INFO

David Avanesyan, jaun eta jabe Europa mailan

Josh Kelly, Del Rio edo Lejarragaren kontrako bigarren borrokan egin zuen bezala, Davyd Avanesyanek nagusitasun osoz gainditu du Liam Taylor ingelesa Londresen eta Munduko txapelketa batengatik lehiatzeko prest dagoela erakutsi du armeniar jatorriko boxeolari errusiarrak.

David Avanesyan Europako txapelduna da Lejarraga garaitu zuenetik. (Aritz LOIOLA / FOKU)

David Avanesyanek ez dauka Europan aurre egin diezaiokeen aurkaririk. Larunbat gauean Londresen ospatu den borrokaldian erraz gainditu du Liam Taylor ingelesa. Bigarren «round»-ean gelditu behar izan du epaileak borroka, Avanesyanek emandako kolpeek noraezean utzi baitute aurkaria.

2019ko martxoan Kerman Lejarraga gainditu zuenetik eta welter pisuko gerrikoa eskuratu, lau borrokaldi egin ditu titulua defendatzeko eta nagusitasun osoz gailendu da guztietan.

Hilabete batzuen ostean, Morgako boxeolariaren kontrako errebantxa egin zuen Bilbon. Lehen «round»-ean bi aldiz bota zuen lurrera Lejarraga eta epaileek garaipena eman zioten. Bigarren porrotaren ostean, Kermanek super welter pisura igotzeko erabakia hartu zuen eta Europako txapelduna da joan den irailaren 11tik.

Jose Del Rioren aurka neurtu zen ondoren Bartzelonan, 2019ko abenduan, eta bi minututan amaitu zuen borrokaldia.

2021ko otsailean egin zuen hirugarren defentsa Josh Kellyren kontra. Pixkat gehiago iraun zuen zutik ingelesak, baina seigarren round-ean KO tekniko batekin gailendu zen errusiarra. Azkena, Taylorren kontrako garaipena izan da. Avanesyan beste maila batera jauzi egiteko prest dagoela erakutsi du.

Armeniar jatorriko boxeolari errusiarra AEBetan izan zen 2015ean mundu mailako gerrikoetako bat lortu ostean. Shane Mosley mendean hartu zuen lehen borrokaldian, baina galdu egin zuen Lamont Petersonen kontra 2017an welter pisuko titulua eta baita ere Kavaliauskas lituaniarraren kontra 2018an. 

Porrot horren ondoren iritsi zitzaion Lejarragaren aurkako borroka. 33 urte ditu Avanesyanek eta badirudi laster jasoko duela Munduko txapelketaren batengatik borrokatzeko beste aukera bat, Europa mailan ez daukala aurkaririk argi erakutsi baitu.