INFO

Tarifa elektrikoaren aurkako manifestazioa egingo dute ostegun honetan Bilbon

Ekologistak Martxan taldeak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak argiaren tarifaren aurkako manifestazioa deitu dute. Ostegun honetan abiatuko da Iberdrola dorretik, 19:00etan, eta Bilboko kaleak zeharkatuko ditu.

Ekologistak Martxan taldeak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak Iberdola dorrearen aurrean egin duten prentsaurrekoa. (Oskar MATXIN/FOKU)

Astelehen honetan egindako prentsaurrekoan, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta Ekologistak Martxanek dei egin diete «erakunde ekologistei, sindikalei, feministei, gazteei, pentsiodunei eta gizarte erakundeei» ostegun honetan Iberdrola dorretik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera. 

Irailaren 16an egindako kontzentrazioan adierazi zuten bezala, elektrizitatearen prezioak «gure gizarte osoa» zeharkatzen duela salatu dute Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta Ekologistak Martxanek.

«Baina ez digute neurri berean eragiten pertsona guztiei. Emakumeek neurri handiagoan pairatzen dute pobrezia energetikoa. Adingabeak ardurapean dituzten emakumeak, haurrak eta nerabeak. Mendekotasuna duten pertsonak. Etxe batek faktura energetikoak ordaindu ezin dituenean, pilatu egiten dira», azaldu dute.

Horrela, «bizitza duin bat garatzeko zailtasuna» areagotuz doa. «Ezinezkoa bihurtzen da zorpetzearen eta prekarietatearen gurpiletik irtetea. Faktura energetikoa, elektrizitatearena bereziki, egiturazko pobreziaren oinarrietako bat da», gehitu dute.

Hori dela eta, argiaren eta beste energia iturri batzuen (butanoa, gasa...) igoera geldiezinak erakunde ekologistei, auzo elakarteak eta mugimendu sozialak «indarrak batzera behartzen gaitu, Gobernuari eta oligopolio elektrikoaren konpainiei gehiegikeria horren aurkako neurri eraginkor eta errealak eskatzeko», adierazi dute.

Gobernu espainolak hartutako neurriak egun nahikoak ez direla kritikatu dute, argiaren prezioek «marka historikoak ezartzen» jarraitzen baitute.

Euren ustez, «beharrezkoa da igoera hori gelditzea eta, horretarako, Estatuko Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak benetako neurri eraginkorrak hartu behar dituzte oligopolio elektrikoaren aurka».

Premiazko neurriak

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren eta Ekologistak Martxanenen arabera, beharrezkoa da «kostuen auditoria bat eta energiaren merkatuaren osoko erreforma bat egitea, teknologia bakoitzari bere kostu errealengatik ordainduko diona, ez enkante bidez, non teknologia guztiei eskainitako gehiengia aplikatzen zaien».

Gainera, azaldu dutenez, Gobernu espainolak, «Red Eléctrica de España sistemaren operadorearen bidez, parte-hartze publiko handiagoa izan beharko luke, horniduraren segurtasunari eusteko funtsezko zerbitzua delako, eta lehentasuna eman beharko dio elektrizitatearen prezioa murrizteari». Horregatik, sistema elektrikoa «lehenbailehen publifikatzeko» eskatu dute.

Bestalde, premiazkoa da taldeentzat pobrezia energetikoaren aurka babesteko neurri espezifikoak onartzea: «Ez-ordaintzeen aurrean zuhurtasun printzipioa aplikatzea, hau da, enpresa hornitzaileak mozketa baten aurretik etxeko egoera sozioekonomikoa kontsultatzera behartzea eta, egoera ahulean egonez gero, hornidura bermatzea, kontsumitzaile kalteberaren figura birdefinitzea, enpresek pobrezia energetikoaren kostuak beren gain hartzea eta tarifa sozial bat onartzea».

Horretarako, Lakuak «neurri irmoak» hartu beharko dituela ohartarazi dute. «Garrantzitsua da familientzako formakuntza eta laguntza kanpaina handiak egitea, kontratu energetikoak haien beharretara egokitzeko, energia kontsumoa murrizteko eta independentzia handitzeko», adierazi dute. 

Hori guztia exijitzeko, erakunde eta pertsona orori Iberdrola dorrearen aurrean egingo duten manifestazioan parte hartzera dei egin diete Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta Ekologistak Martxanek.