildo beretik, bide berri bat zabaltzeko aukera dutela azpimarratu dute.

Lesaka eta Berriozar arteko ibilaldia etorkizunerako mugarri bat izango dela ziurtatu dute eta jendea etxerako bidean urratsak ematen jarraitzera animatu dute, «urratsez urrats, bakerako bidean, konplizitateak ehuntzea da, adostasunak eraikitzea, hitz egitea, entzutea, eztabaidatzea, erabakitzea... denon artean eta denontzat. Lortuko dugu».

Presoak etxeratzeko dinamika ez da hemen amaituko. Lekukoa Arabak hartuko du hurrengo astean, antzeko martxa batekin, hilaren 7tik, ostegunetik aurrera hain zuzen ere. Eta Donostian manifestazioa deitu du Sarek urriaren 23an, larunbatean.