INFO

Ekimen bateratuak, jaien arteko harremana sendotzeko

Pandemiaren eraginez egin ezin izan ziren ikastolen jaien hutsune mingotsa goxatu nahian, Ikastolak Herriari ekitaldia antolatu zen iazko azaroan Donostiako Kursaal jauregian. Jarduera hartatik abiatuta, urtean zehar garatu duten izen bereko jarduera programa bat osatu dute ikastolek, auzolanean.

21 ikastolatako ikasleen parte hartzea izan du Liburu Ibiltariak. (KILOMETROAK)

Ikastolen jaien helburuetako bat euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak zabaltzea da, baita euskaraz ondo pasatzeko eta sortzeko aukerak ematea ere, bereziki, gazteei. Asmo horietan oinarritutako ekimen zerrenda izan da zazpi herrialdeetako bost jaiek euren arteko harremana sendotzeko egin duten lehen ahalegina.

Urte hasieran, Eskolatik Plazara bertso saioak aurrera eraman zituzten Altzo, Iruñea eta Gernika-Lumon, Bertsozale Elkartearekin lankidetzan. 2020an egiterik izan ez zen Euskal Herriko Eskolarteko finalerako izendatuta zeuden bertsolari gazteak goi mailako beste birekin aritu ziren oholtzan. Jarraian, Liburu Ibiltaria abiarazi zuten. Ibilaldia antolatu duten Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek idatzi zituzten lehen lerroak, liburuak Euskal Herrian barna bidaia hasi aurretik. 21 ikastolatako DBH3ko ikasleek parte hartuko dute parte ekimenean, tartean, aurtengo jaiak antolatzen dituztenetakoak. Lizarran amaituko dute denen artean osatutako kontakizuna eta Nafarroa OineZen aurkeztuko dute. Parte hartu duten ikastolek ale bana jasoko dute, oroigarri.

Halaber, komiki lehiaketa bat ere antolatu dute. Amaiurko gazteluaren setioaren inguruko kontakizuna zuten gai eta 39 lan aurkeztu dituzte. Laudioko Ikastolako Jugatx Jiashang Larrakoetxea Gorostidi izan da irabazlea. Margoekin jarraituz, horma irudi bat ere marraztu dute jai bakoitzeko antolatzaileek Eider Eibar ilustratzailearen laguntzaz. Ikastola bakoitzak arlo bat hautatu du diseinurako: dantza, musika, bertsolaritza, kultura eta ohituren transmisioa, elkarlana eta Saharako herria. Guztiek elkartuta diseinu bakarra osatzen dute.

Ikasleez harago, langileei, familiei eta herriari topagunea eskaini nahi izan diote Euskal Joko eta Kirolak ekimen bateratuarekin. Herri jolasetako ohiko probak egin dituzte –txingak, giza proba, herri jasotzea, trontza...– eta, Kilometroak-eko saioaren ondoren, Lizarran egingo dute azken hitzordua.